Bilbok sorbaldaren osasunaren arloko urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat hartuko martxoaren 7an
Datorren martxoaren 7an, sorbaldako protesien kirurgiari eta giltzadura horretako tendoien transferentziari dagokienez urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat izango da Bilbon. Izan ere, Santurtziko (Bizkaia) San Joan Jainkoarena Ospitaleko Kirurgia Ortopedikoaren eta Traumatologiaren Zerbitzuak eta Gasteizko Kirurgia Artroskopikoaren Unitateak (UCA) I Basque Shoulder Course jardunaldia antolatu dute, zeina Deustuko Unibertsitatean egingo den. Ekimen honek Sociedad Española de Cirugía Ortopédica y Traumatología eta Sociedad Española de Cirugía de Hombro y Codo erakundeen abal zientifikoa du.
Iban Aransaez doktorea eta Sergio González doktorea dira I Basque Shoulder Course jardunaldiaren zuzendari zientifikoak; hots, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko traumatologoa eta Kirurgia Artroskopikoaren Unitateko traumatologoa, hurrenez hurren. Haiekin batera, Espainiako eta nazioarteko hainbat aditu elkartuko dira Bizkaiko hiriburuan, hala nola Jean-David Werthel, Ambroise-Paré ospitalekoa (Paris); Pierre Abadie, Bordeleko Kirol Klinikakoa; Raúl Barco, Madrilgo La Paz Ospitalekoa, eta Mikel Sánchez, UCAren sortzaile eta zuzendari mediko eta zientifikoa.
Iban Aransaez doktoreak azaldu duenez, kongresuaren programaren gai aipagarrienen artean honako hauek izango dira: «Artrosia paziente gaztearengan lantzea, prozesu kirurgikoaren optimizazioa, ebakuntza aurreko plangintza, sorbaldako kirurgia nabigatzailearekin, hezur-galera duten kasu bereziak, konplikazio posibleen kudeaketa eta prebentzioa, sorbaldako artroplastien berrikuspen-kirurgia eta tendoien transferentzia gorputzeko beste atal batzuetatik».
Ikastaroan landuko diren beste alderdi batzuen artean, aipagarriak dira, halaber, «adimen artifizialaren erabilera sorbaldako ebakuntzetan, sorbaldako giltzaduraren funtzionaltasunaren hobekuntza pazienteengan eta giltzadura horren kirurgia protesikoaren etorkizuneko ildoak».
Bestalde, Sergio González doktoreak nabarmendu duenez, «arlo horretako kirurgialari ospetsuak izango ditugunez gure artean, eta materialetan eta baliabideetan izandako azken aurrerapenak ezagutuko ditugunez, sorbaldako kirurgiaren abangoardiari heltzen dion programa bat taxutu dugu».
Gehiago ere erantsi du espezialistak: «Ikuspegi praktikoa ere eman nahi diogu ikastaroari; horregatik, harremanetan jarriko ditugu entzute handiko kirurgialariak eta sorbaldako artroplastian beren bidea egiten hasi berriak kirurgialariak. Gai ugari bildu ditugu eta maila goreneko hizlariak izango dira gurekin; beraz, ikuspegi praktikoaren aldeko apustua egin dugu, han-hemengo eskola eta inguruneetako ezagutzari eta esperientziari ahalik eta etekin handiena ateratzeko».
Bi adituek ohartarazi dute beharrezkoa dela sorbaldako kirurgiari buruzko dibulgazio-ahalegina egiten jarraitzea. «Azken urteotan berrikuntza ugari agertu dira teknika kirurgikoetan, materialetan, ikerketetan, garapen biologikoetan eta gailu kirurgikoetan, eta, horri guztiari esker, sorbaldako artroplastiari dagokionez benetako iraultza batean murgilduta gaudela esan dezakegu. Gauzak horrela, sorbaldako giltzaduraren arazo askorentzako konponbideak eskain ditzakegu, patologia arruntak edo ez hain arruntak dituzten pazienteei nahiz kasu konplikatuak dituztenei osasuna eta bizi-kalitatea emanez».
Irakasleen zerrenda osoan, aipatutako ikastaroko zuzendariez gain (Iban Aransaez eta Sergio González doktoreak), honako hauek ditugu: Ambroise-Paré Ospitaleko (Paris) Jean-David Werthel eta Bordeleko Kirol Klinikako Pierre Abadie frantsesak; Gasteizko Kirurgia Artroskopikoaren Unitateko Mikel Sánchez eta Jaime Oraa; Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Alberto Sánchez; Madrilgo Jiménez Díaz Unibertsitate Ospitaleko Raúl Barco eta Samuel Antuña; Madrilgo Jiménez Díaz Unibertsitate Ospitaleko Emilio Calvo; Madrilgo San Carlos Ospitale Klinikoko Carlos García eta Fernando Marco; Valentziako La Fe Unibertsitate Ospitale Politeknikoko Joan Ferràs; Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Francisco Javier González Arteaga, Gasteizko Txagorritxu Unibertsitate Ospitaleko Pedro Ruiz Moneo; Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitaleko (Bizkaia) Idoia Gutiérrez, Carlos Ramírez eta Isidoro Calvo; Osatek-eko (Bizkaia) Óscar Casado; Bilboko Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Iñigo Cearra; Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Xabier Azores; Bartzelonako Hospital del Mar-eko Carlos Torrens eta Fernando Santana; eta Bartzelonako Instituto de la Mano-ko Sergi Barrera.
Programa osatzen duten mahai-inguruak eta hitzaldiak egin ondoren, mediku ondokoek eta egoiliarrek egindako kasu klinikoen hautaketa bat azalduko da.
I Basque Shoulder Course jardunaldiak Smith & Nephew, Exactech, Medcomtech, Biotechnology Institute (BTI), Stryker, Sumisan, Fidia eta Medacta erakundeak izango ditu laguntzaile eta babesle.









