Gabonetako Artisau Azoka Solidarioak bi mila euro baino gehiago bildu ditu New Kru Town auzorako
Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak atzo bertan itxi zuen, abenduaren 9an, Gabonetako Artisau Azoka Solidarioaren bigarren edizioa. Abenduaren 1ean inauguratu zen, eta zentroko hainbat arduradun egon ziren bertan; horien artean, Vicente Fernández Zurita, zuzendari-gerentea.
Ospitaleko Elkartasun-arloak urtero antolatzen du azoka hori, funtsak bildu eta Monroviako (Liberia) New Kru Town auzoko osasun-zentroarekin duen garapenerako lankidetza-proiektura bideratzeko.
Ospitaleko profesional, boluntario, kolaboratzaile eta lagunek eskuzabaltasunez eta ilusio handiarekin egindako artelanei esker, 2.278,40 euro bildu ziren orotara. Diru hori oso-osorik bideratuko da Afrikako per capita errentarik txikienetakoa duen herrialde hartako auzoan baliabide gutxi dituzten biztanleen osasuna hobetzera.
Merkatu horretan salgai jarritako apaingarri eta objektu artistikoak Eguberrien ingurukoak ziren, eta denek funtsezko ezaugarri bat zeukaten: eskuz eginak ziren. Hain zuzen ere, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Elkartasun-arloak azokaren aurreko hainbat astez jaso zituen bere lagun-sareak emandako materialak.










