Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrien erizaintza ekipoak jaso du poster onenaren saria SECPALen jardunaldietan

Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko erizain taldeak egindako ‘Pazienteen eta familien esker onak zainketa aringarrien zerbitzuko profesionalengan duen eragina’ posterrak Salamancan egin berri diren Zainketa Aringarrien Espainiako Elkartearen (SECPAL) XIV. Nazioarteko Jardunaldietako poster formatuko komunikazio onenaren saria jaso du.

Ikerketaren —azterketa kualitatibo deskriptiboa— helburua izan da zainketa aringarrien zerbitzu bateko profesionalengan esker onaren esperientziak sortzen duen erantzuna eta horrek lanerako motibazioan duen eragina ezagutzea.

Posterrean ondorioztatzen den bezala, Zainketa Aringarrien Unitatean lan egiten duten profesional gehienek emozio positiboak izaten dituzte artatzen dituzten pazienteen eta senideen esker ona jasotzean. Esker on horiek bultzatu eta motibatu egiten dituzte zerbitzu horretan lanean jarraitzeko. Emaitzetan ez da alde esanguratsurik ikusten profil profesional ezberdinen artean, ezta zainketa aringarrien esperientzian ere.

Lanaren egileak Estibaliz Bañales, Asier Roman, Nerea Gorostiola eta Alaitz Arguello izan dira, baina Zainketa Aringarrien Unitateko erizaintza taldeak saria unitate horretako koordinatzaileari, Julio Gomez doktoreari, ere badagokiola dio, baita medikuntzako, erizaintzako, psikologiako, gizarte laneko, arreta espiritual eta erlijiosoko, erizaintzako eta garbiketako zainketa osagarrietako gainerako profesionalei ere, jarduna izanik ospitaleko arretan nahiz etxekoan.

Saritutako lanari dagokionez, Estibaliz Bañalesek, lehen egileak, honako hau azaldu du: «gure eguneroko lanean, beste gauza batzuen artean, sentsibilitate handia eskatzen duten hauskortasun handiko pertsonak zaintzen ditugu. Hori ez da lan erraza. Senideek arreta hori baloratzen dutela ikusi dugun moduetako bat jasotzen ditugun eskerrak dira. Horiek guztiak aztertzea eta profesionaloi nola eragiten diguten aztertzea modu polita iruditu zitzaigun haiek gogoan izateko».

Hainbat autorek diotenez, esker ona garrantzi bereziko fenomenoa da bizitzaren amaierako arretan. Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko erizainak nabarmendu duenez, «ohikoa da zainketa aringarrien arloko lana ikuspegi negatibo batekin lotzea. Hala ere, zaintza horiek osasuna “ez berreskuratzeko” egoeretan eskaintzen diren arren, oso ohikoa da zerbitzu horietan lan egiten duten profesionalek pazienteen eta haien senideen esker oneko erantzun ugari jasotzea. Gure ustez, esker on horiek eragin positiboa dute profesionalengan».

Bañalesek baloratu duen bezala, «emaitza oso positiboa izan da eta oso pozik gaude. Saria irabazi izanak orain arte bezala lan egiten jarraitzera bultzatzen gaitu, eta erakusten digu arlo emozionalak eta ukiezinak ere pisu handia dutela eta ez direla ahaztu behar».