Santurtziko San Joan Jainkoarena Zainketa Aringarrien Unitateak lau komunikazio zientifiko aurkeztu ditu SECPALen Kongresuan

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Zainketa Aringarrien Espainiako Elkartearen (SECPAL) kongresu nazionalaren azken edizioan, Malagan urriaren 17tik 19ra egin dena, poster formatuko lau komunikazio zientifiko aurkeztu ditu, bere Zainketa Aringarrien Unitateko eta Arreta Psikosozialeko Taldeko (EAPS) profesionalek eginak.

Malagako hiriburura joan ziren Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko Nerea Gorostiola, Estibaliz Bañales eta Asier Roman erizainak, eta Legendika Zuazua, ospitaleko EAPSeko psikologoa, Fundación ”la Caixa”-k bultzatuta.

Posterraren izenburua ‘Azken egunetako egoeran eta post mortem egoeran dauden gaixoei eta haien senideei arreta emateko protokoloa’ izan zen, lehen aipatutako hiru erizainak izan zituen egile, eta unitateko langile guztien laguntza izan zuen. Bertan adierazten denez, azken egunetan eta post mortem egoeran dagoen gaixoarentzat eta haren senideentzat zainketa eta laguntza egokiak bermatzeko, gaixoari eta haren senideei bi egoeretan arreta emateko protokolo bat egitea proposatu zen, zainketa aringarrien unitate baten barruan.

Horrela, bi protokoloetako bakoitzaren urrats zehatzak, praktika profesionalean eta diziplinarteko talde baten ebidentzia zientifikoan oinarrituak, komunikazio zientifikoan azaldu ondoren, ondorioetan adierazten da, horiei esker, profesionalen antsietatea eta beldurra murriztea lortzen dela, praktikan laguntza eskaintzen duen tresna bat eraikitzean. Gainera, egileek ondorioetan adierazten dutenez, beharrezkoa da profesionalentzako autozainketa gida bat sortzea, eta protokoloa urtero berrikustea eta eguneratzea.

Aurkeztutako beste poster baten izenburua honakoa da: ‘Errukiak, burnout-ek eta erruki gogobetetzeak eragindako neke arriskua zainketa aringarrietako unitate bateko profesionalengan’. Asier Román, Paloma Jiménez eta Àngels Ballestak (Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko medikua) egindako komunikazio zientifiko honek zainketa aringarrien unitate bateko 25 profesionali egindako zeharkako azterlan deskribatzaile bat islatzen du, Pro-QoL eskala erabiliz. Ikerketak autozainketa hobetzeko neurriak proposatzea ahalbidetuko du.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko profesionalek Malagako SECPALen kongresu nazionalean erakutsitako hurrengo posterrak ‘Zainketa aringarriak ikusarazteko podcast bat sortzeko prozesua’ azaltzen du. Horren egileak Estíbaliz Bañales eta Nerea Gorostiola dira, Viviendo en la frontera podcastaren bultzatzaileak, 2024ko apirilean sortu eta hilero emanaldiak dituena. Posterrean helburua, diseinua, formatua eta egindako argitalpenak deskribatzen dira, Ivoox, Spotify, Amazon Music eta YouTube plataformetan entzun ahal izateko.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko profesionalek SECPALen biltzarrean aurkeztutako laugarren posterraren izenburua honakoa da: ‘Dementzia oso aurreratua duten pertsonei eta haien familiei arreta psikosoziala emateko programa bat ezartzea Bizkaiko eta Arabako egoitzetan’. Honako hauek dira egileak: Legendika Zuazua eta Nereida Corral Ibáñez, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalekoak; Amaya Cuevas Parra, Sestaoko Juan Ellacuria Udal Egoitzako psikologoa; eta Susana Agorreta Pinilla, Gasteizko Ajuria Egoitzakoa, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundekoa.

Dementzia aurreratua duten pertsonei eta haien familiei laguntza psikosoziala emateko programa hau “la Caixa” Fundazioaren laguntzarekin garatzen da sei egoitzatan, arreta aringarriaren eta pertsonarengan oinarritutako zaintzaren esparruan. Programa honen helburuak dira erosotasuna, interakzio soziala, estimulazioa, jarduera esanguratsuak eta egokituak egitea, eta ongizatea sustatzea. Familien eta profesionalen gaikuntza, parte hartzea eta gogobetetzea ere sustatu nahi ditu. Inplementatu ondoren, egileek egoiliarren ongizate erreakzioak, banakako premia psikosozialetara egokitzapen handiagoa eta zaintzaileen gogobetetze handiagoa egiaztatu dituzte laguntzeko orduan.