Deustuko Unibertsitateak eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Medikuntzako etorkizuneko profesionalak zainketa aringarrietan trebatzearen aldeko apustua egin dute

Ospitaleko mediku taldea laugarren mailako ikasleei irakasgai hori ematen hasi da, pertsona ardatz duen osasun arreta humanizatuaren alde unibertsitatearekin batera egindako apustuan.

Deustuko Unibertsitateak zainketa aringarriak txertatu ditu Medikuntzako graduaren ikasketa planean, Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitalearekin duen lankidetza-hitzarmenari esker ematen hasi den prestakuntza da, hain zuzen. Ospitaleko Zainketa Aringarrien Zerbitzuko mediku talde osoa, 1993az geroztik arlo horretan aitzindaria izan den zentroa, laugarren mailako ikasleei zuzendutako irakasgai honen prestakuntzan inplikatu da.

Ekimen hau kokatzen da bi erakundeek etorkizuneko medikuen prestakuntza hobetzeko eta pertsonarengan oinarritutako osasun arreta gizatiarragoa indartzeko hartutako konpromisoaren barruan. Hain zuzen ere, Deustuko Unibertsitatea graduko curriculumean irakasgai hori sartzen duten Estatuko unibertsitate bakanen artean dago.

“Medikuntzako profesionalek ezin dute ahaztu beren funtzioen barruan ere badagoela hiltzeko prozesuan laguntzea, azkenera arte bizitzeko. Zainketa aringarriak unibertsitateko irakaskuntzan sartzea funtsezkoa da humanizazioa eta zientzia uztartuko dituen medikuntzarantz aurrera egiteko”, adierazi du Julio Gómez ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko arduradunak. Ikasgai hori Matxalen Aguiló, Mónica Moyano eta Àngels Ballesta lankideekin batera ematen du.

Bi erakundeen arteko hitzarmenak barnean hartzen ditu Medikuntza, Erizaintza eta Psikologia graduak.