Tag Archive for: memoria anual

Santurtziko San Joan Jainkoarenak ehun mila kanpo kontsulta baino gehiago egin zituen 2024an

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak 2024ko memoria korporatiboa argitaratu berri du, bere mendeurrenekoa. Dokumentua euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri bere webgunean, eta honako hauei buruzko datuak ditu: baliabide materialak, pertsonak eta balioak, baliabide ekonomikoak, asistentzia jarduera, kanpo kontsultak, larrialdiak, ospitalizazio orokorra, eguneko ospitalea, zainketa arloa, kirurgia arloa, errehabilitazioa, laborategia, erradiodiagnostikoa, arreta espiritual eta erlijiosoko zerbitzua, etika eta bioetika, elkartasun arloa, erabiltzaileen kalitatea eta gogobetetzea, urteko albiste nabarmenenak eta zerbitzuen zorroa.

Gainera, memoria horrek modu berezian jasotzen ditu Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak mendeurrenaren urtean antolatu zituen ekitaldi guztiak, honako hauek barne: ekitaldi instituzionala, bertan egon zirelarik Lehendakaria, Ospitale Ordenako Probintziako Gorena, Fundación Benéfica Agirreko lehendakaria eta inguruko herrietako zenbait alkate; meza solemne bat San Joan Jainkoarenaren egunean; osasun arloko hiru biltzar (erizaintza, zainketa aringarriak eta aldakako eta belauneko protesien nazioarteko biltzar bat); kultur arloko hainbat ekitaldi (kontzertu instrumentalak, koralak, Candlelight erakoak, argazki erakusketak); hitzaldiak; topaketak eta bestelakoak.

Hainbat sari ere jaso ziren (Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak eta Sociedad Bilbainak ematen duten Carrasco Aguirre Saria, adibidez); Granadara erromesaldia egin zen; langile guztiek senidetasun afari batez gozatu zuten; ‘Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea: 100 urte bizkaitar mindunak zaintzen’ liburua argitaratu zen; eta Gaizka Urresti zuzendariaren ‘Lehenengo ehun urteak’ dokumentala ekoiztu zen eta Guggenheim Bilbao Museoan estreinatu zen. Jarduera horietako bakoitzaren deskribapen laburra egiteaz gain, ‘2024ko Memoria’-n argazki album zabal bat jasotzen da, horien oroigarri gisa, efemeridea nabarmenduz.

Kontsultak

Asistentzia jarduerari dagokionez, 2024an 107.124 kanpo kontsulta egin ziren (%13,85eko igoera 2022ko datuekin alderatuta). Espezialitateen arabera, Traumatologia dago lehen postuan, 20.844rekin; jarraian, Otorrinolaringologia, 18.074rekin; Errehabilitazioa 17.539rekin; Oftalmologia 15.354rekin; eta bosgarren lekuan Neurologia, 7.304rekin.

Aipatzekoa da 2024an asistentzia eskaintza zabaldu egin zela espezialitate berri bat sartuz (Neurokirurgia), eta Kirurgia Ortopedikoa eta Oin eta Orkatilako Traumatologia azpiespezialitatea sendotu egin zela.

Larrialdiak

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalean 52.491 larrialdi erregistratu ziren 2024an (2022an baino %9,5 gehiago). Larrialdi guztietatik, %92,67 Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan artatu ziren, eta gainerako %7,33 etxeko larrialdien arretaren bidez.

Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan, kasu gehien artatu zituen espezialitatea Medikuntza Orokorra izan zen, 20.851rekin (kasu guztien %39,72), eta ondoren Traumatologia, 13.183rekin (kasuen %25,11). Larrialdi traumatologiko horietarako profesional espezialista bat egoten da astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, eta guardia lokalizatua gainerako denboran; larunbat, igande eta jaiegunetan, traumatologia presentziala 10:00etatik 14:00etara, eta, gainerako egunetan, guardia lokalizatua.

Ospitaleratzea

Bestalde, ospitalizazio eremuan 1.443 ospitalizazio izan ziren 2024an. Espezialitateen arabera, nagusienak honako hauek izan ziren: Traumatologia 683 ospitaleratzerekin (guztizkoaren %47,3), ondoren Zainketa Aringarriak 508rekin (%35,2) eta Kirurgia Plastikoa 142rekin (%9,8).

Kirurgia

Guztira 5.797 interbentzio kirurgiko egin ziren Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko ebakuntza geletan 2024an. Horietatik 972k Ospitalean ingresatzea behar izan zuten, eta 4.825ek, berriz, anbulatorio izaerakoak izan ziren. Espezialitateen arabera, 2.715 ebakuntza (%46,8) Traumatologiari zegozkion; ondoren, Kirurgia Orokorra eta Digestio aparatukoa, 609rekin (%10,5), eta Oftalmologia 515ekin (%8,9).

2024an 3.358 pertsona ospitaleratu zituzten zentro santurtziarreko eguneko ospitalean, eta, ondorioz, jarduera %49,24 handitu zen arlo horretan, 2022. urtearekin alderatuta. Honako espezialitate hauek nabarmentzen dira: Traumatologia 1.609 sarrerarekin (%47,07ko igoera bi ekitalditan); Oftalmologia 482rekin, igoera nabarmena; Kirurgia Orokorra eta Digestio Aparatukoa 415 ospitaleratzerekin; eta Angiologia eta Hodietako Kirurgia 316rekin.

Errehabilitazioa

Errehabilitazioak jarraitzen du izaten asistentzia eskari handienekoa duen ospitaleko eremuetako bat. Osasun publikotik eratorritako pazienteak eta paziente pribatuak artatzen ditu, bai eta aseguru pribatuen osasun edo motordun ibilgailuen polizak (trafiko-istripuen kasuan) dituztenak ere. 2024an 324.388 errehabilitazio saio egin ziren. Terapia motaren arabera zinesiterapia, saioen %61,72rekin, eta elektroterapia, saioen %26,92rekin, nabarmentzen dira.

Zerbitzu zentralak: laborategia eta erradiodiagnostikoa

Ospitaleko laborategiaren jarduera 2024an iritsi zen aztertutako 194.985 zehaztapenera, 2022an baino %15 gehiago. Bestalde, ikerketa erradiografikoak 29.334 izatera iritsi ziren, duela bi urte baino %70,4 gehiago; horietatik 13.695 ekografiak izan ziren, 9.197 erresonantzia magnetikoak eta 3.560 ordenagailu bidezko tomografia axialak (OTA).

Zainketa Aringarriak

Bestalde, Zainketa Aringarrietako ospitaleratze solairuan 519 pertsona ingresatu zituzten (%65,3a paziente onkologikoak). Mendeko Helduen Desgaitasun Fisikorako Unitateak (MHDFU) 24 paziente hartu zituen urtean zehar. Arreta Psikosozialeko Taldeak (APST), ”la Caixa” Fundazioaren laguntzarekin lan egiten duenak, 2.535 pazienteri, 2.023 senideri eta 1.108 pertsonari eskaini zien laguntza doluan, bai ospitaleko instalazioetan, bai, batez ere, etxean eta beste asistentzia zentro batzuetan. Bestalde, Hobeto Zaintzeko Institutuak 163 jarduera egin zituen (2022an baino %36,97 gehiago): dibulgaziokoak (%27,6), prestakuntzakoak (%22,1), ikertzaileak (%7,4) eta beste mota batzuetakoak (%42,9).

Arreta Espiritual eta Erlijiosoko Zerbitzua

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Arreta Espiritual eta Erlijiosoko Zerbitzuak 1.110 akonpainamendu egin zizkien 533 pertsonari, 2022an baino %52,72 gehiago. Gainera, Gaixoen Gantzuduraren sakramentuaren eskaera kudeatu zien 60 pazienteri, eta otoitzean laguntzeko 330 ekintza burutu zituen.

Etika eta bioetika

2024an San Joan Jainkoarena Etika Asistentzialeko Batzordeak (SJJEAB) akreditazioa jaso zuen Euskadirako. Gipuzkoako eta Bizkaiko San Joan Jainkoarena ospitaleez gain, Kantabriako Autonomia Erkidegoan Santanderreko Santa Clotilde ospitalea ere hartzen du bere jarduera eremuak.

Elkartasuna

Nazioarteko lankidetzaren atalean Ospitalearen 2024ko proiektu solidarioaren helburua izan zen Monroviako (Liberia) New Kru Town auzoko 60 emakumeren ahalduntze ekonomikorako programarekin jarraitzea eta baliabideen gaineko aukerak, sarbidea eta kontrola areagotzea. Horrela, Artisau Merkatu Solidarioaren XIV. edizioa egin zen. 2024an egindako beste jarduera batzuk honako hauek izan ziren: Liburu Solidarioaren Udaberriko eta Udazkeneko Azokak, Gabonetako Loteriaren eta Gabonetako Saskiaren partaidetzen salmenta, eta, lehen aldiz, Gabonetako Artisau Merkatua, abenduaren 3tik 13ra egin zena, langileen eta boluntarioen laguntzarekin. Era berean, Mendeurreneko ekitaldien barruan organo eta tronpeta kontzertu bat egin zen helburu solidarioarekin. Guztira, 20.300 euro eman ziren, arestian aipatutako ekimenetan lortutakoak.

Ospitalearen gizarte ekintzari dagokionez, Familia eta Pertsona Zaurgarrientzako Elikadura Laguntzako Programak, Elikagaien Bankuarekin eta Santurtziko Udalarekin lankidetzan eginak, 14.675 kg elikagai banatu zituen 2024an. 84 familia izan ziren onuradunak, eta, batez beste, 77 izan ziren hilean. Onuradunak 233 izan ziren, horietatik 34 lagun 12 urtetik beherakoak.

Boluntariotza

2024an 46 pertsonak lagundu zuten Ospitaleko boluntariotzan, %58,7 emakumeak izan ziren eta %41,3 gizonak. Batez beste 65 urte zituzten, eta urtean 4.094 ordu inguruko dedikazioa eskaini zioten.

Kalitatea

2024an ospitaleko erabiltzaileei sei hilean behin egindako inkesten arabera, 9,1eko gogobetetze maila dago etxez etxeko zainketa aringarrietan; 8,8koa ospitaleko zainketa aringarrietan; 8,8koa eremu mediko kirurgikoan; 8,4koa kanpo kontsultetan; eta 7,6koa errehabilitazioan. Urtean zehar AENORek ISO 9001:2015aren jarraipen ikuskaritza egin zuen, eta aldekoa izan zen Zainketa Aringarrietako Unitatean (ospitalea eta egoitza), Bloke Kirurgikoan (kirurgia aurrekoa, kirurgia barnekoa eta kirurgia ondokoa) eta Errehabilitazioan.

Pertsonak eta balioak

2024an 268 pertsonak osatzen zuten ospitaleko plantilla baliokidea abenduaren 31n, 206 emakumek (%76,8) eta 62 gizonek (%23,2). Horietatik 208 (%77,73) asistentzia eremuko kategorietakoak izan ziren, eta beste 60 (%22,27) administrazioko edo zerbitzu orokorretako profesionalenak.

Prestakuntza

Ospitalea erreferente bat da osasun eta gizarte arloko etorkizuneko profesionalentzat ere. 2024.urtean guztira 104 pertsonak egin zituzten praktikak. Titulazioak honako hauek izan ziren: Medikuntza, Farmazia, Erizaintza, Fisioterapia, Gizarte Lana, Osasun Dokumentazioa, Erizaintzako Zainketa Osagarrietako Teknikaria, Erradiologiako Teknikari Espezialista eta Farmazia eta Parafarmaziako Teknikaria.

Urteko beste alderdi aipagarri batzuk

Asistentzia eremuan kirurgia plastikoko (konpontzailea) eta barne medikuntzako espezialista berriak sartu ziren, eta Loturako Osasun Unitatearen (LOU) proiektua sendotu egin zen, azken belaunaldiko teknologia txertatuz, hala nola kirurgia robotikoa eta MyMobility aplikazio mugikorra.

Nabarmentzekoa izan zen, halaber, ‘Viviendo en la Frontera’ podcast aitzindaria. Zainketa Aringarrien Unitateko erizaintza taldeak sustatzen du, «zainketak ikusarazteko». Hilero argitaratzen da, eta Ivoox, Spotify, Amazon Music eta You Tube plataformetan zabaltzen da.

 Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, azpimarratzekoa da ospitaletik hurbil dauden klub edo erakundeekin hitzarmenak sinatu izana ere, hala nola honako hauekin: Barakaldoko Zuazo Eskubaloi Kluba, Santurtziko Dinamo San Juan Club de Fútbol, Getxoko Real Club Jolaseta edo Bilboko Medikuntza Zientzien Akademia.

Eskuragarri dago jada Ospitalearen 2023ko memoria

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak bere 2023ko memoria korporatiboa argitaratu berri du. Dokumentua euskaraz zein gaztelaniaz deskargatzeko dago bere webgunean, eta honako hauei buruzko iazko datuak biltzen ditu: baliabide materialak, pertsonak eta balioak, baliabide ekonomikoak, asistentzia-jarduera, kanpo-kontsultak, larrialdiak, ospitalizazio orokorra, eguneko ospitalea, zainketa-eremua, eremu kirurgikoa, errehabilitazioa, laborategia, erradiodiagnostikoa, arreta espiritual eta erlijiosoko zerbitzua, etika eta bioetika, solidaritatea, kalitatea eta erabiltzaileen gogobetetzea, albiste nabarmenenak eta zerbitzu-zorroa. Bi memoriak hemen kontsulta daitezke.

Hobeto Zaintzeko Institutuak 2023ari dagokion urteko jarduera memoria argitaratu du

Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuak, Jacinto Bátiz Cantera Doktoreak zuzendua, urteko memoria argitaratu berri du, 2023. urteko datuekin. Horrela, 151 jarduera egin dira guztira, honela banatuak: 69 Aholkularitza jarduera (% 45,69); 39 dibulgazio eta sentsibilizazio jarduera (% 25,83), horien artean dibulgazio hitzaldiak, elkarrizketak irratian, prentsa idatzian eta digitalean, bioetika bizitzaren amaieran eta zainketa aringarriak gaiei buruzko bost iritzi artikuluren argitalpena aldizkari profesionaletan,    Hobeto Zaintzeko Blog-ean 13 sarrera eta bi libururen argitalpena,  Horrela zaindu nazazue! eta Laguntza medikoa bizitzaren amaieran Deontologiatik; 33 prestakuntza jarduera (% 21,85); eta, azkenik, 10 ikerketa jarduera (% 6,62). Memoria osoa esteka honetan kontsulta daiteke.