Tag Archive for: solidaridad

Ospitaleko profesionalek eta boluntarioek jostailuak eta arropa banatu zizkieten Santurtziko familia ahulei

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak, data hauetan urtero egin ohi duen bezala, elikagaiak, jostailuak eta arropa eman dizkie Pertsona eta Familia Zaurgarrientzako Elikadura Laguntzarako Programan sartutako pertsonei. Ekimen hori zentroko Gizarte-ekintzak garatzen du, Santurtziko Udalarekin lankidetzan.

Jarduera horretan, San Joan Jainkoarenako anai-arrebek, Gizarte Laneko profesionalek eta boluntarioek hartu dute parte. Azken asteotan, taldea aritu da Ospitaleko profesionalek, kolaboratzaileek eta lagunek dohaintzan emandako arropa eta jostailuak biltzen.

San Joan Jainkoarenaren Anaien Komunitateko nagusiak, anaia Mariano Bernabék, hauxe adierazi du: «Aurten ere, denen eskuzabaltasunari esker, Eguberri hauetan gaztetxoenei ez zaie jostailu edo peluxerik faltatuko. Gainera, arropa ematen diegu –berrerabiltzeko moduan dauden jantziak– arropa berria erosteko zailtasun gehien dituzten pertsonei».

Anaia Mariano Bernabék eskerrak eman zituen «Ospitaleko profesionalek eta boluntarioek egindako lanagatik, egundoko laguntza ematen baitiote komunitateari, goxotasunez eta errespetuz beti, duintasuna eta abegikortasuna erakutsiz».

Osasun-profesionalen eskutik, doluari buruzko gogoeta egingo da Santurtzin

Datorren astelehenean, abenduaren 15ean, 18:30ean, «Gabonak dira eta aulki bat hutsik dago» hitzaldia eskainiko da Santurtziko Casa Torre jauregian. Doakoa izango da eta nahi duen orok izango du bertaratzeko aukera. Hizlariak bi izango dira: Ángel María Pascual, ADES psikologia-zentroko psikologo klinikoa, eta Iñigo Santisteban, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko psikologo klinikoa.

Ekimena «Santurtzi, Herri Zaintzailea» programaren esparruan kokatzen da. Programa hori 2017an jarri zuen martxan Santurtziko Udalak, San Joan Jainkoarena Ospitalearen laguntzarekin, eta bere helburuetako bat da Santurtzi erreferente bihurtzea zaurgarritasun handieneko pertsonen zaintzari dagokionez, humanismoa, elkartasuna, errukia eta gizarte-partaidetza sustatuz eta partekatuz.

Arreta Psikosozialeko Taldeek garatzen duten Gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonei arreta integrala emateko programaren barruan ere sartzen da, La Caixa Fundazioaren finantzaketarekin.

Jardunaldian, gogoeta egingo da maite ditugun pertsonen galerari buruz, dolu-prozesuari buruz eta egoera horien aurrean pertsona batzuek batzuetan jasaten dituzten ondorio negatiboei buruz. Era berean, adituek gomendio batzuk emango dituzte garai hori hain mingarria izan ez dadin.

San Joan Jainkoarena Ospitaleak bertaratzeko gonbita egiten die herritarrei, denboraldi berezi horri aurre egiteko moduaz elkarrekin hausnarketa egiteko.

Hitzaldia: «Es Navidad y hay una silla vacía. Gabonak dira eta aulki bat hutsik dago».
Data: 2025eko abenduaren 15a, astelehena.
Ordua: 18:30
Lekua: Santurtziko Casa Torre jauregia Sabino Arana kalea 5. Santurtzi.

 

Gabonetako Artisau Azoka Solidarioak bi mila euro baino gehiago bildu ditu New Kru Town auzorako

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak atzo bertan itxi zuen, abenduaren 9an, Gabonetako Artisau Azoka Solidarioaren bigarren edizioa. Abenduaren 1ean inauguratu zen, eta zentroko hainbat arduradun egon ziren bertan; horien artean, Vicente Fernández Zurita, zuzendari-gerentea.

Ospitaleko Elkartasun-arloak urtero antolatzen du azoka hori, funtsak bildu eta Monroviako (Liberia) New Kru Town auzoko osasun-zentroarekin duen garapenerako lankidetza-proiektura bideratzeko.

Ospitaleko profesional, boluntario, kolaboratzaile eta lagunek eskuzabaltasunez eta ilusio handiarekin egindako artelanei esker, 2.278,40 euro bildu ziren orotara. Diru hori oso-osorik bideratuko da Afrikako per capita errentarik txikienetakoa duen herrialde hartako auzoan baliabide gutxi dituzten biztanleen osasuna hobetzera.

Merkatu horretan salgai jarritako apaingarri eta objektu artistikoak Eguberrien ingurukoak ziren, eta denek funtsezko ezaugarri bat zeukaten: eskuz eginak ziren. Hain zuzen ere, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Elkartasun-arloak azokaren aurreko hainbat astez jaso zituen bere lagun-sareak emandako materialak.

 

 

San Joan Jainkoarena Ospitaleak 14.675 kg elikagai banatu zizkien 2024an Santurtziko 200 lagun baino gehiagori

Bizkaiko Elikagaien Bankuak, Santurtziko Udalak eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Gizarte Bazterketako Arriskuan Dauden Pertsonei eta Baliabiderik gabeko Familiei Elikadura Laguntza Emateko Programaren barruan, osasun zentro horrek 14.675 kg elikagai banatu zituen 2024an, hilean 1.223, batez beste. Aurreko urteetan baino kopuru txikiagoa da, Europako Batasunak sustatutako aldaketaren ondorioz; izan ere, elikagaiak zuzenean emateari uztea bultzatzen du, eta zeharkako prestazio sistema batera pasatzen da, diru-zorro txartelaren bidez. «Sistema horrek normalizazioa, pertsonen autodeterminazioa, eta beren eskubideak eta duintasuna betetzen direla bermatzen ditu».

Iraide Sesmero ospitaleko gizarte langile eta Boluntariotza arloko koordinatzaileak dioenez, «diru-zorro txartela sartzeak aurrerapen nabarmena ekarri du familiei laguntzeko dugun moduan. Kontua ez da soilik elikagaiak jasotzea, baizik eta beste edozein pertsonak bezala haiek aukeratu ahal izatea. Eta horrek eragin emozional handia du».

San Joan Jainkoarena Ospitaleko banaketa zentroaren onuradun izan ziren familiak, batez beste, 77 izan ziren 2024an; pertsona onuradunak, berriz, 233 izan ziren guztira, eta urteko batez bestekoa 210,6 izan zen. Horietatik, guztizkoaren % 16,5 lagun 12 urtetik beherako haurrak izan ziren, eta % 83,5 helduak.

Produktu motaren arabera gehien banatu zirenak honakoak izan ziren: esnekiak (% 26,5 eta 3.916 kg), izoztuak eta kontserbak (% 15,1 eta 2.211 kg), arroza (% 13,5 eta 1.983 kg) eta gozogintzako eta aurrez prestatutako elikagaiak (% 8,7 eta 1.279 eta 1.272 kg, hurrenez hurren).

Santurtziko Udaleko koordinazio sailak emandako zerrendetan erregistratutako pertsonaren identifikazio dokumentuaren arabera, % 39,9 migratzaile agiriduntzat har daiteke, eta gainerako % 60,1ek Espainiako estatuko agiriduna. Bestalde, %24,3k gizonezko izena zuen eta %75,7k emakumezkoa.

Iraide Sesmerok azpimarratu duenez, programaren helburua ez da soilik berehalako beharrak asetzea, baizik eta familiei euren bizi baldintzak modu egonkorrean hobetzen laguntzea. «Gure desiorik handiena da programa hau, gero eta gehiago, familien bizi baldintzak benetan hobetzeko trantsizio tresna izatea. Une zailetan aldi baterako babes puntu gisa balio dezala, baina laneratzea, etxebizitza duina edo osasuna sustatzen duten beste baliabide batzuekin lotuta egon dadila, pertsonak zaurgarritasun egoeratik modu egonkorrean atera ahal izan daitezen».

Era berean, Ospitaleak laguntza eman zuen udaberrian eta udazkenean Elikagai Bankuen Espainiako Federazioak elikagaiak biltzeko maiatzean eta azaroan antolatutako kanpainetan.

Arropa eta jostailuak emateko kanpaina

Elikagaien laguntza emateko ekitaldia aprobetxatuz, uztailean eta abenduan arropa jarri zen onuradunen eskura, batez ere haur eta gazteen arropa, eta abenduan jostailuak ere bai. Kanpaina horiek harrera ona dute, eta horrek beste behar material, emozional eta sozial batzuk asetzen laguntzen du, San Joan Jainkoarenako langileen, boluntarioen, lagunen eta anaien elkartasunari eta laguntzari esker.

Elkartasun Arloa

Mariano Bernabé Anaiak, San Joan Jainkoarena Ospitaleko Anaien Komunitateko nagusiak, azaltzen du elkartasun arloa «ospitale barruko zein kanpoko pertsonak artatzen dituen zerbitzu gisa egituratzen dela, bai eta gure karisma joanjainkoarenatarraren elementu bereizgarri gisa ere. Elkartasuna hasieratik dago presente Ospitale Ordenan, eta gaur egun Espainiako San Joan Jainkoarena probintzian antolatzen da eremu hauen bitartez: Nazioarteko Lankidetza, Gizarte Ekintza, Sentsibilizazioa eta Boluntariotza.

Garapenerako nazioarteko lankidetza: New Kru Town

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Elkartasun Arloaren 2024ko Memorian jasotzen dira, halaber, garapenerako bere lankidetza proiektu nagusiari dagozkion magnitudeak. Proiektu hori Monroviako (Liberia) New Kru Town osasun zentroarekin egiten du. 2024an New Kru Town auzoko 60 emakumeren ahalduntze ekonomikorako programarekin jarraitzea eta emakume horien baliabideen gaineko aukerak, sarbidea eta kontrola areagotzea izan zen helburua.

New Kru Townen proiektua posible da pertsona askoren laguntzari esker, bai zentroko langileak, bai boluntarioak, eta baita San Joan Jainkoarenako lagunen ekarpenei esker. Ospitaleak, alde batetik, diru ekarpena egiten du, eta, bestetik, langileek beren lanaldian lankidetza horretan parte har dezaten bultzatzen du. Artisau Merkatu Solidarioa da proiekturako funtsak lortzeko jarduerarik garrantzitsuena. Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko langileek antolatutako ekimena da, eta bertan boluntarioek zein Ospitalearen Lagunen Sareak oso aktiboki parte hartzen dute. Artisau Merkatu Solidarioa San Joan Jainkoarenaren lagun guztien helburu komuna ere bada, esperientzia partekaturako aukera, batasun loturak eta ospitaleko familiako kide izatearen sentimendua eskaintzen dituena.

2024an egindako beste jarduera batzuekin batera, hala nola Liburu Solidarioaren Udaberriko eta Udazkeneko Azokak, Gabonetako Loteriaren eta Gabonetako Saskiaren partaidetzen salmenta, eta, lehen aldiz, Gabonetako Artisau Merkatua, Ospitalearen Mendeurrenaren programaren barruan egindako elkartasun ekitaldiekin batera, 2024an Nazioarteko Lankidetzarako 20.300 euro lortu ziren guztira Santurtzin.

Sentsibilizazio proiektuak

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak garatzen dituen sentsibilizazio programen helburua da gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonen zaintzaileei laguntza eta gaitasunak eskaintzea, haien bizi kalitatea hobetzeko. Era berean, boluntariotzako erakundeei eta elkarteei gogoeta eginarazten diete, pertsona haientzako komunitate zaintzaileen (errukitsuen) testuinguruak sortzeko, bai eta tokiko komunitatearen arazoez kontzientziatzeko ere, beste leku eta pertsona batzuen beharrak behatzeko, eta behar horiek nazioarteko lankidetzaren bidez arintzen laguntzeko.

Aipagarria da ‘Santurtzi, Herri Zaintzaile-Comunidad Cuidadora’ izeneko proiektua. Proiektu horren helburuak honako hauek dira: eztabaidarako guneak sortzea, bakarkako eta entitate eta erakunde bakoitzeko hausnarketa sustatzea, parte hartze soziala sustatzea, erakundeei eta boluntarioei laguntzea, hiltzeko prozesuaren aurrean jarrera aldaketa sustatzea eta pertsona eta familia ahulenei laguntzea, eta beste eremu batzuetara heda daitekeen proiektu aitzindari bat bultzatzea. 2024an komunitatea sentsibilizatzeko 11 ekintza egin ziren.

Urteko beste ekimen bat podcast sorta bat egitea izan zen, Zainketa Aringarrien Unitateko erizain taldeak sustatua, “Mugan bizitzen” izenekoa, zainketa aringarriak ikusarazteko helburuarekin egina.

Era berean, nabarmentzekoa da Ospitaleak #EducaSJD programaren barruan harremana duen hiru ikastetxeekin duen lankidetza, honakoak hain zuzen: Portugaleteko Santa María Ikastetxea, La Mennais eta Nuestra Señora del Carmen Ikastetxea eta Santurtziko San José Carmelitas Ikastetxea. #EducaSJD sentsibilizaziorako hezkuntza programa bat da, eta bere helburua da gazteek kolektibo ahulenekiko duten kontzientzia areagotzea eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonen estigmaren aurka borrokatzea.

2024an areagotu egin zen tokiko komunitatearekiko lankidetza, Ospitalearen euskarri profesionala inguruko elkarte edo erakundeei eskaintzeko, prebenitzeko eta pertsonen osasuna (integrala) hobetzeko ekintzak egiteko.

Boluntariotza

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak garrantzi handia ematen dio boluntarioen integrazioari. Boluntarioen presentzia lotuta dago pertsona gaixoari eta haren familiari eskainitako arretaren giza kalitatearekin. 2023ko abenduan ospitalean aktibo zeuden boluntarioen kopurua 46koa izan zen, COVID-19aren pandemia igarota datu basea eguneratu ondoren. Boluntarioen batez besteko adina 65,25 urtekoa izan zen.

Boluntarioen lanari esker giza harremanetarako energia gehiago lortzen da, eta, beraz, kalitatezkoa; guztira, 4.094 ordu eskaintzen dira hainbat arlotan. Hala, laguntza jarduerak egin zituen: 2.280, (% 55,7%); lankidetzazko laguntza hainbat jardueratan:  1.281 (% 31,3); harrera: 330 (% 8,1); eta prestakuntza 203 (% 5,0).

Ospitaleak datorren astelehenean inauguratuko du Gabonetako lehen artisau azoka solidarioa

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak bere lehenengo Gabonetako Artisau Azoka Solidarioa inauguratuko du abenduaren 9an, astelehena, goizeko 10:00etan. Inaugurazio horretan zentroko hainbat arduradun egongo dira, horien artean Vicente Fernández Zurita zuzendari-gerentea.

Ospitaleko Elkartasun arloak abian jarritako ekimena da, eta New Kru Towneko (Monrovia, Liberia) osasun-zentroarekin duen garapenerako lankidetza-proiekturako funtsak biltzea du helburu.

Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Gabonetako I. Artisau Azoka Solidarioa osasun-zentroaren sarrerako atarian kokatuko da. Abenduaren 13ra arte egongo da eskuragarri, ostiraletan, 10:00etatik 17:00etara, astelehenetik ostegunera, eta 10:00etatik 14:00etara, ostiralean.

Merkatu honetan aurkituko diren edukiak Gabonetan oinarritzen dira, ezaugarri nagusi bat komunean duten mota guztietako apaingarri eta objektu artistikoekin: eskuz egindakoak dira. Izan ere, Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Elkartasun Arloak asteak daramatza bere lagun-sareak emandako materialak jasotzen. Material horiek denbora solidarioa erabili dute artisautza-elementu horiek sortzeko, New Kru Towneko biztanleen osasun-arretan laguntzeko.

 

DANAk eragindako larrialdia: pertsonei laguntzen dieten pertsonak

Duela gutxi DANAk Espainiako hainbat lekutan eragindako tragediaren aurrean, elkartasuna bere bidea egiten ari da. San Joan Jainkoarena erantzuna ematen ari da Valentzian eta uholdeek kaltetutako udalerri guztietan, gertuko elkartasun batekin, pertsonatik pertsonara, pertsonei laguntzen dieten pertsonen elkartasunarekin.

Serveis Socials Sant Joan de Déu Valencia lehen beharrak asetzeko antolatzen ari da, hala nola janaria, arropa, higiene eta babes gaiak. Zentroko langileak oinez edo bizikletaz joaten ari dira kaltetutako herrietara, horien artean Torrent, Aldaia, Massanasa, Picanya, Catarroja, la Torre edo Paiporta. Pertsonaz pertsona laguntzen diete auzokide ahulenei, behar dutena erosiz eta banatuz.

San Juan Jainkoarenaren lana gehien behar duten pertsonei laguntzea da, eta Valentzia hiriko eta larrialdi zentroetako etxerik gabeko pertsonei arreta ematen jarraitzea.

Egin dohaintza bat orain!

Bestela, ES55 2100 3887 0202 0001 7989 kontu korrontean transferentzia egin dezakezu (PROVINCIA SAN JUAN DE DIOS ESPAINIA) edo BIZUM 00939 ere bai, kontzeptu honekin: DANA2024.

Lehen fasean, eta Valentziako Udalarekin eta Valentziako Generalitatearekin koordinatuta, premia handiko artikuluak eman dira, bai eta behar zuten pertsonentzako ostatu plazak ere. Zentroko bertako pertsonei ere lagundu zaie, bai langileei, bai horien senideei, eta laguntza emozionala eta psikologikoa ere ematen ari zaie.

Boluntariotza

San Joan Jainkoarenaren  boluntariotza hasieratik inplikatuta dago bere denbora eta laguntza eskainiz. Eskatzen ari zen guztiaren behar espezifikoen azterketa egin da, eta eskaera premiazkoenak dituzten pertsonak artatzen ari dira: adinekoentzako pixoihalak, esponjak… eta gauza zehatzagoak. Kaltetutako herrietako udalekin koordinatuta, jasotako dohaintzak kudeatzen laguntzen ari zaizkie, koltxoiak, izarak eta bestelako tresnak, larrialdiak hobeto prestatzeko. Halaber, zentrora hurbiltzen ari diren pertsona guztiei laguntza emozionala eskaintzen ari dira.

 

Santurtziko San Joan Jainkoarenak aipamen berezia jaso du Antonio Menchaca Fundazioaren Elkartasun Sarietan

‘Aita Mari’ etorkinak erreskatatzeko ontzia, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea, Aintzane Monteverde (San Nicolas Zabalik), Muskizko Somorrostro elizbarrutiko prestakuntza-zentroa eta Begoña Agirrezabal (Arangoiti) saritu zituen Antonio Menchaca Fundazioak bere 50. urteurrenean. Sari Solidarioek hogeita laugarren edizioa izan zuten.

Bilboko Antonio Menchaca Fundazioaren Elkartasun Sariek honako hauek saritu dituzte aurten: Aita Mari etorkinen itsas erreskaterako ontzia, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEarena, dagoeneko mila pertsona baino gehiago salbatu dituena Mediterraneoan; Begoña Aguirrezabal, Karidadeko alaba, Luisa de Marillac elkartearen sortzailea, bere gizarte-zentroaren bitartez Bilboko Arangoiti auzoan integratzeko egindako lanagatik; Muskizko Somorrostro Heziketa Zentroa, ikasleekiko elkartasun-programengatik; eta Aintzane Monteverde, San Nicolas Zabalik etorkinen arretarako Algortako zentroko presidentea. Azken hori izan zen, hain zuzen ere, joan dan martxoaren 8an Bilboko elizbarrutiak onartutako 8 emakumeetako bat.

Antonio Menchaca Fundazioak ere aipamen berezia egin zion Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleari. Aitormena Vicente Fernández Zurita ospitaleko zuzendari-gerenteak jaso zuen, Hno Mariano Bernabé, Anaien Erkidegoko nagusia, eta De Icaza, Fundación Benéfica Aguirreren presidentea, lagun zituela.

Vicente Fernández Zuritak esker oneko hitzaldian adierazi zuen bezala, «gaur egun, malformazio osteomuskular larriak dituzten umeez arduratzen hasi eta mende batera, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea euskal sistema sanitario eta soziosanitarioan integratuta dago. Osasun Sailaren, Osakidetzaren eta Bizkaiko eta Arabako foru-aldundien konfiantza ez ezik, mutualitateena, aseguru-konpainiena eta, nola ez, Bizkaiko herritarrena ere badugu».

Adierazi zuenez, «abangoardiako asistentzia bati, bai profesionaletan, bai teknologia eta instalazioetan, gure egunerokoan, berezi egiten gaituen zerbait gehitzen diogu: abegikortasunaren karisma. Karisma horrek osatzen du gure funtsa erakunde gisa, eta gure izaera solidario argia zehazten du».

Fundazioaren esanetan, sarien helburua da «elkartasunaren eta gizarteratzearen arloan etengabe lan nabarmena egin duten pertsonei edo kolektiboei aintzatespen publikoa egitea».

Aurreko urteetan saritutako erakundeen eta pertsonen artean, behartsuenei laguntzeko arloan erreferente nabarmenak daude: Caritas, Aita Angel, Open Arms, ETB Maratoia, Luis Lezama, Aspace, ONCE edo Jesús Pérez Arrospide “Periko”, besteak beste.

Mende erdiko bizitza

Antonio Menchaca Careaga idazle eta filantropo bilbotarrak sortu zuen 1974an, Antonio Menchaca de la Bodega aitaren omenez. Fundazioak 50. urteurrena ospatuko du aurten.

Antonio Menchacaren dirulaguntzen helburua ez da dagoeneko aitortuta dauden erakunde txiki gutxi batzuen biziraupena finantzatzea, baizik eta erakunde txiki askori laguntzea oinarrizko proiektu solidarioetan, askotarikoetan, zehatzetan, ukigarrietan eta neurgarrietan, patronatuak gertutik bisitatu eta jarraitzen baititu ekintza horiek.

Menchaca Fundazioak 156.000 euro inguru ematen dizkie urtero erakunde solidarioen 30 bat proiekturi; guztira, 3,5 milioi eurotik gorako laguntzak dituzten 550 gizarte-proiekturi baino gehiagori.

Organo eta tronpeta kontzertu solidarioa izango da ostegunean Ospitalean

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko kaperak organoz eta tronpetaz osatutako kontzertu solidarioa hartuko du datorren ostegunean, maiatzak 23, 19:00etatik aurrera. Sarrera librea eta doakoa da, lekua bete arte. Bertaratzen diren eta nahi duten pertsonek obalo bat egin ahal izango dute, eta New Kru Towneko (Liberia, Afrika) San Joan Jainkoarena Klinikarekin ospitaleak egiten duen garapenerako nazioarteko lankidetza-proiekturako erabiliko da. Ekitaldi kultural eta solidario hau Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen mendeurreneko ekitaldien urteroko egitarauan sartzen da.

Norbert Itrich organistak eta Basilio Gomarin tronpetistak errepertorio hau interpretatuko dute: Franz Joseph Haydnen ‘Meza laburra San Joan Jainkoarenaren omenez si bemol maiorrean’, Jeremiah Clarkeren ‘Suitea re maiorrean’, Johann Sebastian Bachen ‘Tocata y fuga en re minorrean’, Georg Friedrich Händelen ‘Suite en re maiorrean’ eta Ennio Morriconeren ‘La Misión’ soinu-bandaren aukeraketa bat.

Interpreteei dagokienez, Norbert Itrich, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko kaperako tutu-organoan errepertorioa interpretatuko duena, organista ezaguna da Europan organo-musikari egindako ekarpenengatik. Hainbat proiektu eta jaialditan parte hartu du, eta bereziki aipagarria da organoak zaharberritzen eta eraikitzen egindako lana.

Santanderreko Katedralaren organoa da bere proiekturik nabarmenetako bat. Organo hori bakarra da kontsola mugikor batek kontrolatzeko duen gaitasunagatik, eta, horri esker, organo-jolea ikusgai izan daiteke emanaldietan zehar.

Itrichek nazioarteko organo-jaialdietan ere parte hartzen du, hala nola Torreciudadeko Nazioarteko Organo Zikloan. Bertan, beste musikari batzuekin batera aritu da, instrumentu historikoen eta garaikideen konbinazioa erabiliz. Gainera, obra klasikoen interpretazio ugari egin ditu Europa osoko kontzertuetan, eta interpretatzaile moldakor gisa finkatu da, organoaren arteari eskainia.

Bestalde, Basilio Gomarin kantabriar tronpeta-jotzailea da, Santanderrekoa. Udal Akademian eta Kantabriako hiriburuko Jesus de Monasterio Kontserbatorioan ikasi zuen. Ikasketak Madrilen jarraitu zituen José Chicanorekin eta hiri horretako Goi Mailako Errege Kontserbatorioan José Ortírekin, kontserbatorioan ikasketak amaituz. Tronpeta naturalaren erreferentea da Espainian, eta tronpeta barrokoaren interpretazioan nabarmendu da.

 

Dagoeneko ezagutzen dira Artisau Merkatu Solidarioaren zozketan saritutako zenbakiak!

2024ko Artisau Merkatu Solidarioaren zozketan New Kru Townen alde saritutako zenbakiak honako hauek dira:

  1. Athletic Cluben kamiseta sinatua, Oscar de Marcosena: 0021 zenbakia.
  2. Athletic Cluben kamiseta sinatua, Yeray Alvarezena: 1.520 zenbakia.
  3. Egonaldia Aguerako La Cabaña landetxean (Burgosko probintzia): 0735 zenbakia.
  4. Gaua URH Palacio de Oriol Hotelean (Santurtzi): 1.070.
  5. BM Supermerkatuetako produktuen saskia (1.a): 1.238.
  6. BM Supermerkatuetako produktuen saskia (2.a): 1.484.

Zorionak sarituei.

10 eguneko epea egongo da txartel irabazleak aurkezteko eta sariak jasotzeko.

San Joan Jainkoarena Ospitaleak 21.970 kg elikagai banatu zizkien 2023an Santurtziko 219 laguni

Inflazioa elkartasunezko laguntzara ere iritsi da. Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak 2023an 21.970 kg elikagai produktu banatu zizkien Santurtziko 219 pertsonari, Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin eta Santurtziko Udalarekin lankidetzan garatzen duen Gizarte Bazterkeriaren Arriskuan Dauden Pertsonentzako eta Baliabiderik gabeko Familientzako Elikadura Laguntza Programaren barruan.

Aurten, San Joan Jainkoarena ospitaleko Anaien Komunitateko nagusia den Mariano Bernabé anaiak azaldu duenez, «kilogramo gutxiago banatu dira, besteak beste, esnetarako diru zorroa sartu delako, prezioak igo direlako eta artatu beharreko familia multzo gutxiago daudelako. Nolanahi ere, egoera ahulenean dauden pertsonentzako Elikadura Laguntza Emateko Europako Programari eutsi egin zaio, eta produktu berriak sartu dira, hala nola kontserban dagoen fruta».

Iazko urtean zehar, hiru pertsona edo gehiagoko familia guneetarako txartel-zorro modalitatea sartu zen, esnea inguruko supermerkatuetan erosi ahal izan dezaten.

Aurrekoaz gain, Ospitaletik elikagai laguntza banatzeari dagokionez, erosketa saskiaren prezioaren igoerak «olioan eta esnean eragin du bereziki».

Bestalde, Santurtziko osasun zentroaren banaketa puntuko familia gune onuradunen kopuruak ere behera egin du: 2022an 87 gune zeuden batez beste, eta 2023an 80.

Batez beste, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaletik 1.997 kg banatu ziren hilero, eta zenbateko hori murriztu egin zen 2022ko kopuruarekin alderatuta, lehen aipatutako arrazoiengatik.

2023an, egoerarik zaurgarrienean dauden pertsonei Elikagaien Laguntza emateko Europako 2023 Programako elikagaiak ematen jarraitu zen, eta guztira banatu ziren kiloetatik 6.157 kg (% 28) banatu ziren programa horretan.

Produktu motaren arabera, esnekiak izan ziren gehien banatu zirenak, guztizkoaren %25,7, 5.648 kg, eta ondoren izoztuak eta kontserbak, 4.512 kg, guztizkoaren % 20,5. Ondoren, arroza (%12,5), aurrez prestatutako elikagaiak (%8,6), pasta (%8,1), gozogintzako elikagaiak (%7,6) eta olioa (%6,4).

Ixone Andreu Egiak, Santurtziko Udaleko Gizarte Ekintza Saileko zinegotziak, honako hau adierazi du: «Udalaren gizarte politikak pertsonengan eta horiei bizi kalitate hobea eskaintzean oinarritzen dira. Horregatik, gure lana da programa honekin aktiboki lankidetzan aritzea eta kolektibo ahulenei laguntzen dieten ekintzak sustatzea. Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiet Santurtzik elikagaiak biltzeko dituen lau puntuetan aritzen diren boluntarioei, haiek gabe ezinezkoa izango bailitzateke hainbeste pertsonarengana iristea».

Bestalde, Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko lehendakariordeak adierazi duenez, «Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzat pozgarria da Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearekin lan egitea gizarte bazterkeriaren aurka daraman borrokan. Kontuan hartuta 2023. urtea beharrak dituzten pertsona kopuru berdinarekin amaitu dugula, inflazioaren ondorioz diru sarrera berdinekin elikagai gutxiago eskura ditzakegu. Hori dela eta, zenbait elikagai gutxiago eman behar izan ditugu, hala nola esnea eta olioa. Espero dugu 2024an zehar berriro banatu ahal izatea banatzen jarraitu nahiko genukeen oinarrizko dieta».

Onuradunen profil soziala

Programaren onuradunak 219 izan ziren (2022an baino 25 pertsona gutxiago), eta horietatik 39 (iaz baino 13 gutxiago) 12 urtetik beherako haurrak, guztizkoaren % 18,4, eta helduak, aldiz, %81,6 izan ziren (173 pertsona).

Generoari dagokionez, % 66,3 emakumezkoa izan zen eta % 33,7 gizonezkoa, 2022an bezalatsu. Familia unitateko kideen kopuruaren araberako banaketari dagokionez, %71,5 bat eta hiru arteko kide kopurua duten familiei dagokie. Onuradunen batez besteko adina 48,1 urtekoa izan zen.

Azkenik, %38,8k migratzailearen agiria zuen (igoera txiki bat), eta %61,2k, berriz, Nortasun Agiri Nazionala.

Arropa eta jostailuak emateko kanpaina

Elikadura laguntza emateko logistika aprobetxatuz, 2023ko uztailean eta abenduan arropa eta jostailuak jarri ziren onuradunen eskura, eta horiek, batez ere haur eta gazteen kasuan, beste premia material, sozial eta emozional batzuk asetzen dituzte.

Programari eskainitako orduak

Elikagaiak banatzeko ekintzak, eta elikagaiak nahiz jostailuak eta arropa biltzeko kanpainak zenbatuz gero, urtean zehar Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko pertsonek urte osoan 825 ordu eskaini dituzte; horietatik %27 langile kualifikatuek eskaini dituzte, %53 boluntarioek eta gainerakoa, %20, San Joan Jainkoarena Ospitaleko anaiek eta Gizarte Laneko praktiketako ikasleek.

Boluntarioak

Hasieratik, San Joan Jainkoarena Ospitaleak boluntariotza talde baten laguntza eskuzabala izan du, eta talde horrek, bere parte hartzearekin, programaren funtzionamendua ahalbidetzen du. Aurten, talde horren ekarpena 438 ordukoa izan da programaren berezko jardueretan. Jarduera horien artean, honako hauek aipa daitezke: onuradunei bilketa egunaren berri emateko telefono bidezko kontaktua, loteen banaketan parte hartzea, familiei elikagaiak banatzen laguntzea, Elikagaien Bankuak antolatutako bilketa kanpainetan parte hartzea, elikagaiak emateko garaian sailkatzeko eta eskuragarri jartzeko laguntzea, eta jostailuen eta arroparen kanpainetako jasotze egunetan arreta egitea. Boluntario guztiei Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak bere esker ona adierazi nahi die publikoki, behar handiena duten pertsonei eskaintzen dieten elkartasun, gogo eta babesagatik, modu horretara abegi onaren karisma bizirik dagoela erakutsiz.