Tag Archive for: Hospital San Juan de Dios de Santurtzi

Taupada-markagailua: nola funtzionatzen duen eta hura ezartzetik zer espero daitekeen

Taupada-markagailua bihotza modu artifizialean estimulatzen duen gailu elektroniko txiki bat da, bihotza gidatzeko sistema aldatuta duten pertsonek bihotz-erritmo egokia izan dezaten. Sistema horrek transmititzen ditu taupadek sortzen dituzten pultsu elektrikoak. Hala ere, batzuetan, pultsu horiek blokeatu egiten dira edo ez dira behar bezala transmititzen, eta horrek pultsazio baxuak edo arritmiak eragiten ditu.

Asaldura hori gertatzen denean, bihotza zuzenean estimulatu behar da pultsazio horiek areagotzeko. Orduan, taupada-markagailu bat inplantatzen da: kable edo elektrodo batzuen bidez estimulu elektrikoak zuzenean bihotzera bidaltzen dituen sorgailu edo pila bat. Estimulu horiek bihotz-erritmoa erregulatzen eta gorputz osoan odol-fluxu egokia ziurtatzen laguntzen dute.

Ezartzeko prozedura kirurgia txiki baten bidez gauzatzen da, anestesia lokalarekin. Ebakuntzan, ebaketa bat egiten da lepauztaitik gertu, gailua jartzeko eta elektrodoak bihotzera konektatzeko. Normalean, pazientea egun bat edo bitan itzul daiteke etxera, eta eguneroko jarduerei pixkanaka ekin.

Taupada-markagailua ezartzearekin lotutako arriskuak ez dira oso larriak izaten, eta ez dira oso ohikoak izaten. Hantura, hematomak edo elektrodoaren desplazamendua izan daitezke. Hala ere, zainketa egokiekin eta aldizkako azterketekin, pertsona gehienek bizitza normala eta aktiboa daramate inplantearen ondoren.

Ibon Eguía Astobiza doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko kardiologoak, gehiago hitz egin digu gailu horri buruz.

Giharretako lesioak tratatzeko terapia biologikoak

Lesio muskularrak ohikoak dira kirol-eremuan, batez ere atleta profesionalen eta erdi-profesionalen artean. Esfortzu biziak muskuluaren karga-ahalmena gainditzen duenean gertatzen dira lesio horiek, eta muskulu-zuntzak haustea eragiten dute. Kalte akutu horrek ukitutako ehuna eraginkortasunez birsortzea eskatzen du.

Errekuperazioa errazteko, lesioaren kokalekuan zuzenean jarduten duten terapia biologikoak erabiltzen ari dira. Terapia hauek muskuluen birsorkuntzaz arduratzen diren zelula sateliteak estimulatzea bilatzen dute, muskulu-zuntz berrien eraketa sustatuz.

Duela gutxi egindako ikerketek adierazten dutenez, terapia horiek errekuperazio-denborak murriztu ditzakete, eta gaixoberritzeen intzidentzia murriztu. Horri esker, kirolariak azkarrago itzul daitezke beren jarduerara, eta lesio berriak izateko arrisku txikiagoa dute.

Javier González Iglesias doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko terapia biologikoetan adituak, gai hori sakontzen du bideo honetan.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Zainketa Aringarrien Unitateak lau komunikazio zientifiko aurkeztu ditu SECPALen Kongresuan

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Zainketa Aringarrien Espainiako Elkartearen (SECPAL) kongresu nazionalaren azken edizioan, Malagan urriaren 17tik 19ra egin dena, poster formatuko lau komunikazio zientifiko aurkeztu ditu, bere Zainketa Aringarrien Unitateko eta Arreta Psikosozialeko Taldeko (EAPS) profesionalek eginak.

Malagako hiriburura joan ziren Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko Nerea Gorostiola, Estibaliz Bañales eta Asier Roman erizainak, eta Legendika Zuazua, ospitaleko EAPSeko psikologoa, Fundación ”la Caixa”-k bultzatuta.

Posterraren izenburua ‘Azken egunetako egoeran eta post mortem egoeran dauden gaixoei eta haien senideei arreta emateko protokoloa’ izan zen, lehen aipatutako hiru erizainak izan zituen egile, eta unitateko langile guztien laguntza izan zuen. Bertan adierazten denez, azken egunetan eta post mortem egoeran dagoen gaixoarentzat eta haren senideentzat zainketa eta laguntza egokiak bermatzeko, gaixoari eta haren senideei bi egoeretan arreta emateko protokolo bat egitea proposatu zen, zainketa aringarrien unitate baten barruan.

Horrela, bi protokoloetako bakoitzaren urrats zehatzak, praktika profesionalean eta diziplinarteko talde baten ebidentzia zientifikoan oinarrituak, komunikazio zientifikoan azaldu ondoren, ondorioetan adierazten da, horiei esker, profesionalen antsietatea eta beldurra murriztea lortzen dela, praktikan laguntza eskaintzen duen tresna bat eraikitzean. Gainera, egileek ondorioetan adierazten dutenez, beharrezkoa da profesionalentzako autozainketa gida bat sortzea, eta protokoloa urtero berrikustea eta eguneratzea.

Aurkeztutako beste poster baten izenburua honakoa da: ‘Errukiak, burnout-ek eta erruki gogobetetzeak eragindako neke arriskua zainketa aringarrietako unitate bateko profesionalengan’. Asier Román, Paloma Jiménez eta Àngels Ballestak (Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko medikua) egindako komunikazio zientifiko honek zainketa aringarrien unitate bateko 25 profesionali egindako zeharkako azterlan deskribatzaile bat islatzen du, Pro-QoL eskala erabiliz. Ikerketak autozainketa hobetzeko neurriak proposatzea ahalbidetuko du.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko profesionalek Malagako SECPALen kongresu nazionalean erakutsitako hurrengo posterrak ‘Zainketa aringarriak ikusarazteko podcast bat sortzeko prozesua’ azaltzen du. Horren egileak Estíbaliz Bañales eta Nerea Gorostiola dira, Viviendo en la frontera podcastaren bultzatzaileak, 2024ko apirilean sortu eta hilero emanaldiak dituena. Posterrean helburua, diseinua, formatua eta egindako argitalpenak deskribatzen dira, Ivoox, Spotify, Amazon Music eta YouTube plataformetan entzun ahal izateko.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko profesionalek SECPALen biltzarrean aurkeztutako laugarren posterraren izenburua honakoa da: ‘Dementzia oso aurreratua duten pertsonei eta haien familiei arreta psikosoziala emateko programa bat ezartzea Bizkaiko eta Arabako egoitzetan’. Honako hauek dira egileak: Legendika Zuazua eta Nereida Corral Ibáñez, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalekoak; Amaya Cuevas Parra, Sestaoko Juan Ellacuria Udal Egoitzako psikologoa; eta Susana Agorreta Pinilla, Gasteizko Ajuria Egoitzakoa, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundekoa.

Dementzia aurreratua duten pertsonei eta haien familiei laguntza psikosoziala emateko programa hau “la Caixa” Fundazioaren laguntzarekin garatzen da sei egoitzatan, arreta aringarriaren eta pertsonarengan oinarritutako zaintzaren esparruan. Programa honen helburuak dira erosotasuna, interakzio soziala, estimulazioa, jarduera esanguratsuak eta egokituak egitea, eta ongizatea sustatzea. Familien eta profesionalen gaikuntza, parte hartzea eta gogobetetzea ere sustatu nahi ditu. Inplementatu ondoren, egileek egoiliarren ongizate erreakzioak, banakako premia psikosozialetara egokitzapen handiagoa eta zaintzaileen gogobetetze handiagoa egiaztatu dituzte laguntzeko orduan.

Nazioarteko adituak Bilbon eztabaidatzen ari dira belauneko eta aldaketako protesietarako teknologia eta material onenen inguruan

Gaur hasi da Guggenheim Museoan Bilbao Hip & Knee Meeting 2024, goi mailako kongresu zientifikoa. Bertan, nazioko eta nazioarteko espezialistek aldakaren eta belaunaren kirurgia berreraikitzailearen azken berrikuntzak eta aurrerapen teknologikoak aztertuko dituzte. Ekimena Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak antolatu du, hasiera-hasieratik Kirurgia Ortopedikoari eta Traumatologiari arreta berezia eskaini diena, eta aurten bere mendeurrena betetzen duena.

Kongresuaren hasieran, eta Rafael Nadal tenislariaren erretiroaren berri izan ondoren, Francesco Benazzo doktoreak, Paviako Goi Ikasketen Unibertsitate Institutukoa, Los Angelesko 1984ko Olinpiar Jokoetako aholkulari espezialista izana eta, ondoren, nazioarteko kirol ekitaldi ugaritan ere bai (Europako eta munduko txapelketak), eta Italiako Atletismo Federazioko eta Italiako futbol ligako hainbat taldetako mediku ere izandakoa, iragarpena baloratu du. Adierazi duenaren arabera, «hemen, futbol jokalariekin gertatzen den bezala, (nire ibilbide profesionalean esperientzia handia pilatu dut futbol jokalariekin) eliteko kirolari horiek belaunekin, aldakekin edo orkatilekin ere joka dezakete, nahiz eta egoera ezin hobean ez egon, baina soilik euren entrenamendua eta partidetan parte hartzea etengabe mantentzen badute. Entrenatzen eta jokatzen jarraitzen badute, askotan maila onean manten daitezke. Baina entrenamenduaren kantitatea eta intentsitatea murriztu bezain laster, mina nagusitu egiten da».

Rafael Nadali dagokionez, honako hau adierazi du: «arrazoi horiengatik, uler dezaket maila goreneko kirolari profesional batek, Rafael Nadalek hain zuzen, hainbat urtez, egunero horrenbeste entrenatu duena, ospe handiko nazioarteko mota guztietako lehiaketetan jokatuz, ahalegin handia eskatu izana bere artikulazioei oro har eta kartilagoei bereziki. Horrez gain, urteak bete ahala, muskulu potentzia txikitzen doa, pixkanaka baina gero eta gehiago, bai eta artikulazioak errendimendu handienean kontrolatzeko gaitasuna ere. Beraz, askotan, oreka horrek huts egiten duen puntu batera iristen da, eta artikulazioetako lesioek eragindako minak maila gorenean haiek kontrolatzen jarraitzeko gaitasuna gainditzen du. Beraz, prozesu natural bat bezala ikusten da. Urteak betetzea ez da arazoa, beti ere pertsona aktibo mantentzen bada. Baina, zenbait unetan, gehiegizko jarduera bat kaltegarria izan daiteke, eta lesioak eragin ditzake».

Zeramikazko estaldura duten protesien belaunaldi berria

Justin Cobb irakasleak, Londresko Imperial College-ko (Imperial College of Science, Technology and Medicine) Ortopedia Saileko presidenteak, kongresuan parte hartuko du zeramika-zeramika erako azalerako protesiei buruzko hitzaldi batekin. Material belaunaldi berri bat da, lehendik dauden material metalikoei gehitzen zaiena.

Nabarmendu duenez, «saiakuntza klinikoen zazpi urteko prozesu baten ondoren, hura osatzen duten bi piezetan zeramikazko estaldura duten aldakako protesiak oso aukera itxaropentsua dira, bai gizonezkoentzat, bai emakumezkoentzat, edozein dela ere haien forma eta pisua. Lehen, azken hamarkadan, soilik gizonezko handiek jaso zezaketen resurfacing prozesu bat (estaldurarako protesi bat jartzea, protesi oso bat jarri beharrean) aldakako artikulazioan. Orain, zeramikazko gailu horrekin, gizon nahiz emakumeek estaldurarako protesi bat jaso dezakete, eta berriro egin dezakete korrika eta, are gehiago, salto ere».

Cobb irakasleak adierazi duenez, zeramika-zeramika erako azalerako protesi horiek «duela bi aste soilik lortu zuten CE marka, zazpi urteko esperientzia klinikoaren ondoren; beraz, aurrerapen berri hori datorren urtearen hasieran egongo da eskuragarri Europan, baita Espainian ere, herrialde oso indartsua izan dena beti aldakako artroplastiei eta estaldura protesiak jartzeari dagokienez. Hori dela eta, aurrerapen berri hau sartuko den lehen herrialdeetako bat izango da».

Espainian eskaria etengabe hazten ari da

Belauneko eta aldakako kirurgia berreraikitzailea Osasun Sistema Nazionalean gehien eskatzen den prozeduretako bat da. Horrela, Jesus Moreta doktoreak, Jose Luis Martinez de los Mozos eta Manuel Martin Montes doktoreekin batera -hirurak Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako zerbitzukoak- kongresuaren zuzendarikide denak, gogorarazi duen bezala, «2023ko abenduaren 31n 49.841 pertsona zeuden Osasun Sistema Nazionaleko ospitaleetako itxarote zerrendetan, belauneko (33.956) edo aldakako (15.885) protesi kirurgia egiteko zain. Elkarrekin bi prozedurek asistentzia eskaera handiena pilatzen dute itxarote zerrendetan, katarata ebakuntzen atzetik soilik, eta horrek erakusten du kirurgia ortopedikoaren eta traumatologiaren eremu horrek zenbaterainoko garrantzia duen osasun eta ekonomia terminoetan».

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Kirurgia Ortopediko eta Traumatologia arloko koordinatzaileak azaldu duenez, asistentzia eskaeraren igoera hori bi alderditan gertatzen da. «Alde batetik, zahartzen urteak daramatzan gizarte batean aurkitzen gara, adineko pertsona multzo gero eta handiagoarekin, aldi berean bizi itxaropen handiagoari etekina ateratzen diona. Horrek azaltzen du aldakako eta belauneko protesien ebakuntzen beharra gorantz joan izana, eta fenomeno horrek gora egingo du, baby boomaren belaunaldiak urteak bete ahala».

Artikulazio protesien eskaeraren igoera horren beste alderdia «adin ertaineko pertsonetatik dator, baita gazteetatik ere, haien osasunean edo bizi kalitatean eragin handia duten giltzadura arazoak baitituzte. Kasu batzuetan osasun arrazoiengatik izaten dira, baina beste batzuetan, bizi ohitura txarrak (gehiegizko pisua edo obesitatea), ariketa fisiko desegokia edo intentsitate handiko kirol jarduera egon daitezke kirurgia protesikoa eragin dezaketen zenbait artikulazio arazoren atzean».

Gizakiaren eta makinaren arteko elkarlana

Belauneko eta aldakako kirurgia berreraikitzaileari aplikatutako kirurgia robotikoari dagokionez, Jan Victor irakasleak, Ganteko Unibertsitateko (Belgika) Ortopediako katedraduna eta Ganteko Unibertsitate Ospitaleko Ortopedia eta Traumatologia Saileko buruak, adierazi du “ospe handia hartu duela profesionalen eta pazienteen artean, eta ikusmin handia sortu duela sistema robotikoek duten benetako gaitasunari dagokionez, ebakuntzan zehaztasun handiagoa eta jarduera kontrolatuagoa emateko duten gaitasuna dela eta. Hala ere, gaur egun, oraindik ez gara gai izan pazienteengan emaitza maila altuagoa zientifikoki frogatzeko, gogobetetasunari eta eguneroko jarduerak betetzeko gaitasunari dagokienez. Seguruenik, denborak aurrera egin ahala, emaitza hobeak iritsiko dira, kirurgia robotikoarekin egindako lana oso azkar garatzen ari den prozesu bat baita. Horregatik guztiagatik, kontuan izan behar da kirurgialariaren zeregina funtsezkoa dela oraindik ere; makinek lagundu dezakete, baina oraindik denbora igaro behar da sistema horiek ebakuntzen protagonistak izan arte».

Era berean mintzatu zen Fiedrich Boettner irakaslea, New Yorkeko (AEB) Hospital for Special Surgery-ko traumatologo alemaniarra: «Gaur egun, batzuetan, badirudi robot batek zirujau aditu batek baino lan hobea egin dezakeela. Hala ere, espezializazio handiko zirujau baten figura funtsezkoa da oraindik. Zirujauak egiteko eskatzen diona baino ez du egiten robotak. Nire ustez, eskarmentu handiko espezialista batek pazienteari kirurgia protesiko hobea eskaintzen jarraituko du, gaur egun robot batek bere kabuz eskain dezakeena baino. Makina batek, oso ona izan arren, ezin du emaitza ona eman ebakuntzan, profesional aditu batek maneiatzen ez badu».

Paziente kopuru handiago bati mesede egiten dieten tekniketan eta teknologian egindako aurrerapenak

Bere aldetik, Rafael J. Sierra doktoreak, Mayo Klinikako (AEB) Aldaka eta Belauneko Kirurgia Dibisioko aditua, artikulazioetako arazoak dituzten pertsonak animatu ditu «artritis degeneratibo aurreratuaren ondorioz artikulazioen ordezkatze bat egitea pentsatu badute noizbait, ez dezatela zalantzarik izan. Gaur egun gure teknikekin hobetu egin dugu, robotikaren erabilerak eta nabigazioak ere kirurgiaren zehaztasuna handitu dute eta, gainera, anestesiako eta perioperatorioko teknikek izugarri hobetu dute pazienteen ebakuntza osteko prozesua, mina gutxituz eta aurreko urteetan baino askoz bizkorrago errekuperatuz eguneroko bizitza».

Sierra doktoreak, American Academy of Orthopaedic Surgeons-en (AAOS) 2024 Programa Zentraleko Batzordeko presidenteak, azpimarratu duenez «aldakako eta belauneko kirurgia protesikoaren aurrerapenekin, batez ere inplante berrien erabilerarekin, baina baita robotikarekin eta kirurgiarekin, lortu da gaur egun mota horretako kirurgiak paziente ugarirentzat eskuragarri izatea, iraganeko protesiekin eta teknikekin baino askoz emaitza funtzional hobeekin».

Haurtxoak eta bero-boladak: babesteko gakoak

Haurtxoei, bero-boladei eta haiek babesteko gakoei buruz gehiago jakiteko, kontuan izan behar da aipatutako bero-boladen aurrean talde ahulenetako bat urtebetetik beherakoa dela. Beren gorputzek ezin dute tenperatura helduek bezain modu eraginkorrean erregulatu, eta horrek arrisku larriak eragiten ditu, hala nola deshidratazioa, bero-kolpeak edo eguzki-erredurak.

Gainera, funtsezkoa da egunaren erdiko orduetan eguzkitan ez jartzea, eta inoiz ez uztea aparkatuta, ezta leihoak irekita ere, ibilgailuaren barruko tenperaturak oso azkar igo baitaitezke.

Jantziei dagokienez, garrantzitsua da arropa arina eta kolore argikoa eramatea, transpirazio egokia egin ahal izateko. Pediatrek, halaber, eguzkitik babesteko gutxienez 50eko faktorea duten krema fotobabesleak erabiltzea gomendatzen dute, baita azala ondo estaltzen duten kamisetak eta txanoak ere, haurtzaroan eguzki-erredurek ondorio negatiboak izan baititzakete helduaroan.

M.ª del Carmen Pinedo Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleko pediatrak beroarekin lotutako konplikazio larriak prebenitzeko gakoak azaldu ditu bideo honetan.

Estatuko Meteorologia Agentziak “bero-boladatzat” jotzen du gutxienez ondoz ondoko hiru eguneko gertaera bat, non aztertutako estazioen % 10ek, gutxienez, 1971-2000 aldiko uztaileko eta abuztuko eguneko tenperatura maximoen seriearen % 95eko pertzentila gainditzen duten.

 

Ospitaleak ikerketa batean laguntzen du, neke kronikoaren sindromea aztertzeko protokolo bat zehazteko

Neke kronikoaren sindromea. Iñigo Murga UPV/EHUko ikertzaileak gaitz konplexu eta ezezagun horri buruzko azterketa zorrotz bat egin du 7 urtez. Paziente bakoitzaren sintomatologia ebaluatu ostean, “gaixo-profil ezberdinak daudela” ondorioztatu du. Sintoma horiek guztiak klinikoki karakterizatu eta azpitaldeak sortzea lortu dugu, paziente bakoitza ebaluatzeko protokolo oso zehatz bat ezarri ahal izateko”. Azaldu duenez, nazioartean, “ezaugarri jakin batzuk bakarrik izango balitu bezala aztertzen da gaixotasuna batez ere, baina askotariko ezaugarriak dituela ikusi dugu”. Frontiers in Psychiatry aldizkarian argitaratu ziren alderdi horiek: “Clinical Heterogeneity in ME/CFS. Away to Understand Long COVID19 Fatigue”. San Juan de Dios ospitaleko (Santurtzi) Neurotek disautonomia-eta parkinson unitatearekin eta Gangoiti Fundazioarekin (Bilbo) lankidetzan egin da azterketa.

Urte hauetan Iñigo Murgak UPV/EHUko Neurozientziak Sailean egin duen ikerketa sakonak neke kronikoaren azterketan aurrera egiteko oinarri gisa balio dezakeen jardunbidea eskaini dio komunitate zientifikoari. Lan horrek, gainera, gaitz hori ikusgai jartzeko beharra jarri du agerian, eta tresna erraz batzuk eman ditu arreta primarioan diagnostiko goiztiarra egiteko.

Neke kronikoaren sindromea (Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena, 8E49 kodea) zenbait sistema organikotan eragiten duen sindrome neurologiko bat da, desgaitasuna sortzen duena hein handi batean; nekagarritasun iraunkorra eta azaldu ezinekoa eragiten du ahalegin bai fisiko eta bai mental txikiekin. Jatorri ezezaguneko patologia konplexua da, eta drastikoki murrizten ditu pazientearen jarduera profesionalak, sozialak eta etxekoak. Gizonezkoei baino gehiago eragiten die emakumeei, ugaltzeko adinean daudenei, baina haurtzaroan ere ager daiteke; gainera, gaixotasun arraro edo maiztasun gutxiko gisa sailkatzen da esparru soziosanitarioan, eta diagnostikora iristeko, bost urte behar izaten dira batez beste.

Era berean, ikerketan, nerbio-sistema autonomoaren funtzioak ebaluatu ziren (zeinak erraien nahigabeko ekintzak kontrolatzen baititu), eta odoleko autoantigorputzen balioak zehaztu ziren, gaixotasunaren konpromiso neurologikoa eta immunea ezagutzeko.

COVID-19aren osteko sindromearekiko antz handia

Iñigo Murgak neke kronikoaren sindromearen arazo soziala agerian jartzearen garrantzia nabarmendu du: “Pazienteek muga funtzional handiak dituzte, eta, horretaz gainera, diagnostikoa lortu ondoren, haietako askok zailtasunak izaten dituzte beren segimendua egiteko eta beren lan-eskubideak aintzat hartuak izan daitezen”. Halaber, gaitzaren konplexutasuna dela eta, euskal osasun publikoak ez du unitate espezializaturik, eta pazienteek Kataluniara jo behar izaten dute.

Murgak azpimarratu duenez, “gaitzak garrantzi handia hartu du COVID-19aren osteko sindromearekin duen antz handiaren ondorioz”. Hala ere, gehiago ikertu behar dela nabarmendu du, “kondizio desberdinak diren edo benetan berdin-berdinak diren zehazteko”.

Ikertzaileak adierazi duenez, “gaitzari buruzko ezagutzan aurrera egin behar da unibertsitatearen eta alderdi biosanitarioaren esparruan. Gaur egun, nahikoa esperientzia dugu gaixotasun honetan, UPV/EHU eta Euskal Herria nazioarteko erreferente abangoardista bihur daitezen. Lan honekin, hazia jarri dugu guk”, esan du.

Iñigo Murga Gandaseguik egindako eta José-Vicente Lafuente (Neurozientziak Saileko katedraduna) eta Juan Carlos Gómez-Esteban (Gurutzetako Ospitaleko eta Santurtziko San Joan Jainkoarena neurologoa) doktoreek zuzendutako Identificación y caracterización de subgrupos clínicos en el Síndrome de Fatiga Crónica/Encefalomielitis Miálgica. Propuesta de un protocolo para su estudio doktore-tesiak Aparteko Doktoretza Saria (2023/2024) jaso du Neurozientzietako doktoretza-programaren esparruan (UPV/EHU).

 

Iñigo Murga, Neurozientziak Saileko ikertzailea. | Argazkia: Fernando Casabella. Komunikazio Bulegoa, UPV/EHU.

Belauneko lesioak kirolarien artean: lotailu eta meniskoengatiko kontsultak ugaritu egin dira

Kirol-jarduera areagotzeak belauneko lesioak areagotzea ekarri du kirolariengan, eta gero eta kontsulta ohikoagoa bihurtu da. Belauneko lesiorik ohikoenek lotailu eta meniskoei eragiten diete batez ere, aurreko lotailu gurutzatua (LCA) baita zaurgarrienetako bat.

Hasierako diagnostikoan, erradiografiak eta erresonantzia magnetikoak bezalako irudi-azterketak sartzen dira, lesio mota identifikatzeko. Belauneko lesioak tratatzeko lehen urratsa kontserbatzailea izaten da kirolariengan, eta infiltrazioen edo errehabilitazioen bidez mina kontrolatzera bideratzen da. Hala ere, metodo horiek eraginkorrak ez badira, belauneko artroskopia erabiltzen da, ebakidura txikien bidez sartutako kamera batekin lesioa esploratzeko eta tratatzeko aukera ematen duen gutxieneko kirurgia inbaditzailea.

LCAren lesioak bereziki ohikoak dira tenisean, padelean, eskian, saskibaloian eta futbolean, non bat-bateko mugimenduak eta bat-bateko birak, kontaktu zuzenik gabekoak, baitira erantzule nagusiak. Prestakuntza fisiko eta tekniko ona edukitzeak lesio horien arriskua murrizten lagun dezake.

Jon Elorriaga medikuak, Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko traumatologoak, gehiago azaltzen du horrelako istripuei buruz. Elorriaga doktoreak ere parte hartuko du egun batzuk barru, Bilbao Hip & Knee Meeting 2024an. Goi mailako zientzia-ekitaldi horretan, nazioko eta nazioarteko espezialistek aldakako eta belauneko kirurgia berreraikitzailearen azken berrikuntzak eta aurrerapen teknologikoak aztertuko dituzte. Biltzar mediko hau Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleak antolatu du. Ospitaleak, hasiera-hasieratik, arreta berezia eskaini dio Kirurgia Ortopedikoari eta Traumatologiari, eta aurten mendeurrena beteko du.

 

Dolu prozesua zainketa aringarrien unitate batean

Zainketa aringarrien unitate bateko dolu prozesua ulertzeko, lehenik eta behin ulertu behar da zainketa aringarriak ikuspegi integral bat direla, gaixotasun larriak dituzten pazienteen eta haien familien bizi kalitatea hobetzeko diseinatua, eta, horretarako, mina eta beste sintoma fisiko batzuk arintzen direla, laguntza emozionala, soziala eta espirituala emateaz gain. Arreta mota hori ez da bizitzako azken egunetara mugatzen; gaixotasun larri baten edozein etapatan has daiteke, eta sendatzeko tratamenduekin batera eman daiteke, pazientearen eta haren hurkoen behar indibidualetara egokituta.

Gainera, zainketa aringarriek doluari heltzen diote, eta hori arretaren funtsezko zati bat da, bai gaixoarentzat, bai haren senideentzat. Dolua bitan banatzen da: lehenik, bere bizitzaren galerari aurre egiten dion pertsonaren beraren dolua, eta, bigarrenik, maite dituenen dolua. Galerara egokitzeko prozesu hori naturala da, eta ez da gaixotasun bat, nahiz eta batzuetan laguntza espezializatua behar izaten den. Zainketa aringarrietako taldeek laguntza hori eskaintzeko gaitasuna dute, doluaren garapen normala ahalbidetuz eta konplikazio psikologiko edo patologiko bihur dadin prebenituz.

Julio Gómez doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko koordinatzaileak, bizitzaren amaierako akonpainamenduaren eta doluaren gaian sakontzen du bideo honetan.

Bularreko angina: kausak, diagnostikoa eta tratamenduak

Bularreko angina bihotzeko patologia bat da, bularreko zapalkuntza- edo min-sentsazioa duena. Normalean, bihotzerako odol-fluxua murrizteak eragiten du, arteria koronario baten buxadura partzial edo osoaren ondorioz.

Anginaren sintomak jarduera fisikoak egitean edo estres-egoeretan agertzen dira, eta atseden hartzean arindu egiten dira. Agerpen tipikoak bularraren erdian min bat barne hartzen du, nahiz eta kasu batzuetan masailezurrean, lepoan, sorbaldetan edo bizkarrean ere sentitu daitekeen.

Bularreko angina ren diagnostikoa ebaluazio klinikoaren eta proba espezifikoen konbinazioan oinarritzen da, eta esfortzu-proba ohikoenetako bat da. Proba honek bihotzari ariketa kontrolatua egiten dio odol-fluxuaren erantzuna ebaluatzeko eta iskemia miokardikoaren zantzuak detektatzeko.

Bularreko anginaren tratamendua buxaduraren larritasunaren araberakoa da, eta barne har ditzake bizi-estiloaren aldaketak eta tratamendu farmakologikoa, arteriak desbuxatzeko angioplastia edo, kasu larriagoetan, bypass koronarioaren kirurgia.

Ibon Eguía Astobiza medikuak, Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko kardiologoak, patologia horretan sakontzen du gehiago hurrengo bideoan.

 

Eskuragarri dago jada Ospitalearen 2023ko memoria

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak bere 2023ko memoria korporatiboa argitaratu berri du. Dokumentua euskaraz zein gaztelaniaz deskargatzeko dago bere webgunean, eta honako hauei buruzko iazko datuak biltzen ditu: baliabide materialak, pertsonak eta balioak, baliabide ekonomikoak, asistentzia-jarduera, kanpo-kontsultak, larrialdiak, ospitalizazio orokorra, eguneko ospitalea, zainketa-eremua, eremu kirurgikoa, errehabilitazioa, laborategia, erradiodiagnostikoa, arreta espiritual eta erlijiosoko zerbitzua, etika eta bioetika, solidaritatea, kalitatea eta erabiltzaileen gogobetetzea, albiste nabarmenenak eta zerbitzu-zorroa. Bi memoriak hemen kontsulta daitezke.