Tag Archive for: Hospital San Juan de Dios de Santurtzi

Jacinto Bátiz eta Julio Gómez doktoreek medikuntza aringarri goiztiarra, integrala eta pertsonarengan oinarritua aldarrikatu dute SEMPALen jardunaldietan

Jacinto Bátiz eta Julio Gómez doktoreek, zainketa aringarrien arloan Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko erreferenteek, egoiliarrentzat antolatutako ‘Medikuntza Aringarria: ezinbesteko ikuspegia’ IV. SEMPAL Jardunaldietan parte hartu zuten. Jardunaldiok Deustuko Unibertsitatean egin ziren maiatzaren 8an eta ehun bat barneko mediku egoiliarrek hartu zuten parte.

Medikuntza Aringarriaren Espainiako Elkarteak (SEMPAL) bultzatu zuen topaketa, Zainketa Aringarrien Espainiako Elkartearen (SECPAL) barruan, eta helburua izan zen etorkizuneko espezialisten prestakuntza indartzea funtsezko diziplina batean, osasun arreta gizatiarragoa, integralagoa eta proportzionalagoa eskaintzeko.

Inaugurazioan Jacinto Bátiz doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuko zuzendariak eta Pía Aguirreche Fundazioaren eta Francisco Vitoria Unibertsitatearen Zainketa Aringarrietako Katedrako zuzendarikideak, defendatu zuen zainketa aringarrietako prestakuntza funtsezkoa dela pertsonarengan oinarritutako medikuntza gauzatzeko.

Bátizek gogorarazi zuen medikuntzak ezin duela beti sendatu, baina beti zaindu dezakeela, eta azpimarratu zuen arreta aringarria ez dela soilik bizitzako azken uneetarako gorde behar. Zentzu horretan ikuspegi hori gaixotasunaren fase goiztiarretatik integratzearen garrantzia azpimarratu zuen, batez ere laguntza profesionala eskatzen duten behar fisiko, emozional, sozial edo espiritualak daudenean.

Bestalde, Julio Gómez doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko mediku koordinatzaileak eta Ospitaleko Arreta Psikosozialeko Taldeko (APST) zuzendariak, “la Caixa” Fundazioak sustatutakoa, jardunaldiko lehenengo hitzaldietako batean parte hartu zuen, gaixotasun aurreratuak edo konplexuak dituzten pertsonen premia aringarrien identifikazio goiztiarrari buruz hitz egiteko. Etiketak alde batera utzi eta fokua pertsona bakoitzaren benetako beharretan jartzearen garrantzia azpimarratu zuen Gomezek, begirada integralarekin eta profesionalen arteko lan koordinatuarekin.

Gómez doktoreak defendatu zuen arreta aringarria hasieratik sartu behar dela zenbait gaixotasun konplexutan, eta ELA bezalako patologiak jarri zituen adibide gisa. Horrelakoetan begirada aringarria presente egon daiteke eta egon beharra du diagnostikotik. Era berean, behar aringarriak dituzten pertsona asko garaiz identifikatu gabe jarraitzen dutela ohartarazi zuen, eta horregatik, erantzun egokia emateko baliabideak, planifikazioa eta talde prestatuak eskatu zituen.

Medikuntza Aringarriaren beste funtsezko alderdi batzuk ere jorratu ziren jardunaldietan, hala nola, komunikazio klinikoa, arretaren plangintza partekatua, sintomen kontrola, talde lana eta bizitzaren amaieran laguntzea.

Egoiliarrentzako IV. SEMPAL Jardunaldien jarraipena aurten Denian izango da, maiatzaren 29an, eta Toledon, irailaren 18an. Helburua da etorkizuneko espezialistei “begirada aringarria” gerturatzen jarraitzea eta pertsonarengan oinarritutako osasun arreta gizatiarragoa, integralagoa eta zentratuagoa lortzen laguntzea.

Bilboko topaketak Pía Aguirreche Fundazioaren, Deustuko Unibertsitatearen eta Arinduz-en bultzada izan du, bai eta Grünenthal, Adeslas, Asacpharma, Convatec eta beste kolaboratzaile batzuen babesa ere, SECPAL Fundazioaren bidez.

Informazio gehiago hemen.

 

https://www.secpal.org/wp-content/uploads/2026/05/jornada-mir-bibao-julio-gomez-768x512.jpg

Jacinto Bátiz doktoreak ‘Medicina Paliativa Juandediana’ liburua aurkeztu zuen Ospitalean

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Medicina Paliativa Juandediana liburuaren aurkezpena hartu zuen joan den maiatzaren 6an. Liburu hori Jacinto Bátiz doktoreak idatzi du, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuko zuzendariak. Santurtzin egindako aurkezpen honekin, San Joan Jainkoarenaren estiloaren araberakoa den zainketa aringarriaren funtsa jasotzen duen obra bat helarazi zien Ospitaleak bere profesionalei eta zentroari lotutako pertsonei: zientziatik, hurbiltasunetik, errukitik eta abegi onetik zaintzea.

Ekitaldia zentroko areto nagusian egin zen, eta irakurlea San Joan Jainkoarenaren Ospitale Ordenak zaintzeko duen erara gerturatzen duen argitalpenaren gakoak partekatu zituen egileak, batez ere behar aringarriak dituzten pertsonen arretaren esparruan. Obrak Ordenako profesional eta kolaboratzaileen bizipenak, testigantzak eta esperientziak jasotzen ditu, eta arreta aringarri juandediarra sostengatzen duen filosofiari buruz dihardu.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuak argitaratu du liburua, 334 orrialdekoa. Victor Martin Martinez Anaiaren irudiak eta Ramon Castejon Garcia Anaiaren maketazioa ditu. Argitalpena formatu digitalean dago eskuragarri, doan eta libreki deskargatu ahal izateko, Ospitaleko webguneko Argitalpenak atalean.

Medicina Paliativa Juandediana liburuan Bátiz doktoreak balioan jarri du San Joan Jainkoarenako anaiek eta haien laguntzaileek pertsona ahulenak artatzen urteetan egindako lana. Aurrerapen zientifiko eta teknologikoak etikarekin, humanizazioarekin, artatutako pertsonaren duintasunarekiko errespetuarekin eta akonpainamendu integralarekin konbinatzen dituen eredu asistentziala azpimarratzen du obrak.

Jacinto Bátiz doktoreak 1993an inauguratu zuen arreta aringarria Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitalean. Bi hamarkadaz zuzendu zuen unitate hori, erretiroa hartu zuen arte. Argitalpena 2024an hasi zen sortzen, Ospitalearen Mendeurrenarekin bat eginez, eta 2025ean amaitu zen, Itxaropenaren Ospitale Jubileuaren urtean, San Joan Jainkoarenaren heriotzaren 475. urteurrenean.

 

Ospitaleak etengabeko prestakuntza ematen die Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko boluntarioei

‘Bizitzaren amaiera eta bakardadea’ programaren helburua gaixotasun aurreratua duten pertsonen bakardadeak eragindako sufrimendua arintzea da, boluntarioei lagunduz.

Santurtziko San Juan de Dios Ospitalea bezalako entitateek osatutako boluntarioen bidez laguntza eskaintzen da. Programak arreta-sare komunitario bat sustatzen eta eraikitzen du, hainbat eragilek elkarri eragiteko. Komunitate-sare hori erakunde koordinatzaileek, erakunde zaintzaileek, boluntariotza-erakundeek eta komunitate-inguruneak osatzen dute.

Laguntza hori doakoa da, eta modu presentzialean edo telematikoan egiten da, behar den tokian, pertsonak hobeto lagunduta senti daitezen: etxean, egoitzan, dauden ospitalean eta abar, pertsona bakoitzaren premietara eta uneetara egokituz. Programak “la Caixa” Fundazioaren babesa du.

Testuinguru horretan, joan den apirilaren 20an, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko boluntarioei Ospitaleak emandako etengabeko prestakuntza-saio bat egin zen. Bertan, gai horren inguruko hainbat alderdi jorratu ziren, eta “la Caixa” Fundazioak sustatu eta finantzatutako Arreta Psikosozialeko Taldeko (EAPS) adituek parte hartu zuten. Horien artean, Julio Gómez doktorea egon zen, Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko koordinatzailea.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea, 2026ko Espainiako Optimist Txapelketako hornitzaile mediko ofiziala

2026ko Espainiako Optimist Txapelketako hornitzaile mediko ofiziala da Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea. Txapelketa hori Espainiako gazte-bela arinaren hitzordu garrantzitsuenetako bat da, eta Abra Itsas Kirol Errege Kluba-Sporting Errege Klubak (AIKEK-SEK) antolatzen du. Aurten, martxoaren 30etik apirilaren 4ra bitartean izango da, Abrako uretan. Nazioarteko belaren harrobi nagusietako bat da txapelketa nautiko hori.

Ospitaleak, AIKEK-SEK klubarekin duen lankidetza-hitzarmenaren kariaz, osasun-euskarria ematen du txapelketan. Horrela, laguntza medikoa bermatzen die parte-hartzaileei, eta areagotu egiten du hainbat autonomia-erkidegotako 150 marinel baino gehiago biltzen dituen ekitaldiaren segurtasuna.

Espainiako Optimist Txapelketan, 6 eta 15 urte bitarteko gazteak aritzen dira, munduko belaren eskola nagusitzat jotzen den aldaeran. AIKEK-SEK klubak hainbat federazio eta entitate laguntzaileren babesarekin antolatu duen txapelketak kirol nautikorako erreferentziazko agertoki gisa kokatu du beste behin ere Abra.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak, hornitzaile mediko ofizial gisa presente egonik, indartu egiten du lehen mailako kirol-ekitaldietan osasuna zaintzeko agente aktibo gisa duen zeregina, eta bela-egutegi nazionalean funtsezkoa den hitzordua behar bezala garatzen laguntzen du.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak beste kirol-klub batzuk ere babesten ditu, hala nola Itsasoko Ama Arraun Kluba (Sotera), Dinamo de San Juan Futbol Kluba,Emakumeen Zuazo Eskubaloi Kluba, Romo Eskubaloi Kluba eta Jolaseta Errege Kluba.

Osasunaren aldeko konpromisoa gazteen kirolaren arloan

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak hornitzaile mediko ofizial gisa duen parte-hartzeak kirolaren arloan osasuna sustatzeko duen konpromisoari erantzuten dio, eta AIKEK-SEKekin duen lankidetzan oinarritzen da, hain zuzen ere klubaren zentro mediko ofiziala baita haren jarduera-egutegian.

Akordio horren bidez, Ospitaleak bere esperientzia eta laguntza-baliabideak eskaintzen ditu kirol-lehiaketan. Eskakizun handiko ingurune horretan, osasun-arreta betea ematen die hala kirolariei nola ekitaldiaren antolatzaileei.

Bi entitateen arteko lankidetzak, estaldura medikoaz gain, barnean hartzen ditu osasun-prestakuntzarekin, sentsibilizazioarekin eta gizarte-erantzukizunarekin lotutako ekimenak ere. Sendoa da, beraz, Abraren ingurunean kirola eta osasun-laguntza lotzen dituen harreman instituzionala.

 

 

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak 2026ko Korrikan parte hartu du

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak 2026ko Korrikan parte hartu du ostegun honetan, eta udalerritik igaro denean bat egin du euskararen aldeko ekimenarekin.

Santurtziko musika-eskolan kokatutako irteera-puntura abiatu baino lehen, ospitaleko instalazioetan elkartu dira zentroko profesionalak, eta hantxe hartu dute ospitaleari esleitutako kilometroari zegokion lekukoa.

Korrikan parte hartzea Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak balio sozial eta kulturalak sustatzeko hartu duen konpromisoaren barruan kokatzen da. Horien artean dago, besteak beste, euskara bultzatu eta zabaltzea.

Ibilbidean zehar, zentroko langileek partaidetza kolektiboko giroan egin diote lagun lekukoari, euskararen aldeko ekimenik adierazgarrienetakoa denari beren babesa agertuz.

Ekintza honen bidez, ospitaleak bat egin du Korrikaren edizioetan lurraldea zeharkatzen duen mobilizazio sozialarekin, eta, hala, euskara bizirik egoteak eta gizartean hedatzeak duen garrantzia ikusarazten lagundu du.

 

Badator! 2026ko Korrikaren gure kilometroa badator

Korrika 2026 Santurtzira iristear da eta une berezi honetan parte hartzera eta elkarrekin bizitzera animatu nahi zaituztegu. Gure kilometroa ostegunean, hilak 26, 16:09an korrituko da, Santurtziko musika eskola inguruan eta minutu batzuk lehenago elkartuko gara Errehabilitazio irteerako topagunean. 15:30h.
Korrikak euskara zaindu, bultzatu eta transmititzearen garrantzia gogorarazten digu, San Juan de Diosen garenaren parte ere badena. Aitzakia ederra elkartzeko, gozatzeko eta gure aletxoa emateko.
Aukera hoberik elkarrekin korrika erakusteko.
Korrikari buruzko informazioa, doakizue atxikituta. Bideoa.
Gogoz eta ilusioz itxaroten zaituztegu!

 

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea bere langileen ongizatea bultzatzen ari da, CuidarNos ekimeneko pilates-programa batekin

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak pilateseko eta gorputz-osasuneko programa berri bat jarri du martxan bere langileentzat. Programa hori CuidarNos ekimenaren esparruan kokatzen da, zeina bertako profesionalen ongizate fisiko eta emozionala sustatzera bideratuta dagoen.

Jarduera hori Fika Gunearekin lankidetzan eskaintzen dugu. Martxoaren 17an (asteartea) eman diogu hasiera, eta astero izango da, astearte guztietan, bi ordu-tartetan: 12:00etatik 13:00etara eta 15:15etik 16:15era. Antolamendu horrek erraztasunak ematen ditu langileek parte hartzeko, txanda finkoetara nahiz errotazioetara egokitzen baita.

Langileen txandetara egokituta

Programak langileen lan-ordutegiaren arabera antolatzen ditu saioak. Txanda finkoak dituzten langileek jada esleituta daukate beren ordutegia. CuidarNos barne-aplikazioaren bidez kontsultatu dezakete. Errotazio-txandak dauzkatenek, berriz, WEAPPFIT aplikaziorako sarbide gehigarria daukate, eta bertatik kudea dezakete plaza-erreserba.

Parte-hartzaileentzako gomendioak

Saioak behar bezala gauzatzeko, hauek eramatea gomendatzen da: estera txiki bat –ahal izanez gero, pilatesekoa–, kirol-arropa erosoa, eta, jarduera oinutsik egin nahi ez dutenen kasuan, galtzerdi irristagaitzak.

Era berean, parte-hartzea formalizatzeko, harremanetarako datuak Fika Guneari lagatzeko baimena eman behar da, horrek aukera emango baitu programaren aplikaziora eta komunikazio-kanal espezifikoetara sartzeko.

Jarduera behar bezala gauzatzeko arauak

Saioak txukun gauzatzeko eta parte-hartzaileek ahalik eta aprobetxamendurik handiena izango dutela bermatzeko, oinarrizko bizikidetza-arau batzuk ezarri dira: puntualtasuna (eskola hasi baino gutxienez bost minutu lehenago bertaratu behar da), errespetua (hala espazioari nola gainerako parte-hartzaileei) eta bertaratzeko ezintasuna gutxienez 48 ordu lehenago abisatzeko betebeharra.

Profesionalak erabat zaintzeko ekimena

Horrelako ekintzen bidez, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak indartu egiten du antolakundea osatzen duten gizon-emakumeak erabat zaintzeko duen konpromisoa, lan-ingurunean ohitura osasungarriak eta ongizate-espazioak sustatuz.

 

2026an CuidarNos-en urteko ekitaldia Santurtziko II. Bizikleta ibilaldia izango da boluntario bila gabiltza!

Ilusio handia egiten digu zuekin guztiokin berri on bat partekatzeak: aurten gure urteroko CuidarNos Topaketa Santurtziko II. Bizikleta Ibilaldia izango da, eta 2026ko ekainaren 14an egingo da.

Gainera, ez da edonolako Bizikleta Ibilaldia izango. Udalak erakunde onuradun gisa aukeratu gaitu eta ekitaldian bildutako diru guztia Ospitaleari emango zaio. Gure lanaren aitorpen ederra da, eta Ospitalean egiten den lanari ikusgarritasuna emateko aukera paregabea.

Bizikleta Ibilaldia ekitaldi handia da dagoeneko herrian: iaz 800 pertsona inguru bildu zituen, familiak, haurrak, gazteak eta adinekoak, ohitura osasungarriak, mugikortasun jasangarria, talde lana eta komunitatearekiko konpromisoa sustatzen dituen jai egun batean. Balio horiek bete-betean egiten dute bat CuidarNos gure proiektuaren funtsarekin. Esteka honen bidez ekitaldiaren webgune ofizialera sar zaitezkete: https://bicicletada.eu/santurtzi/.

Boluntariotza Santurtziko II. Bizikleta Ibilaldirako

Eta bada zerbait garrantzitsua: Udalak eskatzen digun gauza bakarra da boluntarioak lortzea egun horretan antolaketa, kontrol eta laguntza logistikoko lanetan laguntzeko. Hau da, gure ekarpena da ekitaldian laguntzea.

Datozen hiru urteetan Bizikleta Ibilaldia izango da gure urteroko ekitaldia CuidarNos-en baitan; beraz, elkarrekin egin nahi dugun bidearen hasiera da hau. Horregatik, gaur pauso bat aurrera ematera animatzen zaituztegu, boluntario bezala bat egitera.

Jardunaldi berezia izango da, herriarekin dugun lotura sendotzeko, auzokideekin espazioa partekatzeko eta elkartzen gaituzten balioetatik abiatuta komunitatea eraikitzen jarraitzeko: zaintza, elkartasuna eta bizi ohitura osasungarriak. Aukera ezin hobea da Ospitalea Santurtziko kaleetan egon dadin, erakunde gisa ez ezik, bere komunitatearen parte aktibo eta hurbileko gisa ere bai.

Parte hartu nahi baduzu, martxoaren 31 baino lehen eman behar duzu izena:

  • Hona idatziz: ospitaleasanturtzi.cuidarnos@sjd.es.
  • Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Gizarte Lana, AEEZ edo Pertsonak eta Balioak sailetan izena emanez.
  • Ospitaleko Ongizate Batzordeko edozein kideri jakinaraziz.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Endokrinologia eta Nutrizioa espezialitatea gehitu dio bere zerbitzu zorroari

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak handitu egin du bere zerbitzu zorroa, Paula Zubillaga Blanco doktorea duela gutxi sartu baita. Paula Zubillaga Blanco Endokrinologian eta Nutrizioan espezialista da, eta Espainiako Diabetes Elkarteko (SED), Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkarteko (SEEN) eta Euskadiko Endokrinologia, Diabetes eta Nutrizio Sozietateko (SEDyNE) kidea.

Bere gaztetasuna ez da traba izan bere formaziorako. Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi ondoren, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egin zuen prestakuntza. Gainera, kanpo errotazioak egin ditu Madrilgo Gregorio Marañón Unibertsitate Ospitale Orokorreko Nutrizio Klinikoko Unitatean, Sevillako Virgen de la Macarena Unibertsitate Ospitaleko Tiroidearen Ekografiako Unitatean, Valentziako Unibertsitate Ospitale Klinikoko Mellitus 1 mota-Teknologia Berriak Unitatean, eta Palma de Mallorcako Son Espases Unibertsitate Ospitaleko Tiroidearen Ekografiako Unitatean.

Era berean, bere curriculumetik graduondoko prestakuntza nabarmendu daiteke: Medikuntza Estetikoko Masterra, Medikuntza Klinikoko Masterra, Dietoterapiako Unibertsitate Aditua, Nutrizio Klinikoko Espezialista Unibertsitate Aditua, eta Obesitatean eta Konplikazio Metabolikoetan Aditu Diploma.

Gainera, prestakuntza espezifikoak ditu disfagia orofaringeoan (SEEN erakundeak bermatutako ikastaroak), obesitatean (SEEN), ekografiaren erabilera arrisku kardiobaskularraren azterketan (Espainiako Kardiologia Elkartea), giltzurruneko gaixotasun kronikoa endokrinologiarako, diabetologia endokrinologian eta nutrizioan (SED), dislipemia, ekografia klinikoa gorputz osaera baloratzeko (Santa Marina Ospitalea, Bilboko), eta nutrizio klinikoa eta dietetikoa (SEEN).

Era berean, poster formatuko hainbat komunikazio zientifiko egin ditu, honako elkarte hauen biltzarretan aurkeztuak: Espainiako Diabetesaren Elkartea, Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkartea, Euskadiko Endokrinologia, Diabetes eta Nutrizio Elkartea eta Europako Neuroendokrinologia Elkartea.

Patologiarik ohikoenak

Endokrinologia eta Nutrizioa sistema endokrinoarekin, metabolismoarekin eta nutrizioarekin erlazionatutako gaixotasunen azterketaz, diagnostikoaz eta tratamenduaz arduratzen den espezialitate mediko bat da.

Zubillaga doktoreak dioenez, «Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizio Sailetik osasuna sustatzera, gaixotasunak prebenitzera eta pazienteen bizi kalitatea hobetzera bideratutako arreta eskaintzen saiatzen gara».

Hala, Endokrinologiako eta Nutrizioko kontsultetan ikus daitezkeen arazo ohikoenen artean, adituak aipatu ditu «tiroidearekin zerikusia dutenak, hala nola hipertiroidismoa, hipotiroidismoa eta tiroide noduluaren ebaluazioa». Honako hauek ere aipatzen ditu: «1 motako eta 2 motako diabetes mellitusa, hiperparatiroidismoa eta hipoparatiroidismoa, osteoporosia, dislipemiak (hiperkolesterolemia eta hipertriglizeridemia), hipofisi guruinen eta giltzurrun gaineko guruinen patologiak, hilekoaren alterazioak, hirsutismoa, obesitatea eta desnutrizioa».

Endokrinologia eta Nutrizioa

Endokrinologiak gorputzeko guruin eta hormonekin lotutako gaixotasunak aztertzen ditu. Substantzia horiek funtsezko funtzioak erregulatzen dituzte, hala nola hazkuntza, metabolismoa, ugalketa eta organismoaren barne oreka.

Endokrinologiaren arloak, besteak beste, diabetes mellitusa, trastorno tiroideoak, kaltzioaren metabolismoaren alterazioak, hilekoaren trastornoak eta hipofisi disfuntzioak eta giltzurrungaineko disfuntzioak lantzen ditu modu integralean.

Arlo honen helburua da «ebaluazio klinikoan, hormona azterketetan eta irudi probetan oinarritutako arreta espezializatua eskaintzea, gaixotasun endokrinoak kontrolatzeko eta prebenitzeko tratamendu pertsonalizatuak ezarri ahal izateko».

Nutrizioaren arloak, berriz, honako hauek ditu ardatz, adituak ondorioztatu duenez: «nutrizio egoeraren ebaluazioa eta gaixotasun metaboliko eta nutrizionalen tratamendua eta jarraipena, hala nola obesitatea, desnutrizioa, dislipemia eta elikadurarekin lotutako beste alterazio batzuk».

Hitzordua

Paziente pribatuek eta aseguru konpainia nagusien osasun aseguruak dituztenek hitzordua eska dezakete Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen webgunean (https://www.hospital-sanjuandedios.es/, 94 493 99 00 telefono zenbakian (1430 eta 1431 luzapenak) eta helbide elektroniko honetan: ospitaleasanturtzi.vconsultas@sjd.es.

Gonzalo Sales Genovés, Juan Ciudad GGKEko zuzendaria, New Kru Townen proiektuaz eta nazioarteko boluntariotzaz mintzatu zen Ospitalean

Gaur, 11:00etan, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko ekitaldi aretoan informazio jardunaldi bat egin da. Bertan Gonzalo Sales Genovés Juan Ciudad GGKEko zuzendariak azaldu ditu Ospitalea New Kru Town-eko Klinikarekin senidetzeko proiektua, lankidetza esperientzia eta San Joan Jainkoarena Ordenaren garapenerako gobernuz kanpoko erakunde horrek dituen proiektuei lotutako Nazioarteko Boluntarioen aukerak. Gonzalo Sales Mariano Bernabe Anaiak hartu zuen, San Joan Jainkoarenaren Anaien Komunitateko nagusiak.

2009tik Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Liberiako New Kru Towneko San Joan Jainkoarena Klinikarekin duen senidetzeari esker, sendotu egin da ama-haurren osasun arreta, eta aukera ekonomikoak sustatu dira ahultasun handiko egoeran dauden emakumeentzat.

New Kru Town Klinika Bushrod Island-en dago, Monrovia kanpoaldean dagoen kostaldeko auzo pobre batean. 80.000 biztanle inguru ditu eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko gabezia larriak. Testuinguru horretan, Santurtziko Ospitalearen laguntza, Juan Ciudad GGKErekin eta San Joan Jainkoarena Ospitale Ordenarekin koordinatuta, erabakigarria izan da zentro liberiarraren asistentzia eta komunitate jarduerari eusteko eta horiek zabaltzeko.

Juan Ciudad GGKEko zuzendari Gonzalo Sales Genovések aliantza honen garrantzia azpimarratu zuen: «Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea eta Liberiako New Kru Towneko San Joan Jainkoarena klinika elkarrekin Senidetzeak funtsezko ekarpena egin du funtsezko zainketak jasotzeko aukerarik ez zuten milaka emakume eta haurren osasun arretan, bai eta ahultasun ekonomiko handiko egoeran dauden ehunka emakumerentzat bizibide jasangarriak lortzeko ere».

Ama-haurren osasuna hobetzea

Jarduera ildo nagusien artean Osasun Komunitarioko Proiektua nabarmendu zen. Proiektu horren helburua da haurdun dauden emakume nerabeen arreta hobetzea, jaioberrien eta haurren arreta indartzea, eta herritarrak sentsibilizatzea prebentzioaren eta lehen mailako arretaren garrantziaren inguruan.

2025ean haurdun zeuden 14 eta 25 urte bitarteko 125 emakume gazte artatu dituzte; 25 erditze konplikatu San Joseko Ospitale Katolikora eraman zituzten. Era berean, 125 jaioberrik eta 0 eta 5 urte bitarteko haurrek tratamendua jaso zuten, malaria, anemia eta beste patologia garrantzitsu batzuetarako botikak barne, eta gutxienez komunitateko 1.400 adingabe txertatu zituzten.

Esku hartzeak barnean hartzen ditu gaixotasun endemikoen aurkako sentsibilizazio ekintzak, hala nola malariaren, GIBaren edo koleraren aurkakoak, bai eta agerraldien aurreko kanpaina espezifikoak ere, hala nola tximino baztangarena, horrela komunitatearen erantzuteko gaitasuna indartuz.

Emakumeen ahalduntze ekonomikoa

Senidetzearen beste ildo estrategiko bat Emakumeen Jabekuntza Ekonomikorako Programa da (2022-2025), bereziki ama ezkongabeei eta diru sarrera egonkorrik ez duten emakumeei zuzendua. Xaboigintzan, “tie & dye” ehungintza tekniketan, abalorioen eta paperezko poltsen fabrikazioan eta alfabetatze finantzarioan eta ekintzailetzan trebatuz, programak emakumeen gaitasun sozioekonomikoak indartu ditu.

2025ean 50 emakume zuzenean izan dira trebatuak, eta beste 116 diru sarrera alternatiboak sortzeko aukera ematen dieten manufaktura teknikak ikasi dituzte. Gehiengoak %47 eta %94 artean handitu ditu hileko diru sarrerak, eta %82,2k ekin dio bere ekintzailetza propioari.

Denboran zehar irauten duen aliantza

New Kru Town-eko Klinika 1972an sortu zen, eta gerra zibilaren eta ebolaren krisiaren ondorioz, itxiera eta berrirekitze etapak izan ditu. 2016an berrireki eta berritu zenetik, nazioarteko bazkideen laguntzari esker, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearena besteak beste, erreferentziazko zentro gisa duen jarduera sendotu egin du, beste osasun baliabide komunitariorik ez duen eremu batean.

Ospitaleak abegi onaren, kalitatearen, errespetuaren, erantzukizunaren eta espiritualtasunaren balioekin duen konpromiso instituzionalaren parte da senidetzea, eta Espainiako San Joan Jainkoarena Probintziak Juan Ciudad GGKEren bidez sustatzen duen nazioarteko lankidetza estrategiaren barruan kokatzen da.