Jacinto Bátiz doktoreak ‘Medicina Paliativa Juandediana’ liburua aurkeztu zuen Ospitalean
Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Medicina Paliativa Juandediana liburuaren aurkezpena hartu zuen joan den maiatzaren 6an. Liburu hori Jacinto Bátiz doktoreak idatzi du, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuko zuzendariak. Santurtzin egindako aurkezpen honekin, San Joan Jainkoarenaren estiloaren araberakoa den zainketa aringarriaren funtsa jasotzen duen obra bat helarazi zien Ospitaleak bere profesionalei eta zentroari lotutako pertsonei: zientziatik, hurbiltasunetik, errukitik eta abegi onetik zaintzea.
Ekitaldia zentroko areto nagusian egin zen, eta irakurlea San Joan Jainkoarenaren Ospitale Ordenak zaintzeko duen erara gerturatzen duen argitalpenaren gakoak partekatu zituen egileak, batez ere behar aringarriak dituzten pertsonen arretaren esparruan. Obrak Ordenako profesional eta kolaboratzaileen bizipenak, testigantzak eta esperientziak jasotzen ditu, eta arreta aringarri juandediarra sostengatzen duen filosofiari buruz dihardu.
Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuak argitaratu du liburua, 334 orrialdekoa. Victor Martin Martinez Anaiaren irudiak eta Ramon Castejon Garcia Anaiaren maketazioa ditu. Argitalpena formatu digitalean dago eskuragarri, doan eta libreki deskargatu ahal izateko, Ospitaleko webguneko Argitalpenak atalean.
Medicina Paliativa Juandediana liburuan Bátiz doktoreak balioan jarri du San Joan Jainkoarenako anaiek eta haien laguntzaileek pertsona ahulenak artatzen urteetan egindako lana. Aurrerapen zientifiko eta teknologikoak etikarekin, humanizazioarekin, artatutako pertsonaren duintasunarekiko errespetuarekin eta akonpainamendu integralarekin konbinatzen dituen eredu asistentziala azpimarratzen du obrak.
Jacinto Bátiz doktoreak 1993an inauguratu zuen arreta aringarria Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitalean. Bi hamarkadaz zuzendu zuen unitate hori, erretiroa hartu zuen arte. Argitalpena 2024an hasi zen sortzen, Ospitalearen Mendeurrenarekin bat eginez, eta 2025ean amaitu zen, Itxaropenaren Ospitale Jubileuaren urtean, San Joan Jainkoarenaren heriotzaren 475. urteurrenean.










