Tag Archive for: Obra Social

Ospitaleko profesionalek eta boluntarioek jostailuak eta arropa banatu zizkieten Santurtziko familia ahulei

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak, data hauetan urtero egin ohi duen bezala, elikagaiak, jostailuak eta arropa eman dizkie Pertsona eta Familia Zaurgarrientzako Elikadura Laguntzarako Programan sartutako pertsonei. Ekimen hori zentroko Gizarte-ekintzak garatzen du, Santurtziko Udalarekin lankidetzan.

Jarduera horretan, San Joan Jainkoarenako anai-arrebek, Gizarte Laneko profesionalek eta boluntarioek hartu dute parte. Azken asteotan, taldea aritu da Ospitaleko profesionalek, kolaboratzaileek eta lagunek dohaintzan emandako arropa eta jostailuak biltzen.

San Joan Jainkoarenaren Anaien Komunitateko nagusiak, anaia Mariano Bernabék, hauxe adierazi du: «Aurten ere, denen eskuzabaltasunari esker, Eguberri hauetan gaztetxoenei ez zaie jostailu edo peluxerik faltatuko. Gainera, arropa ematen diegu –berrerabiltzeko moduan dauden jantziak– arropa berria erosteko zailtasun gehien dituzten pertsonei».

Anaia Mariano Bernabék eskerrak eman zituen «Ospitaleko profesionalek eta boluntarioek egindako lanagatik, egundoko laguntza ematen baitiote komunitateari, goxotasunez eta errespetuz beti, duintasuna eta abegikortasuna erakutsiz».

Gabonetako Artisau Azoka Solidarioak bi mila euro baino gehiago bildu ditu New Kru Town auzorako

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak atzo bertan itxi zuen, abenduaren 9an, Gabonetako Artisau Azoka Solidarioaren bigarren edizioa. Abenduaren 1ean inauguratu zen, eta zentroko hainbat arduradun egon ziren bertan; horien artean, Vicente Fernández Zurita, zuzendari-gerentea.

Ospitaleko Elkartasun-arloak urtero antolatzen du azoka hori, funtsak bildu eta Monroviako (Liberia) New Kru Town auzoko osasun-zentroarekin duen garapenerako lankidetza-proiektura bideratzeko.

Ospitaleko profesional, boluntario, kolaboratzaile eta lagunek eskuzabaltasunez eta ilusio handiarekin egindako artelanei esker, 2.278,40 euro bildu ziren orotara. Diru hori oso-osorik bideratuko da Afrikako per capita errentarik txikienetakoa duen herrialde hartako auzoan baliabide gutxi dituzten biztanleen osasuna hobetzera.

Merkatu horretan salgai jarritako apaingarri eta objektu artistikoak Eguberrien ingurukoak ziren, eta denek funtsezko ezaugarri bat zeukaten: eskuz eginak ziren. Hain zuzen ere, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Elkartasun-arloak azokaren aurreko hainbat astez jaso zituen bere lagun-sareak emandako materialak.

 

 

San Joan Jainkoarena Ospitaleak 14.675 kg elikagai banatu zizkien 2024an Santurtziko 200 lagun baino gehiagori

Bizkaiko Elikagaien Bankuak, Santurtziko Udalak eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Gizarte Bazterketako Arriskuan Dauden Pertsonei eta Baliabiderik gabeko Familiei Elikadura Laguntza Emateko Programaren barruan, osasun zentro horrek 14.675 kg elikagai banatu zituen 2024an, hilean 1.223, batez beste. Aurreko urteetan baino kopuru txikiagoa da, Europako Batasunak sustatutako aldaketaren ondorioz; izan ere, elikagaiak zuzenean emateari uztea bultzatzen du, eta zeharkako prestazio sistema batera pasatzen da, diru-zorro txartelaren bidez. «Sistema horrek normalizazioa, pertsonen autodeterminazioa, eta beren eskubideak eta duintasuna betetzen direla bermatzen ditu».

Iraide Sesmero ospitaleko gizarte langile eta Boluntariotza arloko koordinatzaileak dioenez, «diru-zorro txartela sartzeak aurrerapen nabarmena ekarri du familiei laguntzeko dugun moduan. Kontua ez da soilik elikagaiak jasotzea, baizik eta beste edozein pertsonak bezala haiek aukeratu ahal izatea. Eta horrek eragin emozional handia du».

San Joan Jainkoarena Ospitaleko banaketa zentroaren onuradun izan ziren familiak, batez beste, 77 izan ziren 2024an; pertsona onuradunak, berriz, 233 izan ziren guztira, eta urteko batez bestekoa 210,6 izan zen. Horietatik, guztizkoaren % 16,5 lagun 12 urtetik beherako haurrak izan ziren, eta % 83,5 helduak.

Produktu motaren arabera gehien banatu zirenak honakoak izan ziren: esnekiak (% 26,5 eta 3.916 kg), izoztuak eta kontserbak (% 15,1 eta 2.211 kg), arroza (% 13,5 eta 1.983 kg) eta gozogintzako eta aurrez prestatutako elikagaiak (% 8,7 eta 1.279 eta 1.272 kg, hurrenez hurren).

Santurtziko Udaleko koordinazio sailak emandako zerrendetan erregistratutako pertsonaren identifikazio dokumentuaren arabera, % 39,9 migratzaile agiriduntzat har daiteke, eta gainerako % 60,1ek Espainiako estatuko agiriduna. Bestalde, %24,3k gizonezko izena zuen eta %75,7k emakumezkoa.

Iraide Sesmerok azpimarratu duenez, programaren helburua ez da soilik berehalako beharrak asetzea, baizik eta familiei euren bizi baldintzak modu egonkorrean hobetzen laguntzea. «Gure desiorik handiena da programa hau, gero eta gehiago, familien bizi baldintzak benetan hobetzeko trantsizio tresna izatea. Une zailetan aldi baterako babes puntu gisa balio dezala, baina laneratzea, etxebizitza duina edo osasuna sustatzen duten beste baliabide batzuekin lotuta egon dadila, pertsonak zaurgarritasun egoeratik modu egonkorrean atera ahal izan daitezen».

Era berean, Ospitaleak laguntza eman zuen udaberrian eta udazkenean Elikagai Bankuen Espainiako Federazioak elikagaiak biltzeko maiatzean eta azaroan antolatutako kanpainetan.

Arropa eta jostailuak emateko kanpaina

Elikagaien laguntza emateko ekitaldia aprobetxatuz, uztailean eta abenduan arropa jarri zen onuradunen eskura, batez ere haur eta gazteen arropa, eta abenduan jostailuak ere bai. Kanpaina horiek harrera ona dute, eta horrek beste behar material, emozional eta sozial batzuk asetzen laguntzen du, San Joan Jainkoarenako langileen, boluntarioen, lagunen eta anaien elkartasunari eta laguntzari esker.

Elkartasun Arloa

Mariano Bernabé Anaiak, San Joan Jainkoarena Ospitaleko Anaien Komunitateko nagusiak, azaltzen du elkartasun arloa «ospitale barruko zein kanpoko pertsonak artatzen dituen zerbitzu gisa egituratzen dela, bai eta gure karisma joanjainkoarenatarraren elementu bereizgarri gisa ere. Elkartasuna hasieratik dago presente Ospitale Ordenan, eta gaur egun Espainiako San Joan Jainkoarena probintzian antolatzen da eremu hauen bitartez: Nazioarteko Lankidetza, Gizarte Ekintza, Sentsibilizazioa eta Boluntariotza.

Garapenerako nazioarteko lankidetza: New Kru Town

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Elkartasun Arloaren 2024ko Memorian jasotzen dira, halaber, garapenerako bere lankidetza proiektu nagusiari dagozkion magnitudeak. Proiektu hori Monroviako (Liberia) New Kru Town osasun zentroarekin egiten du. 2024an New Kru Town auzoko 60 emakumeren ahalduntze ekonomikorako programarekin jarraitzea eta emakume horien baliabideen gaineko aukerak, sarbidea eta kontrola areagotzea izan zen helburua.

New Kru Townen proiektua posible da pertsona askoren laguntzari esker, bai zentroko langileak, bai boluntarioak, eta baita San Joan Jainkoarenako lagunen ekarpenei esker. Ospitaleak, alde batetik, diru ekarpena egiten du, eta, bestetik, langileek beren lanaldian lankidetza horretan parte har dezaten bultzatzen du. Artisau Merkatu Solidarioa da proiekturako funtsak lortzeko jarduerarik garrantzitsuena. Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko langileek antolatutako ekimena da, eta bertan boluntarioek zein Ospitalearen Lagunen Sareak oso aktiboki parte hartzen dute. Artisau Merkatu Solidarioa San Joan Jainkoarenaren lagun guztien helburu komuna ere bada, esperientzia partekaturako aukera, batasun loturak eta ospitaleko familiako kide izatearen sentimendua eskaintzen dituena.

2024an egindako beste jarduera batzuekin batera, hala nola Liburu Solidarioaren Udaberriko eta Udazkeneko Azokak, Gabonetako Loteriaren eta Gabonetako Saskiaren partaidetzen salmenta, eta, lehen aldiz, Gabonetako Artisau Merkatua, Ospitalearen Mendeurrenaren programaren barruan egindako elkartasun ekitaldiekin batera, 2024an Nazioarteko Lankidetzarako 20.300 euro lortu ziren guztira Santurtzin.

Sentsibilizazio proiektuak

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak garatzen dituen sentsibilizazio programen helburua da gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonen zaintzaileei laguntza eta gaitasunak eskaintzea, haien bizi kalitatea hobetzeko. Era berean, boluntariotzako erakundeei eta elkarteei gogoeta eginarazten diete, pertsona haientzako komunitate zaintzaileen (errukitsuen) testuinguruak sortzeko, bai eta tokiko komunitatearen arazoez kontzientziatzeko ere, beste leku eta pertsona batzuen beharrak behatzeko, eta behar horiek nazioarteko lankidetzaren bidez arintzen laguntzeko.

Aipagarria da ‘Santurtzi, Herri Zaintzaile-Comunidad Cuidadora’ izeneko proiektua. Proiektu horren helburuak honako hauek dira: eztabaidarako guneak sortzea, bakarkako eta entitate eta erakunde bakoitzeko hausnarketa sustatzea, parte hartze soziala sustatzea, erakundeei eta boluntarioei laguntzea, hiltzeko prozesuaren aurrean jarrera aldaketa sustatzea eta pertsona eta familia ahulenei laguntzea, eta beste eremu batzuetara heda daitekeen proiektu aitzindari bat bultzatzea. 2024an komunitatea sentsibilizatzeko 11 ekintza egin ziren.

Urteko beste ekimen bat podcast sorta bat egitea izan zen, Zainketa Aringarrien Unitateko erizain taldeak sustatua, “Mugan bizitzen” izenekoa, zainketa aringarriak ikusarazteko helburuarekin egina.

Era berean, nabarmentzekoa da Ospitaleak #EducaSJD programaren barruan harremana duen hiru ikastetxeekin duen lankidetza, honakoak hain zuzen: Portugaleteko Santa María Ikastetxea, La Mennais eta Nuestra Señora del Carmen Ikastetxea eta Santurtziko San José Carmelitas Ikastetxea. #EducaSJD sentsibilizaziorako hezkuntza programa bat da, eta bere helburua da gazteek kolektibo ahulenekiko duten kontzientzia areagotzea eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonen estigmaren aurka borrokatzea.

2024an areagotu egin zen tokiko komunitatearekiko lankidetza, Ospitalearen euskarri profesionala inguruko elkarte edo erakundeei eskaintzeko, prebenitzeko eta pertsonen osasuna (integrala) hobetzeko ekintzak egiteko.

Boluntariotza

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak garrantzi handia ematen dio boluntarioen integrazioari. Boluntarioen presentzia lotuta dago pertsona gaixoari eta haren familiari eskainitako arretaren giza kalitatearekin. 2023ko abenduan ospitalean aktibo zeuden boluntarioen kopurua 46koa izan zen, COVID-19aren pandemia igarota datu basea eguneratu ondoren. Boluntarioen batez besteko adina 65,25 urtekoa izan zen.

Boluntarioen lanari esker giza harremanetarako energia gehiago lortzen da, eta, beraz, kalitatezkoa; guztira, 4.094 ordu eskaintzen dira hainbat arlotan. Hala, laguntza jarduerak egin zituen: 2.280, (% 55,7%); lankidetzazko laguntza hainbat jardueratan:  1.281 (% 31,3); harrera: 330 (% 8,1); eta prestakuntza 203 (% 5,0).

Neba-arrebek, profesionalek eta boluntarioek elikagaiak eta jostailuak banatu zituzten Gabonetan

Joan den abenduaren 9an, urte amaieran egin ohi diren elikagaiak, jostailuak eta arropa banatu ziren, betiere Gizarte Bazterkeriako Arriskuan dauden Pertsonei eta Baliabiderik Gabeko Familiei Laguntzeko Programaren esparruan. Programa hori Ospitaletik egiten da, Elikagaien Bankuarekin eta Santurtziko Udalarekin duen lankidetzari esker.

Ospitalea 2013tik dago sartuta Elikagaien Bankuarekin lankidetzan aritzen diren erakunde hartzaileen sarean, eta premia duten familiei Santurtziko biztanle-eremu bat banatzeko gune bat da, Udalak esleitua.

Organo eta tronpeta kontzertu solidarioa izango da ostegunean Ospitalean

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko kaperak organoz eta tronpetaz osatutako kontzertu solidarioa hartuko du datorren ostegunean, maiatzak 23, 19:00etatik aurrera. Sarrera librea eta doakoa da, lekua bete arte. Bertaratzen diren eta nahi duten pertsonek obalo bat egin ahal izango dute, eta New Kru Towneko (Liberia, Afrika) San Joan Jainkoarena Klinikarekin ospitaleak egiten duen garapenerako nazioarteko lankidetza-proiekturako erabiliko da. Ekitaldi kultural eta solidario hau Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen mendeurreneko ekitaldien urteroko egitarauan sartzen da.

Norbert Itrich organistak eta Basilio Gomarin tronpetistak errepertorio hau interpretatuko dute: Franz Joseph Haydnen ‘Meza laburra San Joan Jainkoarenaren omenez si bemol maiorrean’, Jeremiah Clarkeren ‘Suitea re maiorrean’, Johann Sebastian Bachen ‘Tocata y fuga en re minorrean’, Georg Friedrich Händelen ‘Suite en re maiorrean’ eta Ennio Morriconeren ‘La Misión’ soinu-bandaren aukeraketa bat.

Interpreteei dagokienez, Norbert Itrich, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko kaperako tutu-organoan errepertorioa interpretatuko duena, organista ezaguna da Europan organo-musikari egindako ekarpenengatik. Hainbat proiektu eta jaialditan parte hartu du, eta bereziki aipagarria da organoak zaharberritzen eta eraikitzen egindako lana.

Santanderreko Katedralaren organoa da bere proiekturik nabarmenetako bat. Organo hori bakarra da kontsola mugikor batek kontrolatzeko duen gaitasunagatik, eta, horri esker, organo-jolea ikusgai izan daiteke emanaldietan zehar.

Itrichek nazioarteko organo-jaialdietan ere parte hartzen du, hala nola Torreciudadeko Nazioarteko Organo Zikloan. Bertan, beste musikari batzuekin batera aritu da, instrumentu historikoen eta garaikideen konbinazioa erabiliz. Gainera, obra klasikoen interpretazio ugari egin ditu Europa osoko kontzertuetan, eta interpretatzaile moldakor gisa finkatu da, organoaren arteari eskainia.

Bestalde, Basilio Gomarin kantabriar tronpeta-jotzailea da, Santanderrekoa. Udal Akademian eta Kantabriako hiriburuko Jesus de Monasterio Kontserbatorioan ikasi zuen. Ikasketak Madrilen jarraitu zituen José Chicanorekin eta hiri horretako Goi Mailako Errege Kontserbatorioan José Ortírekin, kontserbatorioan ikasketak amaituz. Tronpeta naturalaren erreferentea da Espainian, eta tronpeta barrokoaren interpretazioan nabarmendu da.

 

San Joan Jainkoarena Ospitaleak 21.970 kg elikagai banatu zizkien 2023an Santurtziko 219 laguni

Inflazioa elkartasunezko laguntzara ere iritsi da. Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak 2023an 21.970 kg elikagai produktu banatu zizkien Santurtziko 219 pertsonari, Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin eta Santurtziko Udalarekin lankidetzan garatzen duen Gizarte Bazterkeriaren Arriskuan Dauden Pertsonentzako eta Baliabiderik gabeko Familientzako Elikadura Laguntza Programaren barruan.

Aurten, San Joan Jainkoarena ospitaleko Anaien Komunitateko nagusia den Mariano Bernabé anaiak azaldu duenez, «kilogramo gutxiago banatu dira, besteak beste, esnetarako diru zorroa sartu delako, prezioak igo direlako eta artatu beharreko familia multzo gutxiago daudelako. Nolanahi ere, egoera ahulenean dauden pertsonentzako Elikadura Laguntza Emateko Europako Programari eutsi egin zaio, eta produktu berriak sartu dira, hala nola kontserban dagoen fruta».

Iazko urtean zehar, hiru pertsona edo gehiagoko familia guneetarako txartel-zorro modalitatea sartu zen, esnea inguruko supermerkatuetan erosi ahal izan dezaten.

Aurrekoaz gain, Ospitaletik elikagai laguntza banatzeari dagokionez, erosketa saskiaren prezioaren igoerak «olioan eta esnean eragin du bereziki».

Bestalde, Santurtziko osasun zentroaren banaketa puntuko familia gune onuradunen kopuruak ere behera egin du: 2022an 87 gune zeuden batez beste, eta 2023an 80.

Batez beste, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaletik 1.997 kg banatu ziren hilero, eta zenbateko hori murriztu egin zen 2022ko kopuruarekin alderatuta, lehen aipatutako arrazoiengatik.

2023an, egoerarik zaurgarrienean dauden pertsonei Elikagaien Laguntza emateko Europako 2023 Programako elikagaiak ematen jarraitu zen, eta guztira banatu ziren kiloetatik 6.157 kg (% 28) banatu ziren programa horretan.

Produktu motaren arabera, esnekiak izan ziren gehien banatu zirenak, guztizkoaren %25,7, 5.648 kg, eta ondoren izoztuak eta kontserbak, 4.512 kg, guztizkoaren % 20,5. Ondoren, arroza (%12,5), aurrez prestatutako elikagaiak (%8,6), pasta (%8,1), gozogintzako elikagaiak (%7,6) eta olioa (%6,4).

Ixone Andreu Egiak, Santurtziko Udaleko Gizarte Ekintza Saileko zinegotziak, honako hau adierazi du: «Udalaren gizarte politikak pertsonengan eta horiei bizi kalitate hobea eskaintzean oinarritzen dira. Horregatik, gure lana da programa honekin aktiboki lankidetzan aritzea eta kolektibo ahulenei laguntzen dieten ekintzak sustatzea. Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiet Santurtzik elikagaiak biltzeko dituen lau puntuetan aritzen diren boluntarioei, haiek gabe ezinezkoa izango bailitzateke hainbeste pertsonarengana iristea».

Bestalde, Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko lehendakariordeak adierazi duenez, «Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzat pozgarria da Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearekin lan egitea gizarte bazterkeriaren aurka daraman borrokan. Kontuan hartuta 2023. urtea beharrak dituzten pertsona kopuru berdinarekin amaitu dugula, inflazioaren ondorioz diru sarrera berdinekin elikagai gutxiago eskura ditzakegu. Hori dela eta, zenbait elikagai gutxiago eman behar izan ditugu, hala nola esnea eta olioa. Espero dugu 2024an zehar berriro banatu ahal izatea banatzen jarraitu nahiko genukeen oinarrizko dieta».

Onuradunen profil soziala

Programaren onuradunak 219 izan ziren (2022an baino 25 pertsona gutxiago), eta horietatik 39 (iaz baino 13 gutxiago) 12 urtetik beherako haurrak, guztizkoaren % 18,4, eta helduak, aldiz, %81,6 izan ziren (173 pertsona).

Generoari dagokionez, % 66,3 emakumezkoa izan zen eta % 33,7 gizonezkoa, 2022an bezalatsu. Familia unitateko kideen kopuruaren araberako banaketari dagokionez, %71,5 bat eta hiru arteko kide kopurua duten familiei dagokie. Onuradunen batez besteko adina 48,1 urtekoa izan zen.

Azkenik, %38,8k migratzailearen agiria zuen (igoera txiki bat), eta %61,2k, berriz, Nortasun Agiri Nazionala.

Arropa eta jostailuak emateko kanpaina

Elikadura laguntza emateko logistika aprobetxatuz, 2023ko uztailean eta abenduan arropa eta jostailuak jarri ziren onuradunen eskura, eta horiek, batez ere haur eta gazteen kasuan, beste premia material, sozial eta emozional batzuk asetzen dituzte.

Programari eskainitako orduak

Elikagaiak banatzeko ekintzak, eta elikagaiak nahiz jostailuak eta arropa biltzeko kanpainak zenbatuz gero, urtean zehar Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko pertsonek urte osoan 825 ordu eskaini dituzte; horietatik %27 langile kualifikatuek eskaini dituzte, %53 boluntarioek eta gainerakoa, %20, San Joan Jainkoarena Ospitaleko anaiek eta Gizarte Laneko praktiketako ikasleek.

Boluntarioak

Hasieratik, San Joan Jainkoarena Ospitaleak boluntariotza talde baten laguntza eskuzabala izan du, eta talde horrek, bere parte hartzearekin, programaren funtzionamendua ahalbidetzen du. Aurten, talde horren ekarpena 438 ordukoa izan da programaren berezko jardueretan. Jarduera horien artean, honako hauek aipa daitezke: onuradunei bilketa egunaren berri emateko telefono bidezko kontaktua, loteen banaketan parte hartzea, familiei elikagaiak banatzen laguntzea, Elikagaien Bankuak antolatutako bilketa kanpainetan parte hartzea, elikagaiak emateko garaian sailkatzeko eta eskuragarri jartzeko laguntzea, eta jostailuen eta arroparen kanpainetako jasotze egunetan arreta egitea. Boluntario guztiei Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak bere esker ona adierazi nahi die publikoki, behar handiena duten pertsonei eskaintzen dieten elkartasun, gogo eta babesagatik, modu horretara abegi onaren karisma bizirik dagoela erakutsiz.