Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko erizaintzak 300 paziente traumatologiko baino gehiago artatzen ditu urtebetean, plataforma digital berritzaile batekin
Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen mendeurrena ospatzeko antolatu den 2024ko lehen ekitaldi zientifikoak ehun profesional inguru bildu ditu erakunde horren ekitaldi aretoan, “Zaintzak humanizatzen” 2024 Erizaintzako I. Jardunaldian.
Ekitaldia Inmaculada Morok inauguratu zuen, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Erizaintzako zuzendariordeak. Ospitaleko San Joan Jainkoarena Anaien Komunitateko nagusia den Mariano Bernabé anaiak, Erizaintzako zuzendaria den Marian Lanzagortak eta Fundación Benéfica Aguirre-ren presidentea den Fuensanta de Icazak egin zioten harrera.
Era berean, bertan izan ziren María José García Etxaniz eta Ignacio González, Bizkaiko Erizainen Elkargoko presidentea eta idazkaria; Josefina Arana, Barakaldo-Sestao Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) Erizaintzako zuzendaria; Katalina Etxeandia, Barrualde-Galdakao ESIko Erizaintzako zuzendaria; María Luisa Oreja, Barrualde-Galdakao ESIko Erizaintzako zuzendariordea; Silvia Fidalgo, Leongo San Juan de Dios Ospitaleko Erizaintzako zuzendariordea; eta María Asunción Sánchez eta Eider Etxeberria, Iruñeko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Erizaintzako eta Operazioak eta Kalitatea ataleko zuzendariak, beste profesional batzuen artean.
Jardunaldian, erizaintzak teknologia berriak nola erabili aztertu zen, kasu honetan, Kirurgia Ortopedikoko eta Traumatologiako kirurgia arloari lotutako zainketei aplikatuta. Marian Lanzagortak bertaratutakoei iragarri zienez, «2023ko otsailetik, gure zentroan ezarri zenetik, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalean artatutako 300 paziente baino gehiagok baliatu dute Mymobility plataforma digitala».
Zimmer Biomet-en plataforma hori, ROSA robot kirurgikoaren erabilerak bultza dezakeena (ospitaleak ere erabiltzen duena), pazienteak kirurgia traumatologikoaren aurretik, bitartean eta ondoren gidatzen eta laguntzen dituena da, hezkuntza mezuen, ariketa gidatuen eta PROM galdetegien bidez (pazientearen osasun egoerari, sintomei, autonomia mailari, gaitasunei eta abarri buruzko pertzepzioak neurtzen dituzten tresnak). «Teknologia berritzaile horren erabileran erizaintzako lidergoaren bidez, pazientearekin eta haren ingurunearekin lan egiten da zainketak hobetzeko, emaitza klinikoak optimizatzeko eta errehabilitazio goiztiarra ahalbidetzeko».
Mymobility-k Orthointel bere barnean hartzen du. Orthointel plataforma gehigarri bat da, eta asistentzia prozesutik eta haren analisitik jasotzen diren datu guztiak agregatuta edukitzea ahalbidetzen du, datu objektiboetan oinarritutako erabaki klinikoak hartzeko helburuarekin.
Espainiako eta Europako lehenak
Aurrekoaz gain, Marian Lanzagortak nabarmendu zuen Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea izan dela Espainian sorbaldako patologia duten pazienteentzat Mymobility erabilgarri izan duen lehen zentroa (mahuka birakariaren ezegonkortasuna, mahuka birakariaren konponketa, erabateko protesia eta erabateko alderantzizko protesia) eta plataforma hori hiru indikazioetarako (belauna, aldaka eta sorbalda) erabilgarri izan duen Espainiako lehen zentroa eta Europako, Ekialde Ertaineko eta Afrikako eremu geografikoko bigarren zentroa.
Lourdes Vicente Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Ospitalizazioko koordinatzaileak eta Iñaki Galache Errehabilitazio Zerbitzuko koordinatzaileak aurkeztu zuten ‘Proyecto Mymobility, cuidando en el pre, en el intra y en el posoperatorio’ (“Mymobility proiektua, ebakuntza aurrekoan, intran eta ostekoan zainduz”).
Erizaintzako humanizazioan oinarritutako programa
Jardunaldiaren eduki zientifikoa erizaintzari eta zainketa aringarriei helduz inauguratu zen, gaian adituak diren bi profesionalekin: Asier Roman eta Estibaliz Bañales, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko erizainak.
Jarraian, Arantza Picón Santa Marina Ospitaleko Erizaintzako zuzendariak eta Sendoa Ballesteros zentro honetako Erizaintzako Zuzendaritzaren ondokoak “Bundle con-tacto: Una maleta de acciones para mejorar el viaje del paciente y sus cuidadores” (“Bundle con-tacto: Gaixoaren eta bere zaintzaileen bidaia hobetzeko ekintzen maleta”) izenburuko hitzaldia eman zuten.
Kafea hartzeko etenaldi baten ondoren, Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitaleko hainbat profesionalek eurek jarraitutako lan prozesua kontatu zuten, Zainketa Intentsiboetako Humanizazio Jardunbide Egokien Ziurtagiria (HU-CI eta AENOR nazioarteko proiektuak emandakoa) jasotzen duen Euskadiko lehen ospitalea izatea lortu arte. Ildo horretan, beste euskal zentro batek ere, IMQ Zorrotzaurre klinikak, ziurtagiri hori lortu du. Hizlariak honako hauek izan ziren: Ainara Arana, Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Zerbitzuko ikuskatzailea; Maite Esteban, zerbitzu bereko erizaintzako zainketa osagarrietako teknikaria; eta Virginia Arnaiz, ospitale horretako mediku intentsiboa.
Ondoren, Martina Morak, Iruñeko San Joan Jainkoarena Ospitaleko musikoterapeutak, musikoterapiaren erabilera jorratu zuen ospitalean, ‘Cuidando desde la música’ (“Musikatik zainduz”) hitzaldiarekin. Programak aurrera jarraitu zuen lan esparru honetan, ‘Analizando la arteterapia en cuidados paliativos’ (“Zainketa aringarrietan arteterapia aztertuz”), Ainhoa Rodríguez hizlariarekin, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko arteterapeuta.
Jardunaldiari amaiera emateko, Alex Etayok, Ambulancias La Pau enpresako Erizaintzaren albokoak, ‘Los dos lados de la lámpara’ (“Lanpararen bi aldeak”) hitzaldia eman zuen.










