Tag Archive for: cuidados paliativos

Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrien erizaintza ekipoak jaso du poster onenaren saria SECPALen jardunaldietan

Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko erizain taldeak egindako ‘Pazienteen eta familien esker onak zainketa aringarrien zerbitzuko profesionalengan duen eragina’ posterrak Salamancan egin berri diren Zainketa Aringarrien Espainiako Elkartearen (SECPAL) XIV. Nazioarteko Jardunaldietako poster formatuko komunikazio onenaren saria jaso du.

Ikerketaren —azterketa kualitatibo deskriptiboa— helburua izan da zainketa aringarrien zerbitzu bateko profesionalengan esker onaren esperientziak sortzen duen erantzuna eta horrek lanerako motibazioan duen eragina ezagutzea.

Posterrean ondorioztatzen den bezala, Zainketa Aringarrien Unitatean lan egiten duten profesional gehienek emozio positiboak izaten dituzte artatzen dituzten pazienteen eta senideen esker ona jasotzean. Esker on horiek bultzatu eta motibatu egiten dituzte zerbitzu horretan lanean jarraitzeko. Emaitzetan ez da alde esanguratsurik ikusten profil profesional ezberdinen artean, ezta zainketa aringarrien esperientzian ere.

Lanaren egileak Estibaliz Bañales, Asier Roman, Nerea Gorostiola eta Alaitz Arguello izan dira, baina Zainketa Aringarrien Unitateko erizaintza taldeak saria unitate horretako koordinatzaileari, Julio Gomez doktoreari, ere badagokiola dio, baita medikuntzako, erizaintzako, psikologiako, gizarte laneko, arreta espiritual eta erlijiosoko, erizaintzako eta garbiketako zainketa osagarrietako gainerako profesionalei ere, jarduna izanik ospitaleko arretan nahiz etxekoan.

Saritutako lanari dagokionez, Estibaliz Bañalesek, lehen egileak, honako hau azaldu du: «gure eguneroko lanean, beste gauza batzuen artean, sentsibilitate handia eskatzen duten hauskortasun handiko pertsonak zaintzen ditugu. Hori ez da lan erraza. Senideek arreta hori baloratzen dutela ikusi dugun moduetako bat jasotzen ditugun eskerrak dira. Horiek guztiak aztertzea eta profesionaloi nola eragiten diguten aztertzea modu polita iruditu zitzaigun haiek gogoan izateko».

Hainbat autorek diotenez, esker ona garrantzi bereziko fenomenoa da bizitzaren amaierako arretan. Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko erizainak nabarmendu duenez, «ohikoa da zainketa aringarrien arloko lana ikuspegi negatibo batekin lotzea. Hala ere, zaintza horiek osasuna “ez berreskuratzeko” egoeretan eskaintzen diren arren, oso ohikoa da zerbitzu horietan lan egiten duten profesionalek pazienteen eta haien senideen esker oneko erantzun ugari jasotzea. Gure ustez, esker on horiek eragin positiboa dute profesionalengan».

Bañalesek baloratu duen bezala, «emaitza oso positiboa izan da eta oso pozik gaude. Saria irabazi izanak orain arte bezala lan egiten jarraitzera bultzatzen gaitu, eta erakusten digu arlo emozionalak eta ukiezinak ere pisu handia dutela eta ez direla ahaztu behar».

 

Argitalpen berria: ‘Atención médica al final de la vida desde la Deontología’

Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuak bere zuzendari Jacinto Bátiz Cantera jaunaren liburu berri bat argitaratu berri du, Atención médica al final de la vida desde la Deontología izenekoa. Lanak 129 orrialde ditu, maketazioa Ramón Castejón García Anaiak egin du eta estalkia Amalia San Martín Garcíak. Doan deskarga daiteke formatu digitalean (“pdf”) Santurtziko ospitaleko web ataritik, ‘Argitalpenak’ menuaren barruan.

Liburuaren hitzaurrea Marcos Gómez Sancho doktoreak egin du, Zainketa Aringarrien Espainiako Elkarteko (SECPAL) ohorezko presidentea, Elkargoko Erakunde Medikoaren (OMC) Deontologia Batzorde Nagusiko presidente ohia eta erakunde horretako Bizitzaren Amaierako Arreta Medikoaren Behatokiko koordinatzailea.

Argitalpen berri honen ezaugarri nagusietako bat bizitzaren amaierako arretaren eta deontologia medikoaren arloko hainbat aditu ezagunen ekarpenak dira. Pertsona horien artean, honako doktore hauek aipa daitezke: José María Domínguez Roldán, Juan José Rodríguez Sendín, Manuel Fernández Chavero, Pilar León Sanz, Luis Ciprés Casasnovas, Felicidad Rodríguez Sánchez, María Teresa Vidal Candela, Alberto Fidalgo Francisco, Sandra Ferrer Gelabert, Rafael del Río Villegas, Ángel Pérez Arias, Mariano Casado Blanco, Rogelio Altisent Trota, Javier Rocafort Gil, Álvaro de la Gándara del Castillo, Francisco Barón Duarte, Elia Martínez Moreno eta María Castellano Arroyo.

Jacinto Bátiz doktoreak adierazi bezala, «gaixotasun terminalaren egoeran, etika medikoak lagundu eta kontsolatu beharra ere ezartzen du, eta horiek ez dira eginkizun eskualdagarriak edo garrantzi txikiagokoak, asistentziaren kalitaterako garrantzi handiko ekintza medikoak baizik. Gaur egun benetan gizatiarra den medikuntza batean ez dauka lekurik sufrimendu terminalaren aurrean gaitasun terapeutikorik ez izateak, dosi eskasak edo gehiegizkoak ematen dituen tratamendu desegokiak izan, nahiz  abandonua izan».

Aurreko planteamenduarekin bat etorriz, Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Hobeto Zaintzeko Institutuko zuzendariak azaldu duenez, «hiltzeko prozesuan, bere bizitzaren amaieran, sufritzen duen pertsonari laguntzea medikuaren betebehar deontologikoa da. Deontologia medikoak gaixoari laguntzera bultzatzen du medikua, bere sintomak modu kementsu eta eraginkorrean tratatuz haren sufrimendua arintzeko, agonia jasanezina luzatzea saihestuz, gaixotasunak berak baino sufrimendu handiagoa eragin liezaioketen ahalegin terapeutikoak egokituz; baina inola ere ez du bultzatzen nahita eragitera sufritzen duenaren heriotza, sufritzeari utz diezaion. Medikuntza aringarriaren helburua pertsonaren sufrimendua arintzea da, eta ez sufritzen duenaren heriotza azkartzea sufritzeari utz diezaion».

Atención médica al final de la vida desde la Deontología liburuaren edukien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Deontologia Medikoaren Kodearen papera, gaixoa ez abandonatzeko betebeharra, informatzeko betebeharra, pazienteari sufrimendua eragiten dioten sintomak kontrolatzeko beharra, ahalegin diagnostiko eta terapeutikoa egokitzea, sedazioa, pazientearen balioak eta nahiak errespetatzea, heriotza aurreratzeko nahia duenari arreta, gaixoa hil ondorengo jokabidea, hobeto zaintzeko prestatzeko beharra eta talde lanaren errealitatea.

Egileari buruz

Jacinto Bátiz Cantera Medikuntza eta Kirurgian doktorea da. Familia medikua. Magisterra Zainketa Aringarrietan. Etika eta Deontologia Medikoan aditua. Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko burua 1993tik 2017ra. Ospitale bereko Hobeto Zaintzeko Institutuko zuzendaria 2017tik gaur egun arte. Bizkaiko Sendagileen Elkargoko Deontologia Batzordeko presidentea 2001etik 2019ra. OMCko Deontologia Medikoko Batzorde Nagusiko kidea 2004tik 2023ra. OMCko Bizitzaren Amaierako Arreta Medikoaren Behatokiko kidea 2004tik gaur egun arte. Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako Zainketa Aringarrien Ataleko presidentea 2002tik gaur egun arte. SEMGeko Bioetika taldeko arduraduna 2017tik gaur egun arte. Eta Pía Aguirreche Fundazioko eta Francisco de Vitoria Unibertsitateko Zainketa Aringarrien Katedrako zuzendarikidea.

 

Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko zainketa aringarriak: ongizate ahalik eta handiena bermatzeko ikuspegi integrala

Zainketa aringarriak erosotasun zainketa intentsiboak dira. Arreta integrala eta integratua, zaindu ezin den baina premia ugari dituen gaixotasun baten aurrean: fisikoak, psikologikoak, sozialak eta baita espiritualak ere.

Alderdi horiei erantzutea, gaixoaren, familiaren eta bere pertsona maitatuen ahalik eta ongizaterik handiena bermatzeko, hori da zainketa aringarriek suposatzen dutena.

Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko koordinatzaileak, Julio Gómezek, osasun arretaren arlo garrantzitsu honi buruz zerbait gehixeago aurkezten dizu.

Ez galdu! #GertukoOspitaleBat