Tag Archive for: Diputación Foral de Bizkaia

Gizarte Ekintza Sailak Sestaoko Juan Ellacuría Larrauri adinekoen udal egoitzaren eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko APSTren proiektu bateratua saritu du

Iraupen Luzeko Zainketetan pertsonalizatzeko jardunbide on hoberenei egindako aitorpenak eman ditu Bizkaiko Foru Aldundiak joan den asteartean, abenduaren 12an. Deialdiaren bigarren edizioa da, eta, guztira, 26 hautagaitza aurkeztu dira. Hautagaitzak Bizkaian iraupen luzeko zainketen arloan lan egiten duten erakunde publiko edo pribatuetatik datoz, bai etxean, bai eguneko zentroetan, bai egoitzetan, mendekotasuna duten pertsonei edota ezgaitasuna dutenei ematen zaizkienak. Ekitaldiaren buru Amaia Antxustegi izan da, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua.

Deialdi honen barruan, Eguneroko Bizitza eta Bizitza Esanguratsua kategoriaren barruan, sariak ebaluatzeko batzordeak aipamen berezia egin dio ‘Laztandu Ellacuría’ jardunari, Sestaoko Juan Ellacuría Larrauri adineko pertsonen udal egoitzak eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak ezarria.

Gerardo Rodríguez egoitzako zuzendariak, Amaya Cuevas zentro horretako psikologoak, eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko koordinatzailea den Julio Gómez doktoreak jaso zuten Aldundiaren aintzatespena.

Aipamen bereziarekin aitortzen den proiektua Sestaoko udal egoitza honek Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitalearekin duen lankidetza hitzarmenaren esparruan garatzen da, “la Caixa” Fundazioak sustatutako gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonentzako arreta psikosozialeko programaren barruan. Hitzarmen horren arabera, Ospitaleko Arreta Psiko-Sozialaren Taldeko (APST) profesional bat, Legendika Zuazua psikologoa, astero joaten da egoitzara bere lana egitera, zentroko profesionalekin batera jardunez. Ospitaleko Nereida Corral psikologoak ere parte hartu du proiektuaren diseinuan.

Hartara, ‘Laztandu Ellacuría’ proiektua egoitza ingurunean dementzia oso aurreratuarekin bizi diren Sestaoko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko proposamena da. Ekimen honek pertsonengan eta harremanetan jartzen du arreta, eta laguntza soziala eta emozionala eskaintzen du zentzumenak estimulatzeko jarduera esanguratsuen bidez.

‘Laztandu Ellacuría’ proiektuko saioak talde esparru batean egiten dira, eta, horietan, banakako hurbilketa multisentsoriala egiten da, haren biografia sentsorialaren arabera. Hala, egoiliarrarekin harremanetan jartzen saiatzen da ukimenaren, soinuaren, usaimenaren, ikusmenaren, gustuaren eta mugimenduaren bidez, erosotasunerako eta gizarte elkarreraginerako gune bat eskaintzeko, bere inguruko pertsonak, esate baterako familiakoak, boluntarioak eta profesionalak partaide dituena.

‘Laztandu Ellacuría’-k, Sestaoko Juan Ellacuría Larrauri adineko pertsonen udal egoitzaren barruan espazio erregularra eta egituratua eskaintzea du helburu, gizarte erosotasun eta interakzio esanguratsuz hornitua, dementzia aurreratua duen pertsonaren bizi kalitatea hobetzeko, eta laguntza informaleko sarea osatzea bere beharrizan psikosozialei erantzuteko.

Xede horiek lortzeko, proiektuak arreta indibidualizatu egiten du, eta arreta jasotzen duen pertsonaren lehentasunetara eta nahietara egokitzen du, familiaren eta zentroko langileen zainketekiko gogobetetasuna hobetuz.

Ondorio gisa esan daiteke ‘Laztandu Ellacuría’ saiatzen dela identitate pertsonalaren zentzua sustatzen, arreta aldez aurretik planifikatzeko aukera bat sortzen eta dementzia aurreratua duten egoiliarren inguruko sare soziala aberasten.