Tag Archive for: Julio Gómez

Jacinto Bátiz eta Julio Gómez doktoreek medikuntza aringarri goiztiarra, integrala eta pertsonarengan oinarritua aldarrikatu dute SEMPALen jardunaldietan

Jacinto Bátiz eta Julio Gómez doktoreek, zainketa aringarrien arloan Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko erreferenteek, egoiliarrentzat antolatutako ‘Medikuntza Aringarria: ezinbesteko ikuspegia’ IV. SEMPAL Jardunaldietan parte hartu zuten. Jardunaldiok Deustuko Unibertsitatean egin ziren maiatzaren 8an eta ehun bat barneko mediku egoiliarrek hartu zuten parte.

Medikuntza Aringarriaren Espainiako Elkarteak (SEMPAL) bultzatu zuen topaketa, Zainketa Aringarrien Espainiako Elkartearen (SECPAL) barruan, eta helburua izan zen etorkizuneko espezialisten prestakuntza indartzea funtsezko diziplina batean, osasun arreta gizatiarragoa, integralagoa eta proportzionalagoa eskaintzeko.

Inaugurazioan Jacinto Bátiz doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuko zuzendariak eta Pía Aguirreche Fundazioaren eta Francisco Vitoria Unibertsitatearen Zainketa Aringarrietako Katedrako zuzendarikideak, defendatu zuen zainketa aringarrietako prestakuntza funtsezkoa dela pertsonarengan oinarritutako medikuntza gauzatzeko.

Bátizek gogorarazi zuen medikuntzak ezin duela beti sendatu, baina beti zaindu dezakeela, eta azpimarratu zuen arreta aringarria ez dela soilik bizitzako azken uneetarako gorde behar. Zentzu horretan ikuspegi hori gaixotasunaren fase goiztiarretatik integratzearen garrantzia azpimarratu zuen, batez ere laguntza profesionala eskatzen duten behar fisiko, emozional, sozial edo espiritualak daudenean.

Bestalde, Julio Gómez doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko mediku koordinatzaileak eta Ospitaleko Arreta Psikosozialeko Taldeko (APST) zuzendariak, “la Caixa” Fundazioak sustatutakoa, jardunaldiko lehenengo hitzaldietako batean parte hartu zuen, gaixotasun aurreratuak edo konplexuak dituzten pertsonen premia aringarrien identifikazio goiztiarrari buruz hitz egiteko. Etiketak alde batera utzi eta fokua pertsona bakoitzaren benetako beharretan jartzearen garrantzia azpimarratu zuen Gomezek, begirada integralarekin eta profesionalen arteko lan koordinatuarekin.

Gómez doktoreak defendatu zuen arreta aringarria hasieratik sartu behar dela zenbait gaixotasun konplexutan, eta ELA bezalako patologiak jarri zituen adibide gisa. Horrelakoetan begirada aringarria presente egon daiteke eta egon beharra du diagnostikotik. Era berean, behar aringarriak dituzten pertsona asko garaiz identifikatu gabe jarraitzen dutela ohartarazi zuen, eta horregatik, erantzun egokia emateko baliabideak, planifikazioa eta talde prestatuak eskatu zituen.

Medikuntza Aringarriaren beste funtsezko alderdi batzuk ere jorratu ziren jardunaldietan, hala nola, komunikazio klinikoa, arretaren plangintza partekatua, sintomen kontrola, talde lana eta bizitzaren amaieran laguntzea.

Egoiliarrentzako IV. SEMPAL Jardunaldien jarraipena aurten Denian izango da, maiatzaren 29an, eta Toledon, irailaren 18an. Helburua da etorkizuneko espezialistei “begirada aringarria” gerturatzen jarraitzea eta pertsonarengan oinarritutako osasun arreta gizatiarragoa, integralagoa eta zentratuagoa lortzen laguntzea.

Bilboko topaketak Pía Aguirreche Fundazioaren, Deustuko Unibertsitatearen eta Arinduz-en bultzada izan du, bai eta Grünenthal, Adeslas, Asacpharma, Convatec eta beste kolaboratzaile batzuen babesa ere, SECPAL Fundazioaren bidez.

Informazio gehiago hemen.

 

https://www.secpal.org/wp-content/uploads/2026/05/jornada-mir-bibao-julio-gomez-768x512.jpg

Kulturalki anitza den munduan bizitzaren amaieran zaintzeko erronka

Zainketa aringarriak munduko edozein lekutan parteka daitezkeen balio unibertsaletan oinarritzen dira, nahiz eta zainketa horien praktika kultura-berezitasunen arabera aldatzen den.

Kultura batzuetan, heriotza integratuago dago eguneroko bizitzan, eta beste batzuetan, berriz, onartzeko erresistentzia handiagoa ematen da. Alde horiek gorabehera, zainketa aringarriek helburu komun bati eusten diote: gaixoei bizitza-amaiera on bat eta dolu-prozesu osasungarri bat erraztea maiteentzat.

Kulturalki askotarikoak diren testuinguruetan, bereziki garrantzitsua da harrera- eta errespetu-jarrera hartzea. Ikuspegi profesionalaren abiapuntua da aitortzea balio desberdinak daudela, baina, era berean, arreta jasotzen duen pertsonaren ikuspegitik laguntzea dela zeregina, bizitzaren etapa hori duintasunez eta laguntzarekin igarotzen lagunduz.

Bere esperientziatik, Julio Gómez doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko koordinatzaileak, bideo honetan, simetria moralari eta kulturalki desberdinak diren testuinguruetan duen funtsezko eginkizunari buruz hitz egiten digu.

 

 

Zinema eta zainketa aringarriak: begirada bat gaixotasunari eta doluari

Zinema arte bat da eta, era berean, komunikabide bat. Horregatik, bizi-esperientziak transmititzeko eta errealitate konplexuak ikusarazteko tresna nagusi gisa erabiltzen da, zainketa aringarrien kasuan, esaterako.

Hiru filmek ilustratzen dituzte bereziki alderdi horiek. Lehenengoa Wit (Bizitza maitatu) da, Mike Nicholsek zuzendua. Diagnostiko terminala jasotzen duen emakume baten istorioa kontatzen du, onarpenerako bidea eta osasun-langileekin ezartzen dituen harremanak erakutsiz.

Beste adierazgarri bat William Hurt protagonista duen El doctor da. Kirurgialari baten transformazioa du, eta, minbizia diagnostikatu ondoren, pazientearen papera lehen pertsonan esperimentatzen du.

Azkenik, Tierras de penumbra, Anthony Hopkinsekin, duelua C.S. Lewis idazlearen bizitzatik jorratzen du. Pelikulak erakusten du protagonistak nola aurre egiten dion emaztearen galerari, eta nola askatzen den minari buruzko teorietatik benetako sufrimenduari aurre egiteko.

Julio Gómez doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko koordinatzaileak, pelikula horiek ikustera gonbidatzen gaitu, osasun-arretan zainketa aringarriek eta sentsibilitateak duten garrantzia ulertzeko. Ikusi bideoa.

 

 

Nork jaso ditzake zainketa aringarriak?

Julio Gómez doktorea, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko koordinatzaileak, gogorarazi du zainketa aringarriak ez direla soilik etapa terminalean minbizia duten pazienteentzat. Lehenago, uste zen zerbitzu horiek sei hilabete baino gutxiago dituztenentzat bakarrik zirela beharrezkoak. Hala ere, behar aringarriak dituen edonork jaso ditzake, gaixotasunaren arrazoia edozein dela ere.

Espezialisten arabera, pazientearen behar aringarriak identifikatzea da gakoa, tratamendu sendagarririk ez dagoenean. Kalkuluen arabera, herritarren % 75ek zainketa aringarriak beharko dituzte uneren batean, minbizia, gutxiegitasun organikoa edo narriadura kognitiboa dela-eta.

Zainketa aringarrien ulermenaren aldaketa horrek pazienteei eta haien familiei laguntza integrala ematearen garrantzia nabarmentzen du, aurrez aurre duten gaixotasuna edozein dela ere. Julio Gómez doktorea ikus eta entzun daiteke alderdi hori komentatzen bideo honetan.

Julio Gómez sendagile paliatibistak gupidaren unibertsoa aztertzen du bere azken liburuan

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak liburu berri bat argitaratu berri du, Desde la compasión izenekoa, zentro honetako Zainketa Aringarrien Unitateko koordinatzailea den Julio Gómez Cañedo Doktoreak idatzia. Obrak 117 orrialde ditu eta Amador Fernández Anaiaren hitzaurrea du, Espainiako San Joan Jainkoarena probintziako nagusia. Guztira autorearen 106 gogoeta biltzen ditu, bertso librean idatziak, gupidaren alderdi desberdinei buruzkoak. Maketazioa Ramón Castejón García Anaiak egin du, eta azaleko irudia François du Champ-ek. Doan deskarga daiteke formatu digitalean (“pdf”) Santurtziko ospitaleko web ataritik, Publicaciones menuaren barruan.

Autoreak kontatzen duen bezala, pazienteekin, senideekin eta profesionalekin zainketa aringarrietan igarotako bi hamarkadetan zehar, «zainketen erdigunean harremana dagoela konturatu naiz. Gaixotasunean ere sendagarriak diren loturak sortzen dituen harremana, eta zailtasun handienetan ere itxaropena sortzen duena. Esperientzia horretan sakonduz, gupida berriro aurkitu nuen. Oso ahaztuta nuen eta erlijio guneetara alboratuta zegoen hitza, eta eguneroko bizitzatik urrunegi. Oinazearen eta sufrimenduaren ondoan gupida topatu nuen, testuinguru horietan esku-hartze guztia ordenatzen duen jarrera gisa».

«Gupidan», autoreak aitortzen jarraitzen du, «zentzua, indarra eta errealitatearen aurreko begirada berri bat aurkituz nindoan. Eta gogoetan, meditazioan eta nire otoitzean, gupida maiz sortzen zen. Eta nire idatzietan gero eta ugariagoa zen errukiaren balioarekiko aipamena».

Laburbiltzen duenez, nahiz eta liburua osatzen duten errukiari buruzko gogoetak «ez ziren hasieran argia ikusteko idatzi», «bizitza partekatzeko eta gupidaren inguruko meditazioa bultzatzeko saio bat dira. (…) Eta aukera bat izan daitezela gupida gure barruan finkatzeko eta gure bizitzak gidatzeko».

Bere aldetik, Amador Fernández Anaiak, Espainiako San Joan Jainkoarena probintziako nagusiak, obraren testuari dagokionez, adierazi du haren edukiak «giza sufrimendua bere forma guztietan ondo ezagutzen duenaren indarra, hurbiltasuna eta samurtasuna» transmititzen duela, eta « sufritzen dutenengana gupidatik hurbildu dela. Bizitzea, arnastea, sentitzea, gupidatik. Norberaren lanbidearen norabidea gupidatik orientatzea. Berak bilduta eta babestuta zaudela jakitea, pertsona gisa eraikitzen gaituen emate eta jasotze emankorrean».

Julio Gómez Doktoreak gupidari buruz hitz egiten du orrialde hauetan «ez teorizatzen duenak hitz egin lezakeen moduan, baizik eta, berak adierazten duen bezala, bere barne mundua, bere intimitatea zerk adierazten duen islatzen du orriotan. Eskerrak eman behar dizkiogu lotsa garaitu duelako eta oparitu digulako, bizitza miresten duten poesiazko hitzekin, gupidari egindako kantu hori, obra osoaren oinarrian dagoen gaian batasuna eta harmonia aurkitzen duten aldaera gisa». Eta San Juan de Dios probintziako nagusiak honela amaitzen du: «adierazpen ugaritan modulatua, bizitza osoa hartzen duten ñabardura ugaritan jasoa, gupidak hemen bere indarra eta argitasuna zabaltzen ditu, eguneroko keinu txikien apaltasunean eta bizitzaren bilakaera soilean».