Argitalpen berria: ‘Atención médica al final de la vida desde la Deontología’
Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuak bere zuzendari Jacinto Bátiz Cantera jaunaren liburu berri bat argitaratu berri du, Atención médica al final de la vida desde la Deontología izenekoa. Lanak 129 orrialde ditu, maketazioa Ramón Castejón García Anaiak egin du eta estalkia Amalia San Martín Garcíak. Doan deskarga daiteke formatu digitalean (“pdf”) Santurtziko ospitaleko web ataritik, ‘Argitalpenak’ menuaren barruan.
Liburuaren hitzaurrea Marcos Gómez Sancho doktoreak egin du, Zainketa Aringarrien Espainiako Elkarteko (SECPAL) ohorezko presidentea, Elkargoko Erakunde Medikoaren (OMC) Deontologia Batzorde Nagusiko presidente ohia eta erakunde horretako Bizitzaren Amaierako Arreta Medikoaren Behatokiko koordinatzailea.
Argitalpen berri honen ezaugarri nagusietako bat bizitzaren amaierako arretaren eta deontologia medikoaren arloko hainbat aditu ezagunen ekarpenak dira. Pertsona horien artean, honako doktore hauek aipa daitezke: José María Domínguez Roldán, Juan José Rodríguez Sendín, Manuel Fernández Chavero, Pilar León Sanz, Luis Ciprés Casasnovas, Felicidad Rodríguez Sánchez, María Teresa Vidal Candela, Alberto Fidalgo Francisco, Sandra Ferrer Gelabert, Rafael del Río Villegas, Ángel Pérez Arias, Mariano Casado Blanco, Rogelio Altisent Trota, Javier Rocafort Gil, Álvaro de la Gándara del Castillo, Francisco Barón Duarte, Elia Martínez Moreno eta María Castellano Arroyo.
Jacinto Bátiz doktoreak adierazi bezala, «gaixotasun terminalaren egoeran, etika medikoak lagundu eta kontsolatu beharra ere ezartzen du, eta horiek ez dira eginkizun eskualdagarriak edo garrantzi txikiagokoak, asistentziaren kalitaterako garrantzi handiko ekintza medikoak baizik. Gaur egun benetan gizatiarra den medikuntza batean ez dauka lekurik sufrimendu terminalaren aurrean gaitasun terapeutikorik ez izateak, dosi eskasak edo gehiegizkoak ematen dituen tratamendu desegokiak izan, nahiz abandonua izan».
Aurreko planteamenduarekin bat etorriz, Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuko zuzendariak azaldu duenez, «hiltzeko prozesuan, bere bizitzaren amaieran, sufritzen duen pertsonari laguntzea medikuaren betebehar deontologikoa da. Deontologia medikoak gaixoari laguntzera bultzatzen du medikua, bere sintomak modu kementsu eta eraginkorrean tratatuz haren sufrimendua arintzeko, agonia jasanezina luzatzea saihestuz, gaixotasunak berak baino sufrimendu handiagoa eragin liezaioketen ahalegin terapeutikoak egokituz; baina inola ere ez du bultzatzen nahita eragitera sufritzen duenaren heriotza, sufritzeari utz diezaion. Medikuntza aringarriaren helburua pertsonaren sufrimendua arintzea da, eta ez sufritzen duenaren heriotza azkartzea sufritzeari utz diezaion».
Atención médica al final de la vida desde la Deontología liburuaren edukien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Deontologia Medikoaren Kodearen papera, gaixoa ez abandonatzeko betebeharra, informatzeko betebeharra, pazienteari sufrimendua eragiten dioten sintomak kontrolatzeko beharra, ahalegin diagnostiko eta terapeutikoa egokitzea, sedazioa, pazientearen balioak eta nahiak errespetatzea, heriotza aurreratzeko nahia duenari arreta, gaixoa hil ondorengo jokabidea, hobeto zaintzeko prestatzeko beharra eta talde lanaren errealitatea.
Egileari buruz
Jacinto Bátiz Cantera Medikuntza eta Kirurgian doktorea da. Familia medikua. Magisterra Zainketa Aringarrietan. Etika eta Deontologia Medikoan aditua. Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko burua 1993tik 2017ra. Ospitale bereko Hobeto Zaintzeko Institutuko zuzendaria 2017tik gaur egun arte. Bizkaiko Sendagileen Elkargoko Deontologia Batzordeko presidentea 2001etik 2019ra. OMCko Deontologia Medikoko Batzorde Nagusiko kidea 2004tik 2023ra. OMCko Bizitzaren Amaierako Arreta Medikoaren Behatokiko kidea 2004tik gaur egun arte. Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako Zainketa Aringarrien Ataleko presidentea 2002tik gaur egun arte. SEMGeko Bioetika taldeko arduraduna 2017tik gaur egun arte. Eta Pía Aguirreche Fundazioko eta Francisco de Vitoria Unibertsitateko Zainketa Aringarrien Katedrako zuzendarikidea.









