Tag Archive for: Hospital San Juan de Dios de Santurtzi

Juan Ciudad GGKEren Euskadiko ordezkaria Ospitaleko anaia eta profesionalekin bildu da

Joan den abenduaren 21ean Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalera Juan López Sánchez etorri zen, Juan Ciudad GGKEk (garapenerako gobernuz kanpoko erakundea) Euskadin duen ordezkari berria, ardura horretan Eugenio Alonso ordezkatuz. Han hainbat pertsonarekin elkartu zen: Mariano Bernabé Anaia, Anaien Komunitateko burua; Iraide Sesmero, Boluntariotzako arduraduna; Inés Becerra, Arreta Espiritual eta Erlijiosoaren Zerbitzuko (AEEZ) arduraduna; Vanessa Machado, Ospitaleko gizarte langilea; Gema Fernández del Arco, Zuzendaritzako idazkaria; eta Gizarte Laneko praktiketako bi ikasle.

Lan bileran, Juan Ciudad GGKEren ordezkariak interesa agertu zuen Ospitaleko Elkartasun arloaren antolaketarekin eta jarduerekin, batez ere nazioarteko lankidetzaren esparruarekin eta, zehazkiago, Monroviako (Liberia) New Kru Town osasun zentroari Laguntzeko Programarekin. 2009. urtetik martxan dagoen programa honetarako laguntza era ezberdinetara lortzen da: urtero martxoaren 8an zabaltzen den artisau merkatu solidario batekin, dohaintza partikularrekin eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Lagunen Sarearen laguntzarekin abian jartzen diren bestelako ekimen puntualen bidez.

Juan López Sánchezek bere esker ona adierazi zuen topaketagatik, eta ospitaleko profesional eta anaiekin harremanetan jarraitu nahi zuela adierazi zuen, bi erakundeen arteko lankidetza eta elkarlana hobeto garatzeko.

Juan Ciudad ONGD (JCONGD) garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bat da, Espainiako San Juan de Dios Ospitale Ordenak 1991n sortua. Gizarte eta osasun arloan lan egiten du, nazioarteko lankidetzaren bidez, giza garapen iraunkorraren eta Giza Eskubideen defentsaren alde, eta arreta berezia jartzen dio osasunerako eskubideari. Horretarako, pertsona guztiek laguntza soziosanitarioko zerbitzuak izatea sustatzen du, eta bere jarduera eremuak planetako eskualde pobreenak dira.

Kirolaria zara eta min hartu duzu? Medikuntza Birsortzaileak zure onera etortzen lagun diezazuke

Kirolari kopuru handi batek lesio traumatologiko motaren bati aurre egin beharko dio bere kirol ibilbidean zehar. Medikuntza Birsortzailea diziplina anitzeko eremua da, eta giza gorputzean kalteak dituzten ehunak konpondu, birsortu edo ordeztera zuzenduta dauden terapiak garatzea eta aplikatzea du helburu. Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen kasuan terapia biologikoen konbinazioaren alde egiten dugu. Helburu nagusia? Arazoak dituen ehun edo organoaren funtzio normala berrezartzea.

Lortzen diren emaitzen arabera, bi egoera bereiz ditzakegu: birsorkuntza, ehunaren egitura eta funtzioa %100ean berreskuratzen denean; edo konponketa, hobekuntza partziala lortzen denean.

Gustuko  duzun kiroletik ezerk ez zaitzala aldendu! Javier González Iglesias doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Kirurgia Ortopediko eta Kirol Traumatologiako espezialistak, gako guztiak azaltzen dizkizu.

https://youtu.be/FQVYajI-0Uk

#UnHospitalProximo

Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleak Harrobi diploma lortu du euskara sustatzeko duen konpromisoagatik

Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleak Harrobi diploma jaso du Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi publiko batean, euskara sustatzeko duen konpromisoagatik. Aitortza hau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ematen die euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoa egiaztatzen dituen ebaluazioa gainditu duten Euskadiko sektore sozioekonomiko pribatuko erakundeei. Ospitaleko Euskara Batzordeko hiru kide izan dira ekitaldian: Urko Marcos, Ainhoa López-Pasarín eta Mónica Carbajales.

Harrobi diplomak, Gobernu Kontseiluak ekainaren 27an onartutakoak, Euskadiko erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskararen garapen maila ebaluatu, egiaztatu eta aitortzeko sistema osatzen du.

Gainera, ebaluazio egokitua eskaintzen die une jakin batean Bikain ziurtagiri maila egiaztatu ezin duten erakundeei, eta euskararekiko konpromisoa aitortzen die kanpo ebaluazioa gainditu duten erakundeei, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen kasua hain zuzen.

Diploma hau lortzeak eremu sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa indartzea ziurtatzen du. Halaber, Bikain ziurtagirientzako “harrobi” bat sortzen du, hau da, euskararen erabilera eta kudeaketa hobetzen eta areagotzen ari diren erakundeak Bikain ziurtagiriak lortzera bideratzen ditu.

Kanpoko adituek egindako ebaluazioaren bidez, euskararen erabilerari buruzko ekarpen kualifikatuak eman zaizkio Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleari, eta haren kudeaketa indartu egin da. Indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak ere aztertu dira, aurrera egiteko oinarrizko orientabideak lortzeaz gain.

Azken finean, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleari ematen zaion Harrobi diplomak aitortza eta berme instituzionala ematen dizkio ospitale honek euskararen inguruan egindako lan eta ahaleginari.

Euskara plana eta batzordea

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak 2019ko irailean iragarri zuen euskara plan bat diseinatu, ezarri eta ebaluatzeko prozesua jarriko zuela abian bere egoitzan. Horretarako, osasun zentro honek hizkuntza kudeaketa zerbitzuetan espezializatutako Artez enpresaren laguntza du orduz geroztik.

Lehen fase honetako alderdietako bat euskara batzorde bat eratzea izan zen. Batzorde horrek Ospitaleko gerentziarekin lankidetzan dihardu, hizkuntza horren inguruan abian jartzen diren ekimen ezberdinak garatzeko eta ebaluatzeko. Batzordeak laguntzen du proposatzen diren helburuen ekintzak, arduradunak, epeak, baliabideak eta adierazleak definitzen.

Hilabete batzuk geroago, Ospitaleko Euskara Batzordeak eta Artezek hizkuntza honek zentroan duen egoerari buruzko azterketa baten emaitzak jakinarazi zituzten, ospitaleko 139 langilek parte hartu zuten ikerketa bati esker.

Diagnostikoaren emaitza garrantzitsuenek erakutsi zuten, hizkuntzaren ezagutzari dagokionez, langileen %75ek euskara ulertzen duela eta %23 elkarrizketa bat izateko gai dela. Erabilerari dagokionez, %88k oso gutxitan erabiltzen du euskara lan ingurunean, edo inoiz ez. Azkenik, azterketan parte hartu zuten langileen %80 baino gehiago euskara plana ezartzearen alde zegoen, eta %75ek prestakuntza jasotzeko interesa zuen.

Ondoren, Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleko euskara plana diseinatzen jarraitu du euskara batzordeak Artezen aholkularitzarekin, eta planaren helburu eta ekintzak zehaztu ditu denbora horretan.

Amigdalitis akutua edo anginak txikienetan: ezagutu gako guztiak

Amigdalitis akutua edo anginak oso infekzio arrunta dira txikienetan, eta eztarriko mina, sukarra eta, batzuetan, lepoko gongoilen hantura eragiten ditu. Patologia horren jatorria birikoa nahiz bakteriozkoa izan daiteke.

Bakterio-amigdalitisaren kasuan, estreptokokoak gertatzen direnean, oso garrantzitsua da tratamendu egokia jasotzea, konplikaziorik gerta ez dadin eta haurra eztarrian mikroorganismo horien eramaile bihur ez dadin, eta amigdalitis aldi horietako asko behin eta berriz gerta ez daitezen.

Zure seme-alabak arestian aipatutako sintometakoren bat badu, test estreptokoziko azkar bat egin diezaiokegu Ospitalean, 10 minutu baino denbora laburragoan. Makiltxo txiki baten laguntzaz, eztarritik lagin bat ateratzen da, eta, emaitzekin, amigdalitisaren konplikazioetarako tratamendu onena zehaztu daiteke.

María del Carmen Pinedo Doktoreak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko pediatrak, gako guztiak partekatu ditu bideo honetan: https://youtu.be/z-Ct5jyo-Dc.

 

Gizarte Ekintza Sailak Sestaoko Juan Ellacuría Larrauri adinekoen udal egoitzaren eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko APSTren proiektu bateratua saritu du

Iraupen Luzeko Zainketetan pertsonalizatzeko jardunbide on hoberenei egindako aitorpenak eman ditu Bizkaiko Foru Aldundiak joan den asteartean, abenduaren 12an. Deialdiaren bigarren edizioa da, eta, guztira, 26 hautagaitza aurkeztu dira. Hautagaitzak Bizkaian iraupen luzeko zainketen arloan lan egiten duten erakunde publiko edo pribatuetatik datoz, bai etxean, bai eguneko zentroetan, bai egoitzetan, mendekotasuna duten pertsonei edota ezgaitasuna dutenei ematen zaizkienak. Ekitaldiaren buru Amaia Antxustegi izan da, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua.

Deialdi honen barruan, Eguneroko Bizitza eta Bizitza Esanguratsua kategoriaren barruan, sariak ebaluatzeko batzordeak aipamen berezia egin dio ‘Laztandu Ellacuría’ jardunari, Sestaoko Juan Ellacuría Larrauri adineko pertsonen udal egoitzak eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak ezarria.

Gerardo Rodríguez egoitzako zuzendariak, Amaya Cuevas zentro horretako psikologoak, eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko koordinatzailea den Julio Gómez doktoreak jaso zuten Aldundiaren aintzatespena.

Aipamen bereziarekin aitortzen den proiektua Sestaoko udal egoitza honek Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitalearekin duen lankidetza hitzarmenaren esparruan garatzen da, “la Caixa” Fundazioak sustatutako gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonentzako arreta psikosozialeko programaren barruan. Hitzarmen horren arabera, Ospitaleko Arreta Psiko-Sozialaren Taldeko (APST) profesional bat, Legendika Zuazua psikologoa, astero joaten da egoitzara bere lana egitera, zentroko profesionalekin batera jardunez. Ospitaleko Nereida Corral psikologoak ere parte hartu du proiektuaren diseinuan.

Hartara, ‘Laztandu Ellacuría’ proiektua egoitza ingurunean dementzia oso aurreratuarekin bizi diren Sestaoko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko proposamena da. Ekimen honek pertsonengan eta harremanetan jartzen du arreta, eta laguntza soziala eta emozionala eskaintzen du zentzumenak estimulatzeko jarduera esanguratsuen bidez.

‘Laztandu Ellacuría’ proiektuko saioak talde esparru batean egiten dira, eta, horietan, banakako hurbilketa multisentsoriala egiten da, haren biografia sentsorialaren arabera. Hala, egoiliarrarekin harremanetan jartzen saiatzen da ukimenaren, soinuaren, usaimenaren, ikusmenaren, gustuaren eta mugimenduaren bidez, erosotasunerako eta gizarte elkarreraginerako gune bat eskaintzeko, bere inguruko pertsonak, esate baterako familiakoak, boluntarioak eta profesionalak partaide dituena.

‘Laztandu Ellacuría’-k, Sestaoko Juan Ellacuría Larrauri adineko pertsonen udal egoitzaren barruan espazio erregularra eta egituratua eskaintzea du helburu, gizarte erosotasun eta interakzio esanguratsuz hornitua, dementzia aurreratua duen pertsonaren bizi kalitatea hobetzeko, eta laguntza informaleko sarea osatzea bere beharrizan psikosozialei erantzuteko.

Xede horiek lortzeko, proiektuak arreta indibidualizatu egiten du, eta arreta jasotzen duen pertsonaren lehentasunetara eta nahietara egokitzen du, familiaren eta zentroko langileen zainketekiko gogobetetasuna hobetuz.

Ondorio gisa esan daiteke ‘Laztandu Ellacuría’ saiatzen dela identitate pertsonalaren zentzua sustatzen, arreta aldez aurretik planifikatzeko aukera bat sortzen eta dementzia aurreratua duten egoiliarren inguruko sare soziala aberasten.

 

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak bere jaiotza artistikoa berreskuratu du

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak bihar inauguratuko du bere jaiotza artistiko berria, Bilboko Justo eta Pastor Santuak Jaiotzazaleen Elkarte Belenistak egina eta ospitaleko kaperan kokatua (sarbidea Cristobal de Murrieta etorbidetik, 70. Santurtzi).

Jaiotza doan ikus daiteke, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Hartara, joan den mendeko berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan ospea eman zion tradizioa berreskuratu du ospitaleak, baina orain jarrita dagoen jaiotza guztiz berria da.

Antzezpen artistikoan hiru eszena daude: jaiotza, Belengo herrixka artzainekin eta gaztelu bat. Helburua ohitura kristau zahar eta tradizional horri berriro heltzea da, eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Gabonetan egiten dituen jarduera ugarien barruan hura berriro indartzea.

 

ADISAk ‘Jarri nire lekuan’ saria eman dio Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleari

Santurtziko Desgaitasuna duten Pertsonen Elkarteak (ADISA) ‘Jarri nire lekuan (Andrés Benzal)’ sariak banatzeko ekitaldia egin du gaur Santurtziko Dorretxean. Aurten hamargarren edizioa bete dute. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñaki Blanco eta Anabel Dorado, ADISAko lehendakaria eta lehendakariordea; Karmele Tubilla, Santurtziko alkatea; eta Ixone Andreu, Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotzia, beste pertsonalitate batzuen artean.

Sari hauek desgaitasunaren mundua hobetzeko zerbait egiteagatik udalerrian nabarmendu diren pertsona, entitate edo establezimenduak aintzatesten dituzte. Sari hauek urtero banatzen dira, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren barnean, urtero abenduaren 3an ospatzen dena.

Ohorezko laguntzaile modalitateko saria Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleko Desgaitasun Fisikoa eta Mendekotasuna duten Helduen Unitateari (UDFAD) eta Zainketa Aringarrien Unitateari eman zaie aurten. Saria jasotzeko ekitaldian egon dira Mariano Bernabé Anaia, San Joan Jainkoarena Anaien Komunitateko burua, eta Marian Lanzagorta, ospitale honetako Erizaintzako zuzendaria.

Aurrekoaz gain, Irisgarritasunaren modalitatean ADISAren ‘Jarri nire lekuan’ sariak Hala Bazan-i (KonZept Denda) aitorpena eman dio, dibertsitate funtzionala duten pertsonen irisgarritasunarekin duen konpromisoagatik.

ADISAko lehendakari Iñaki Blancok adierazi duenez, «urte honetatik aurrera, sari hauek ‘Jarri nire lekuan (Andrés Benzal)’ izena izango dute. Andresen oroimenez, gure lankide eta laguna. Mi Dulce Geisha bere taldeko kide gisa gurpildun aulki batean zegoela, aniztasun funtzionala duten pertsonak ikusarazi zituen bere kontzertuen bidez. Horrela, frogatu zuen aniztasun funtzionalak ez duela oztopo izan behar zure ametsak lortzeko».

Bestalde, Mariano Bernabé Anaiak eskertu egin dio ADISAri «egunez egun Santurtzin egiten duten lana, herritarrak eta, bereziki, merkatariak, ostalariak eta era guztietako entitateak kontzientziatzeko, Santurtzi jende guztiarentzat gero eta irisgarriagoa eta atseginagoa izan dadin».

Desgaitasun Fisikoa eta Mendekotasuna duten Helduen Unitatea (UDFAD)

2004. Urtean, Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleak lankidetza hitzarmena sinatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiarekin, ezgaitasun fisiko larria edo oso larria eta mendekotasun larria edo oso handia duten pertsona helduei laguntzeko xedea duena.

Arreta hori Desgaitasun Fisikoa eta Mendekotasuna duten Helduen Unitatean (UDFAD) ematen da. Desgaitasun fisiko larria edo oso larria duten eta mendekotasun larria edo oso handia duten pertsona helduentzako egoitza soluzio bat da, heldu horien ezaugarri bereziengatik Bizkaiko Lurralde Historikoko sare sozial edo soziosanitarioko ohiko baliabide komunitarioetan zaintzen eta maneiatzen zailak direlako.

Oso modu orokorrean esan daiteke UDFAD unitatea, lehenik, pertsona modu integralean baloratzeaz arduratzen dela, haren egungo egoera ikuspegi biopsikosozialetik zehazteko, egoiliarrak dituen nahasteak eta desgaitasunak hasieratik tratatzeko xedearekin. Hortik aurrera, diziplina anitzeko taldeak modu integratuan egiten du lan, esku hartzeko banakako plan baten arabera. Plan horrek pertsonak behar dituen osasun, psikologia eta gizarte zainketak ematen ditu, gaitasunak indartzen ditu, ahalmenak garatzen ditu eta, kasurik okerrenean, narriadura moteltzen du.

Zainketa Aringarrien Unitatea

Bestalde, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea bizitzaren amaieran dauden gaixoak zaintzen hasi zen, modu sistematikoan eta zainketa aringarrietara bideratuta, 1993an. Harrezkero, arreta hori modu integralean garatu da Zainketa Aringarrien Unitatea gaur egun erreferentzia bihurtu arte laguntzan, prestakuntzan, dibulgazioan eta ikerketan.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateak 1993an abian jarri zenetik 2022. urtera arte Euskadiko 10.000 herritar baino gehiago artatu ditu, bizitzaren amaieran gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonak eta baita haien senideak kontatuz. Horietatik 6.000 Ospitalean artatuak izan dira, eta gainerako 4.000 lagunak euren etxeetan. Kopuru horietan sartzen da bere Arreta Psikosozialeko Lantaldearen lana. “La Caixa” Fundazioaren laguntza du, eta laguntza ematen die, bai ospitale unitateari eta zainketa aringarrien etxez etxeko laguntza taldeari, bai eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko eta Usansolo Unibertsitate Ospitaleko Etxeko Ospitalizazioko taldeei eta Arabako ESI-Erakunde Sanitario Integratuko Osasun Aringarriaren zerbitzuari ere. Halaber, 2016. urteaz geroztik, Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleko Zainketa Aringarrien Ospitale Unitatea integratuta dago Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta eta Barakaldo-Sestaoko Erakunde Sanitario Integratuetan (hamar osasun zentrok, kontsultategi batek eta San Eloy Ospitaleak osatuta).

 

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Jesús Moreta eta José Ignacio Undabeitia doktoreak, Espainiako 50 mediku onenen artean

Top Doctors Internet plataformak argitara eman berri du Espainiako sektore pribatuko 50 mediku onenen sailkapena. Sendagile talde txiki horretan daude Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleko bi espezialista: Jesús Moreta Suárez doktorea, Kirurgia Ortopedikoko eta Traumatologiako arloko koordinatzailea, eta José Ignacio Undabeitia Santisteban doktorea, Otorrinolaringologiako espezialista.

Top Doctors-en sailkapena medikuen botazioen bidez egin da, bost mila baino gehiagorekin. Bozkatzaileek medikuen aintzatespen nazionala eta nazioartekoa, gaitasun klinikoak eta ikerketa lana baloratu dituzte, besteak beste. Halaber, bozketaz gain, medikuek adierazi behar izan dute zer espezialista gomendatuko lieketen euren senideei.

Jesús Moreta Suárez traumatologoa, 2023aren hasieratik, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Kirurgia Ortopedikoaren eta Traumatologiaren arloko koordinatzailea da, eta espezialitate horretako erreferentzia bat da Espainia osoan. Hamabost traumatologo ditu, lokomozio aparatuko arloetan adituak, bai eta terapia biologikoetan, nabigatzailearen bitartezko kirurgian eta kirurgia robotikoan ere.

Moreta doktorea aldakan eta belaunean aditua da, eta dedikazio berezia eskaintzen dio aldakako eta belauneko protesien kirurgiari eta artikulazio horien artroskopiari. Aldakako protesien kirurgia Naviswiss nabigatzailearekin Espainian egin zuen lehen espezialista izan zen. Teknika horretan, maila handiko aditutzat hartua da nazioartean.

Gijónen jaio zen (1982), eta atzerriko ospitale ospetsuetan osatu du bere prestakuntza, besteak beste honako hauetan: Mayo klinika (Rochester, AEB), Hospital for Special Surgery (New York, AEB), Golden Jubilee National Hospital (Glasgow, Erresuma Batua), John Radcliffe Hospital (Oxford, Erresuma Batua) eta Princess Elizabeth Orthopaedic Centre (Exeter, Erresuma Batua).

Jesús Moreta doktoreak kalifikazio gorena jaso zuen SECOTen (Kirurgia Ortopedikoaren eta Traumatologiaren Espainiako Elkartea) azterketa nazionalean, 2013. urtean. 2014. urtean, Kirurgia Ortopedikoko Espainiako Urteko Egoiliarraren saria eman zitzaion (SECOT Fundazioa). Espezialitateko Europako azterketa arrakastaz egin ondoren, Fellow of the European Board of Orthopaedic Surgery and Traumatology titulua jaso zuen 2014. urtean. 2015. urtean, Miguel Cabanela Travelling Fellowship saria eman zitzaion Mayo Klinikan egonaldiak egiteko. 2017an, Aldakako Europar Elkartearen EHS Traveling Fellowship beka jaso zuen, Alemanian aldakako kirurgiako lau bikaintasun zentrotan egonaldia egiteko. Gaur egun, Aldakako Kirurgiako Espainiako Elkarteko (SECCA) zuzendaritza batzordeko kidea da.

Bere ikerketa jardueran, patologia ortopedikoari buruzko hainbat artikulu zientifiko argitaratu ditu, eta bere espezialitateko kongresu nazional eta nazioartekoetan 100 komunikazio baino gehiago aurkeztu ditu. Halaber, espezialitateko aldizkari entzutetsuetako ikuskatzaile gisa parte hartzen du, hala nola Journal of Orthopaedic Surgery and Research, Hip International, HSS Journal eta Revista Española de Cirugía Ortopédica y Traumatología.

Jesús Moreta doktorea elkarte zientifiko hauetako kide da: EHS (Aldakako Europar Elkartea), AOTrauma (Hausturen Osteosintesia Aztertzeko Elkartea), SECOT (Kirurgia Ortopediko eta Traumatologikoko Espainiako Elkartea), SECCA (Aldakako Kirurgiako Espainiako Elkartea), SEROD (Belauneko Espainiar Ekartea) eta AEA (Artroskopiako Espainiar Elkartea).

Erreferentea Otorrinolaringologian

Bestalde, José Ignacio Undabeitia Santisteban doktorea Gurutzetako (Bizkaia) Unibertsitate Ospitaleko Otologia Ataleko burua izan da. Fakultatibo Mediko eta Teknikoen lanbide taldeko IV. maila du (Aholkulari Seniorra), dagoen maila profesional altuena. Halaber, Euskal Herriko Unibertsitateko Otorrinolaringologiako irakasle eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Otorrinolaringologiako graduatu aurreko eta ondoko tutore izan da. Bere espezialitateari buruzko argitalpen zientifiko ugari ditu, eta hainbat biltzarretan hizlari gisa parte hartu du.

Aurrekoaz gain, 1982az geroztik lanean diharduen Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitalean zuzendari medikoaren kargua bete zuen zenbait urtez.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Otorrinolaringologia Zerbitzuko mediku taldea arduratzen da belarriko gaixotasunak eta goiko aero-digestio bideetako gaixotasunak (ahoa, sudurra, faringea, laringea) prebenitzeaz, diagnostikatzeaz, tratatzeaz eta birgaitzeaz, bai eta horien ondoriozko funtzioez ere (entzumena, arnasketa, aurpegi garbiketa, irenstea eta fonazioa: ahotsa eta hizketa), baita patologia eta funtzio horiekin konektatutako edo haiekin zerikusia duten zerbikaletako eta aurpegiko egiturez ere.

 

Mina sentitzen duzu? Ezagutu Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleko Minaren Unitatearen lana

Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleko Minaren Unitateak mediku anestesiologoen talde bat du, eta mota guztietako min kronikoak, onkologikoak eta ez onkologikoak, tratatzen espezializatuta dago.

Gaitz bati aurre egiteko lehen urratsa terapia farmakologiko bat erabiltzea da, baina minak atzera egiten ez duen kasuetan, prozedura interbentzionista ugari eta aurreratuak ere badaude.

Konbinazio horri esker, pazienteen ondoez maila gutxitzea lortzen da, errehabilitazio tratamendua garatu eta osatu ahal izan dezaten eta, hartara, ahalik eta azkarren sendatzeko.

Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitalean, mina arintzeko eta mina duten pertsonen funtzionaltasuna berreskuratzeko behar diren tresna guztiak ditugu. Ospitaleko Minaren Unitateko Deiene Lasuen Doktoreak unitate honen xehetasun guztiak azalduko dizkizu.

#GertukoOspitaleBat

 

Julio Gómez sendagile paliatibistak gupidaren unibertsoa aztertzen du bere azken liburuan

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak liburu berri bat argitaratu berri du, Desde la compasión izenekoa, zentro honetako Zainketa Aringarrien Unitateko koordinatzailea den Julio Gómez Cañedo Doktoreak idatzia. Obrak 117 orrialde ditu eta Amador Fernández Anaiaren hitzaurrea du, Espainiako San Joan Jainkoarena probintziako nagusia. Guztira autorearen 106 gogoeta biltzen ditu, bertso librean idatziak, gupidaren alderdi desberdinei buruzkoak. Maketazioa Ramón Castejón García Anaiak egin du, eta azaleko irudia François du Champ-ek. Doan deskarga daiteke formatu digitalean (“pdf”) Santurtziko ospitaleko web ataritik, Publicaciones menuaren barruan.

Autoreak kontatzen duen bezala, pazienteekin, senideekin eta profesionalekin zainketa aringarrietan igarotako bi hamarkadetan zehar, «zainketen erdigunean harremana dagoela konturatu naiz. Gaixotasunean ere sendagarriak diren loturak sortzen dituen harremana, eta zailtasun handienetan ere itxaropena sortzen duena. Esperientzia horretan sakonduz, gupida berriro aurkitu nuen. Oso ahaztuta nuen eta erlijio guneetara alboratuta zegoen hitza, eta eguneroko bizitzatik urrunegi. Oinazearen eta sufrimenduaren ondoan gupida topatu nuen, testuinguru horietan esku-hartze guztia ordenatzen duen jarrera gisa».

«Gupidan», autoreak aitortzen jarraitzen du, «zentzua, indarra eta errealitatearen aurreko begirada berri bat aurkituz nindoan. Eta gogoetan, meditazioan eta nire otoitzean, gupida maiz sortzen zen. Eta nire idatzietan gero eta ugariagoa zen errukiaren balioarekiko aipamena».

Laburbiltzen duenez, nahiz eta liburua osatzen duten errukiari buruzko gogoetak «ez ziren hasieran argia ikusteko idatzi», «bizitza partekatzeko eta gupidaren inguruko meditazioa bultzatzeko saio bat dira. (…) Eta aukera bat izan daitezela gupida gure barruan finkatzeko eta gure bizitzak gidatzeko».

Bere aldetik, Amador Fernández Anaiak, Espainiako San Joan Jainkoarena probintziako nagusiak, obraren testuari dagokionez, adierazi du haren edukiak «giza sufrimendua bere forma guztietan ondo ezagutzen duenaren indarra, hurbiltasuna eta samurtasuna» transmititzen duela, eta « sufritzen dutenengana gupidatik hurbildu dela. Bizitzea, arnastea, sentitzea, gupidatik. Norberaren lanbidearen norabidea gupidatik orientatzea. Berak bilduta eta babestuta zaudela jakitea, pertsona gisa eraikitzen gaituen emate eta jasotze emankorrean».

Julio Gómez Doktoreak gupidari buruz hitz egiten du orrialde hauetan «ez teorizatzen duenak hitz egin lezakeen moduan, baizik eta, berak adierazten duen bezala, bere barne mundua, bere intimitatea zerk adierazten duen islatzen du orriotan. Eskerrak eman behar dizkiogu lotsa garaitu duelako eta oparitu digulako, bizitza miresten duten poesiazko hitzekin, gupidari egindako kantu hori, obra osoaren oinarrian dagoen gaian batasuna eta harmonia aurkitzen duten aldaera gisa». Eta San Juan de Dios probintziako nagusiak honela amaitzen du: «adierazpen ugaritan modulatua, bizitza osoa hartzen duten ñabardura ugaritan jasoa, gupidak hemen bere indarra eta argitasuna zabaltzen ditu, eguneroko keinu txikien apaltasunean eta bizitzaren bilakaera soilean».