Tag Archive for: Programa de ayuda alimentaria

San Joan Jainkoarena Ospitaleak 14.675 kg elikagai banatu zizkien 2024an Santurtziko 200 lagun baino gehiagori

Bizkaiko Elikagaien Bankuak, Santurtziko Udalak eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Gizarte Bazterketako Arriskuan Dauden Pertsonei eta Baliabiderik gabeko Familiei Elikadura Laguntza Emateko Programaren barruan, osasun zentro horrek 14.675 kg elikagai banatu zituen 2024an, hilean 1.223, batez beste. Aurreko urteetan baino kopuru txikiagoa da, Europako Batasunak sustatutako aldaketaren ondorioz; izan ere, elikagaiak zuzenean emateari uztea bultzatzen du, eta zeharkako prestazio sistema batera pasatzen da, diru-zorro txartelaren bidez. «Sistema horrek normalizazioa, pertsonen autodeterminazioa, eta beren eskubideak eta duintasuna betetzen direla bermatzen ditu».

Iraide Sesmero ospitaleko gizarte langile eta Boluntariotza arloko koordinatzaileak dioenez, «diru-zorro txartela sartzeak aurrerapen nabarmena ekarri du familiei laguntzeko dugun moduan. Kontua ez da soilik elikagaiak jasotzea, baizik eta beste edozein pertsonak bezala haiek aukeratu ahal izatea. Eta horrek eragin emozional handia du».

San Joan Jainkoarena Ospitaleko banaketa zentroaren onuradun izan ziren familiak, batez beste, 77 izan ziren 2024an; pertsona onuradunak, berriz, 233 izan ziren guztira, eta urteko batez bestekoa 210,6 izan zen. Horietatik, guztizkoaren % 16,5 lagun 12 urtetik beherako haurrak izan ziren, eta % 83,5 helduak.

Produktu motaren arabera gehien banatu zirenak honakoak izan ziren: esnekiak (% 26,5 eta 3.916 kg), izoztuak eta kontserbak (% 15,1 eta 2.211 kg), arroza (% 13,5 eta 1.983 kg) eta gozogintzako eta aurrez prestatutako elikagaiak (% 8,7 eta 1.279 eta 1.272 kg, hurrenez hurren).

Santurtziko Udaleko koordinazio sailak emandako zerrendetan erregistratutako pertsonaren identifikazio dokumentuaren arabera, % 39,9 migratzaile agiriduntzat har daiteke, eta gainerako % 60,1ek Espainiako estatuko agiriduna. Bestalde, %24,3k gizonezko izena zuen eta %75,7k emakumezkoa.

Iraide Sesmerok azpimarratu duenez, programaren helburua ez da soilik berehalako beharrak asetzea, baizik eta familiei euren bizi baldintzak modu egonkorrean hobetzen laguntzea. «Gure desiorik handiena da programa hau, gero eta gehiago, familien bizi baldintzak benetan hobetzeko trantsizio tresna izatea. Une zailetan aldi baterako babes puntu gisa balio dezala, baina laneratzea, etxebizitza duina edo osasuna sustatzen duten beste baliabide batzuekin lotuta egon dadila, pertsonak zaurgarritasun egoeratik modu egonkorrean atera ahal izan daitezen».

Era berean, Ospitaleak laguntza eman zuen udaberrian eta udazkenean Elikagai Bankuen Espainiako Federazioak elikagaiak biltzeko maiatzean eta azaroan antolatutako kanpainetan.

Arropa eta jostailuak emateko kanpaina

Elikagaien laguntza emateko ekitaldia aprobetxatuz, uztailean eta abenduan arropa jarri zen onuradunen eskura, batez ere haur eta gazteen arropa, eta abenduan jostailuak ere bai. Kanpaina horiek harrera ona dute, eta horrek beste behar material, emozional eta sozial batzuk asetzen laguntzen du, San Joan Jainkoarenako langileen, boluntarioen, lagunen eta anaien elkartasunari eta laguntzari esker.

Elkartasun Arloa

Mariano Bernabé Anaiak, San Joan Jainkoarena Ospitaleko Anaien Komunitateko nagusiak, azaltzen du elkartasun arloa «ospitale barruko zein kanpoko pertsonak artatzen dituen zerbitzu gisa egituratzen dela, bai eta gure karisma joanjainkoarenatarraren elementu bereizgarri gisa ere. Elkartasuna hasieratik dago presente Ospitale Ordenan, eta gaur egun Espainiako San Joan Jainkoarena probintzian antolatzen da eremu hauen bitartez: Nazioarteko Lankidetza, Gizarte Ekintza, Sentsibilizazioa eta Boluntariotza.

Garapenerako nazioarteko lankidetza: New Kru Town

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Elkartasun Arloaren 2024ko Memorian jasotzen dira, halaber, garapenerako bere lankidetza proiektu nagusiari dagozkion magnitudeak. Proiektu hori Monroviako (Liberia) New Kru Town osasun zentroarekin egiten du. 2024an New Kru Town auzoko 60 emakumeren ahalduntze ekonomikorako programarekin jarraitzea eta emakume horien baliabideen gaineko aukerak, sarbidea eta kontrola areagotzea izan zen helburua.

New Kru Townen proiektua posible da pertsona askoren laguntzari esker, bai zentroko langileak, bai boluntarioak, eta baita San Joan Jainkoarenako lagunen ekarpenei esker. Ospitaleak, alde batetik, diru ekarpena egiten du, eta, bestetik, langileek beren lanaldian lankidetza horretan parte har dezaten bultzatzen du. Artisau Merkatu Solidarioa da proiekturako funtsak lortzeko jarduerarik garrantzitsuena. Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko langileek antolatutako ekimena da, eta bertan boluntarioek zein Ospitalearen Lagunen Sareak oso aktiboki parte hartzen dute. Artisau Merkatu Solidarioa San Joan Jainkoarenaren lagun guztien helburu komuna ere bada, esperientzia partekaturako aukera, batasun loturak eta ospitaleko familiako kide izatearen sentimendua eskaintzen dituena.

2024an egindako beste jarduera batzuekin batera, hala nola Liburu Solidarioaren Udaberriko eta Udazkeneko Azokak, Gabonetako Loteriaren eta Gabonetako Saskiaren partaidetzen salmenta, eta, lehen aldiz, Gabonetako Artisau Merkatua, Ospitalearen Mendeurrenaren programaren barruan egindako elkartasun ekitaldiekin batera, 2024an Nazioarteko Lankidetzarako 20.300 euro lortu ziren guztira Santurtzin.

Sentsibilizazio proiektuak

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak garatzen dituen sentsibilizazio programen helburua da gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonen zaintzaileei laguntza eta gaitasunak eskaintzea, haien bizi kalitatea hobetzeko. Era berean, boluntariotzako erakundeei eta elkarteei gogoeta eginarazten diete, pertsona haientzako komunitate zaintzaileen (errukitsuen) testuinguruak sortzeko, bai eta tokiko komunitatearen arazoez kontzientziatzeko ere, beste leku eta pertsona batzuen beharrak behatzeko, eta behar horiek nazioarteko lankidetzaren bidez arintzen laguntzeko.

Aipagarria da ‘Santurtzi, Herri Zaintzaile-Comunidad Cuidadora’ izeneko proiektua. Proiektu horren helburuak honako hauek dira: eztabaidarako guneak sortzea, bakarkako eta entitate eta erakunde bakoitzeko hausnarketa sustatzea, parte hartze soziala sustatzea, erakundeei eta boluntarioei laguntzea, hiltzeko prozesuaren aurrean jarrera aldaketa sustatzea eta pertsona eta familia ahulenei laguntzea, eta beste eremu batzuetara heda daitekeen proiektu aitzindari bat bultzatzea. 2024an komunitatea sentsibilizatzeko 11 ekintza egin ziren.

Urteko beste ekimen bat podcast sorta bat egitea izan zen, Zainketa Aringarrien Unitateko erizain taldeak sustatua, “Mugan bizitzen” izenekoa, zainketa aringarriak ikusarazteko helburuarekin egina.

Era berean, nabarmentzekoa da Ospitaleak #EducaSJD programaren barruan harremana duen hiru ikastetxeekin duen lankidetza, honakoak hain zuzen: Portugaleteko Santa María Ikastetxea, La Mennais eta Nuestra Señora del Carmen Ikastetxea eta Santurtziko San José Carmelitas Ikastetxea. #EducaSJD sentsibilizaziorako hezkuntza programa bat da, eta bere helburua da gazteek kolektibo ahulenekiko duten kontzientzia areagotzea eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonen estigmaren aurka borrokatzea.

2024an areagotu egin zen tokiko komunitatearekiko lankidetza, Ospitalearen euskarri profesionala inguruko elkarte edo erakundeei eskaintzeko, prebenitzeko eta pertsonen osasuna (integrala) hobetzeko ekintzak egiteko.

Boluntariotza

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak garrantzi handia ematen dio boluntarioen integrazioari. Boluntarioen presentzia lotuta dago pertsona gaixoari eta haren familiari eskainitako arretaren giza kalitatearekin. 2023ko abenduan ospitalean aktibo zeuden boluntarioen kopurua 46koa izan zen, COVID-19aren pandemia igarota datu basea eguneratu ondoren. Boluntarioen batez besteko adina 65,25 urtekoa izan zen.

Boluntarioen lanari esker giza harremanetarako energia gehiago lortzen da, eta, beraz, kalitatezkoa; guztira, 4.094 ordu eskaintzen dira hainbat arlotan. Hala, laguntza jarduerak egin zituen: 2.280, (% 55,7%); lankidetzazko laguntza hainbat jardueratan:  1.281 (% 31,3); harrera: 330 (% 8,1); eta prestakuntza 203 (% 5,0).