Jacinto Bátiz eta Julio Gómez doktoreek medikuntza aringarri goiztiarra, integrala eta pertsonarengan oinarritua aldarrikatu dute SEMPALen jardunaldietan

Jacinto Bátiz eta Julio Gómez doktoreek, zainketa aringarrien arloan Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko erreferenteek, egoiliarrentzat antolatutako ‘Medikuntza Aringarria: ezinbesteko ikuspegia’ IV. SEMPAL Jardunaldietan parte hartu zuten. Jardunaldiok Deustuko Unibertsitatean egin ziren maiatzaren 8an eta ehun bat barneko mediku egoiliarrek hartu zuten parte.

Medikuntza Aringarriaren Espainiako Elkarteak (SEMPAL) bultzatu zuen topaketa, Zainketa Aringarrien Espainiako Elkartearen (SECPAL) barruan, eta helburua izan zen etorkizuneko espezialisten prestakuntza indartzea funtsezko diziplina batean, osasun arreta gizatiarragoa, integralagoa eta proportzionalagoa eskaintzeko.

Inaugurazioan Jacinto Bátiz doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuko zuzendariak eta Pía Aguirreche Fundazioaren eta Francisco Vitoria Unibertsitatearen Zainketa Aringarrietako Katedrako zuzendarikideak, defendatu zuen zainketa aringarrietako prestakuntza funtsezkoa dela pertsonarengan oinarritutako medikuntza gauzatzeko.

Bátizek gogorarazi zuen medikuntzak ezin duela beti sendatu, baina beti zaindu dezakeela, eta azpimarratu zuen arreta aringarria ez dela soilik bizitzako azken uneetarako gorde behar. Zentzu horretan ikuspegi hori gaixotasunaren fase goiztiarretatik integratzearen garrantzia azpimarratu zuen, batez ere laguntza profesionala eskatzen duten behar fisiko, emozional, sozial edo espiritualak daudenean.

Bestalde, Julio Gómez doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko mediku koordinatzaileak eta Ospitaleko Arreta Psikosozialeko Taldeko (APST) zuzendariak, “la Caixa” Fundazioak sustatutakoa, jardunaldiko lehenengo hitzaldietako batean parte hartu zuen, gaixotasun aurreratuak edo konplexuak dituzten pertsonen premia aringarrien identifikazio goiztiarrari buruz hitz egiteko. Etiketak alde batera utzi eta fokua pertsona bakoitzaren benetako beharretan jartzearen garrantzia azpimarratu zuen Gomezek, begirada integralarekin eta profesionalen arteko lan koordinatuarekin.

Gómez doktoreak defendatu zuen arreta aringarria hasieratik sartu behar dela zenbait gaixotasun konplexutan, eta ELA bezalako patologiak jarri zituen adibide gisa. Horrelakoetan begirada aringarria presente egon daiteke eta egon beharra du diagnostikotik. Era berean, behar aringarriak dituzten pertsona asko garaiz identifikatu gabe jarraitzen dutela ohartarazi zuen, eta horregatik, erantzun egokia emateko baliabideak, planifikazioa eta talde prestatuak eskatu zituen.

Medikuntza Aringarriaren beste funtsezko alderdi batzuk ere jorratu ziren jardunaldietan, hala nola, komunikazio klinikoa, arretaren plangintza partekatua, sintomen kontrola, talde lana eta bizitzaren amaieran laguntzea.

Egoiliarrentzako IV. SEMPAL Jardunaldien jarraipena aurten Denian izango da, maiatzaren 29an, eta Toledon, irailaren 18an. Helburua da etorkizuneko espezialistei “begirada aringarria” gerturatzen jarraitzea eta pertsonarengan oinarritutako osasun arreta gizatiarragoa, integralagoa eta zentratuagoa lortzen laguntzea.

Bilboko topaketak Pía Aguirreche Fundazioaren, Deustuko Unibertsitatearen eta Arinduz-en bultzada izan du, bai eta Grünenthal, Adeslas, Asacpharma, Convatec eta beste kolaboratzaile batzuen babesa ere, SECPAL Fundazioaren bidez.

Informazio gehiago hemen.

 

https://www.secpal.org/wp-content/uploads/2026/05/jornada-mir-bibao-julio-gomez-768x512.jpg