Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleak Harrobi diploma lortu du euskara sustatzeko duen konpromisoagatik
Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleak Harrobi diploma jaso du Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi publiko batean, euskara sustatzeko duen konpromisoagatik. Aitortza hau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ematen die euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoa egiaztatzen dituen ebaluazioa gainditu duten Euskadiko sektore sozioekonomiko pribatuko erakundeei. Ospitaleko Euskara Batzordeko hiru kide izan dira ekitaldian: Urko Marcos, Ainhoa López-Pasarín eta Mónica Carbajales.
Harrobi diplomak, Gobernu Kontseiluak ekainaren 27an onartutakoak, Euskadiko erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskararen garapen maila ebaluatu, egiaztatu eta aitortzeko sistema osatzen du.
Gainera, ebaluazio egokitua eskaintzen die une jakin batean Bikain ziurtagiri maila egiaztatu ezin duten erakundeei, eta euskararekiko konpromisoa aitortzen die kanpo ebaluazioa gainditu duten erakundeei, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen kasua hain zuzen.
Diploma hau lortzeak eremu sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa indartzea ziurtatzen du. Halaber, Bikain ziurtagirientzako “harrobi” bat sortzen du, hau da, euskararen erabilera eta kudeaketa hobetzen eta areagotzen ari diren erakundeak Bikain ziurtagiriak lortzera bideratzen ditu.
Kanpoko adituek egindako ebaluazioaren bidez, euskararen erabilerari buruzko ekarpen kualifikatuak eman zaizkio Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleari, eta haren kudeaketa indartu egin da. Indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak ere aztertu dira, aurrera egiteko oinarrizko orientabideak lortzeaz gain.
Azken finean, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleari ematen zaion Harrobi diplomak aitortza eta berme instituzionala ematen dizkio ospitale honek euskararen inguruan egindako lan eta ahaleginari.
Euskara plana eta batzordea
Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak 2019ko irailean iragarri zuen euskara plan bat diseinatu, ezarri eta ebaluatzeko prozesua jarriko zuela abian bere egoitzan. Horretarako, osasun zentro honek hizkuntza kudeaketa zerbitzuetan espezializatutako Artez enpresaren laguntza du orduz geroztik.
Lehen fase honetako alderdietako bat euskara batzorde bat eratzea izan zen. Batzorde horrek Ospitaleko gerentziarekin lankidetzan dihardu, hizkuntza horren inguruan abian jartzen diren ekimen ezberdinak garatzeko eta ebaluatzeko. Batzordeak laguntzen du proposatzen diren helburuen ekintzak, arduradunak, epeak, baliabideak eta adierazleak definitzen.
Hilabete batzuk geroago, Ospitaleko Euskara Batzordeak eta Artezek hizkuntza honek zentroan duen egoerari buruzko azterketa baten emaitzak jakinarazi zituzten, ospitaleko 139 langilek parte hartu zuten ikerketa bati esker.
Diagnostikoaren emaitza garrantzitsuenek erakutsi zuten, hizkuntzaren ezagutzari dagokionez, langileen %75ek euskara ulertzen duela eta %23 elkarrizketa bat izateko gai dela. Erabilerari dagokionez, %88k oso gutxitan erabiltzen du euskara lan ingurunean, edo inoiz ez. Azkenik, azterketan parte hartu zuten langileen %80 baino gehiago euskara plana ezartzearen alde zegoen, eta %75ek prestakuntza jasotzeko interesa zuen.
Ondoren, Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleko euskara plana diseinatzen jarraitu du euskara batzordeak Artezen aholkularitzarekin, eta planaren helburu eta ekintzak zehaztu ditu denbora horretan.










