Tag Archive for: centenario

ETB-2k Ospitalearen mendeurrenari buruzko dokumentala emango du urriaren 4an

Urriaren 4an, larunbata, 10:30ean (penintsulako ordua), “LOS PRIMEROS CIEN AÑOS” dokumentalaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dugu ETB2n (Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea 1924an sortu zenetik).

Arte zinematografikoaz eta giza konpromisoaz gozatzeko aukera paregabea da, Gaizka Urresti zuzendari eta ekoizle exekutiboak, Fernando Velázquez musikak, Ivan Miñambres ekoizle teknikoak eta Carlos Sobera ahots narratzaileak gure historiaren hain orrialde zirraragarria kontatzeko orduan erakutsi dutena.

Lagun gaitzazu larunbat honetan kontakizun zirraragarri hau berpizten.

 

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak bere mendeurrena kontatzen duen dokumentala aurkezten du: Lehen ehun urteak

Guggenheim Bilbao Museoak Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen  mendeurrenean, bere jaiotza, historia eta etorkizunari buruzko Lehen ehun urteak izeneko dokumentala estreinatu du. Ekitaldian 300 pertsona baino gehiago izan ziren, horien artean, Ekonomia, Lan eta Enplegu lehendakariorde Mikel Torres, eta Santurtziko eta Portugaleteko alkate Karmele Tubilla eta Maria Jose Blanco, beste hainbat pertsona ezagunen artean. Honako hauek egin zieten harrera agintariei: Fuensanta de Icazak, Fundación Benéfica Aguirre-ko presidenteak; Mariano Bernabé Anaiak, San Joan Jainkoarena Anaien Komunitateko nagusiak; Vicente Fernández Zuritak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko zuzendari-kudeatzaileak; eta Elena Urdanetak, Espainiako Probintziako San Joan Jainkoarena III. Lurralde Unitateko zuzendariak.

Proiektu hau Gaizka Urrestiri eman zitzaion, beste sari batzuen artean Film Labur Onenaren 2014ko Goya Sariaren eta Dokumental Onenaren 2023ko Goya Sariaren irabazleari. Era berean, Fernando Velázquez musikagile eta orkestra zuzendari getxotarraren musika zuzendaritza du (Jatorrizko Musika Onenaren 2017ko Goya Saria), eta ahots narratzailea Carlos Sobera Barakaldoko aktore eta telebista aurkezle ospetsuarena da. Gidoia Josebah Espesok garatu zuen, eta lan hori koprodukzioarekin uztartu zuen, Docor Comunicación-ekin koordinatuta. Agentzia hori koprodukzioaz eta proiektua gainbegiratzeaz arduratu da.

Ekitaldian zehar omenaldia egin zitzaion Iñaki Blancori, ADISA Santurtzi-ko sortzaile eta presidenteari. Ospitaleko paziente pediatrikoa izan zen hamarkada batez poliomielitisaren ondorioz, eta dokumentalean jasota dago haren testigantza. Ospitaleko oparia Mireia alabak jaso zuen han bertan. Era berean, Santurtziko eta Portugaleteko alkateek eta lehendakariordeak, eta obraren zuzendariak berak ere jaso zuten aintzatespena.

Sufritzen duten pertsonei laguntzeko lankidetzak duen indarra da Lehen ehun urteak dokumentalaren atzean dagoen ideia. Egileek nabarmendu dutenez, dokumental hori giza bizipenez, erretratuz, lorpenez eta gainditutako ezbeharrez josita dago, eta —egina izan den moduagatik—, ikus-entzunezko lan disruptiboa da, mugak eta beharrak dituztenen bizitzak hobetzeko ahalegina, ekarpena eta grina biltzen dituena.

Gaizka Urresti zuzendariak azpimarratu zuen bezala, «niretzat film bat beti da ikasketa prozesu bat, aurkikuntza prozesu bat. Istorio bat kontatzeko, hori bizi eta bertan sakondu behar dut, kasu honetan, San Joan Jainkoarenaren historiari buruz dokumentatuz, Agirre familiari buruz, etab.».

Esan zuenez, «nire kasuan, erronka bat zen nire haurtzaroko, nire nerabezaroko paisaiaren parte izan den ospitale baten historia kontatzea, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearena, harengandik 100 metrora bizi bainintzen, Portugaleten. Dokumentala egiteak bere historia deskubritzea ekarri du, nola sortu zen, zein helbururekin inauguratu zen 24. urtean, ongileen historia, San Joan Jainkoarenaren historia, Ospitale Ordenarena, bere balio humanistak aurkitzea, zeruan baino gehiago lurrean paradisua bilatzeaz arduratuta …».

Zuzendari sarituaren ustez, lanak Ezkerraldean eta Bilboko Itsasadarrean osasungintzak izan duen bilakaera islatzen du. «Ez Euskadin oro har, baina bai Itsasadarrean bereziki. Nola igaro den langileek eta haien familiek pairatzen zituzten baldintza oso kaltegarrietatik beste osasun arazo batzuk dituen egungo biztanleriara, agian aurreko mendeko 20, 30 eta 40ko hamarkadetan haurrek pairatzen zituztenak baino akutuagoak ez direnak».

Dokumentalaren grabazioan sortutako beste ikasketa bat ere aipatu zuen Urrestik, maila nazionalean dagoen osasun profesionalen eskasiari buruzkoa. «Erronka hori ez da egun gutxitan konponduko; aitzitik, osasun profesional berriak prestatzeaz arduratu beharra dago, osasun publiko eta pribatu ona izateko», adierazi zuen.

Bestalde, Fuensanta de Icaza, Aguirre Ongintza Fundazioko presidenteak adierazi zuenez, «duela ehun urte, nire birraitona Pedro de Icaza y Aguirrek, Pedro eta Domingo Aguirre Basagoiti osaben agindua betez, hiru fundazio jarri zituen martxan Bizkaiko lur maite honen eta bertako jendearen aurrerabideari laguntzeko: Fundación Vizcaína Aguirre, Fundación Agrícola Aguirre eta Fundación Benéfica Aguirre. Azken horrek, San Joan Jainkoarenako anaiekin Santurtzin 50 urtez baino gehiagoz hezurretan malformazio larriak zituzten haur ugari artatu zituen Etxe eta Klinika bat ireki zuen. Haurren klinika hori ospitale orokor bihurtu zen denborarekin, norabide berriak hartu zituen, beste espezialitate mediko askotako profesionalei ateak ireki zizkien eta, gaur egun, XXI. mendean, inplikatutako guztiok harro sentitzen garen errealitatea izaten jarraitzen du».

«Nire arbasoek», jarraitu zuen azaltzen Fundazioko presidenteak, «fundazio horiek eta haiei lotutako proiektuak martxan jarri zituztenean, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa edo Ekonomia Soziala bezalako kontzeptuak ez ziren oraindik definitu. Haiek izan ziren gizarte ekonomiaren aitzindariak. Enpresariak eta ekintzaileak izan ziren, eta jakitun izan ziren enpresen garapenak eta hazkunde ekonomikoak bizi garen gizartea hobetzen laguntzen dutenean bakarrik lortzen dutela erabateko zentzua, gizarte horren ardura guztiok baitugu. Konpromiso horren historia da Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen ehun urteko historia. Ikus-entzunezko formatuan kontatzea merezi zuen historia».

Bestalde, San Joan Jainkoarena Anaien Komunitateko nagusia den Mariano Bernabe Anaiak eskerrak eman zizkien «Ospitaleak mende oso batean bizirik jarraitzea ahalbidetu duten pertsona guztiei, haien ahalegin, dedikazio eta konpromisoagatik». Era berean, eskerrak eman zizkien «guregan konfiantza izaten jarraitzen duten gaixorik dauden pertsona guztiei eta haien familiei, Fundación Benéfica Aguirre eta Fundación Vizcaína Aguirre, emandako laguntzagatik» Eta esker oneko hitzak ere izan zituen «gugan konfiantza jartzen duten eta elkarrekin aurrera egiten uzten diguten erakunde publiko eta pribatu guztientzat, egunez egun, Bizkaiko herritarren osasun arreta hobea izan dadin. Horiek guztiek posible egiten dute San Joan Jainkoarenaren moduko abegikortasuna praktikatzen jarraitzea, aldatzen ari den mundu batean».

Vicente Fernández Zurita Santurtziko San Joan Jainkoarena ospitaleko zuzendari-kudeatzaileak baloratu zuenez, dokumentalak «epopeia bat kontatzen du, Berangotik Mexikora garamatzana, Liberia, Granada, Erroma edo Santurtzitik igarota, eta kontatzeke zegoena. Gaur harro ikus dezakegu azken lana, hamar bat Goya eta Ondas sari pilatzen dituen talde profesional baten lanari esker, Gaizka Urresti zuzendaria eta Fernando Velázquez musika konpositorea buru, eta Carlos Soberaren laguntzari esker».

Ospitaleko zuzendari-kudeatzailearen ustez, «ezohiko ekimena da, eta are gehiago kontuan hartzen badugu irabazi asmorik gabeko erakundeek sustatu dutela, hala nola Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak eta Fundación Benéfica Aguirre-k. Eta ezohikoa da estreinatzeko aukeratu dugun lekua ere, Guggenheim Museoa, sormena hartzeko ingurune ezin hobea, Santurtziko San Joan Jainkoarena bezalako ospitale bat borondate onez argitzeko beharrezkoa izan zen bezala».

Lehen ehun urteak dokumentalaren estreinaldia Adela Ucarrek gidatu zuen. Hura ikusi ondoren, elkarrizketa izan zen ekoizpen taldeko kideekin, eta, ondoren, koktel alai bat izan zen Guggenheim Bilbao Museoaren atarian. Obra honen estreinaldiak amaiera eman dio Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak bere mendeurrena ospatzeko martxoaren 1ean hasi zuen ekitaldi programari.

Bilboko Koral Elkarteak Mozarten ‘Koroatze Meza’ interpretatuko du Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalean

Datorren uztailaren 5ean, ostirala, 19:30ean, Bilboko Koral Elkarteak Wolfgang Amadeus Mozarten ‘Koroatzearen Meza’ interpretatuko du Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko kaperan, Ospitalearen mendeurrenak aurreikusitako ekitaldi-programaren barruan.

Do Maiorreko Meza Nagusia K.317, ‘Koroatzearen Meza’ bezala ezaguna, errepertorio sinfoniko-koral sakratuaren obra garrantzitsuenetako bat da. Kasu horretan, ospitaleko kaperako Melcher hodi-organo bikainarekin interpretatuko da. Obra kaperako korutik abestuko da eta kontzertuaren bigarren zatia, presbiteriotik. Enrique Azurza izango da Koral Elkarteko zuzendaria eta Alberto Sáez organista interpretatzailea. Abeslariei dagokienez, Estibaliz Sanchez sopranoa, María José Zalbide mezzo-sopranoa, Josu Cabrero tenorea eta Gexan Etxabe baritonoa izango dira.

‘Koroatzearen Meza’ interpretatu aurretik, Valentín María de Zubiaurre, Gabriel Fauré, Maurice Duruflé, Sergey Khvoshchinsky eta Javier Busto egileen abesbatzak eta organorako lanak sartu dira egitarauan.

Organo eta tronpetarako aurreko kontzertua bezala, joan den maiatzaren 23an Santurtziko ospitalean egindakoa, sarrera librea eta doakoa da edukiera bete arte, nahiz eta Caixa Banken ES98 2100 1556 1602 0014 5980 kontuan obalo bat eginez lagundu daitekeen. Bildutako diru guztia Liberiako (Afrika) New Kru Towneko San Joan Jainkoarena klinikarekin ospitaleak egiten duen garapenerako nazioarteko lankidetza-proiektura bideratuko da.

Ekitaldi kultural eta solidario hau Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen mendeurreneko ekitaldien urteroko egitarauan sartzen da.

Santurtziko San Joan Jainkoarenak aipamen berezia jaso du Antonio Menchaca Fundazioaren Elkartasun Sarietan

‘Aita Mari’ etorkinak erreskatatzeko ontzia, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea, Aintzane Monteverde (San Nicolas Zabalik), Muskizko Somorrostro elizbarrutiko prestakuntza-zentroa eta Begoña Agirrezabal (Arangoiti) saritu zituen Antonio Menchaca Fundazioak bere 50. urteurrenean. Sari Solidarioek hogeita laugarren edizioa izan zuten.

Bilboko Antonio Menchaca Fundazioaren Elkartasun Sariek honako hauek saritu dituzte aurten: Aita Mari etorkinen itsas erreskaterako ontzia, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEarena, dagoeneko mila pertsona baino gehiago salbatu dituena Mediterraneoan; Begoña Aguirrezabal, Karidadeko alaba, Luisa de Marillac elkartearen sortzailea, bere gizarte-zentroaren bitartez Bilboko Arangoiti auzoan integratzeko egindako lanagatik; Muskizko Somorrostro Heziketa Zentroa, ikasleekiko elkartasun-programengatik; eta Aintzane Monteverde, San Nicolas Zabalik etorkinen arretarako Algortako zentroko presidentea. Azken hori izan zen, hain zuzen ere, joan dan martxoaren 8an Bilboko elizbarrutiak onartutako 8 emakumeetako bat.

Antonio Menchaca Fundazioak ere aipamen berezia egin zion Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleari. Aitormena Vicente Fernández Zurita ospitaleko zuzendari-gerenteak jaso zuen, Hno Mariano Bernabé, Anaien Erkidegoko nagusia, eta De Icaza, Fundación Benéfica Aguirreren presidentea, lagun zituela.

Vicente Fernández Zuritak esker oneko hitzaldian adierazi zuen bezala, «gaur egun, malformazio osteomuskular larriak dituzten umeez arduratzen hasi eta mende batera, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea euskal sistema sanitario eta soziosanitarioan integratuta dago. Osasun Sailaren, Osakidetzaren eta Bizkaiko eta Arabako foru-aldundien konfiantza ez ezik, mutualitateena, aseguru-konpainiena eta, nola ez, Bizkaiko herritarrena ere badugu».

Adierazi zuenez, «abangoardiako asistentzia bati, bai profesionaletan, bai teknologia eta instalazioetan, gure egunerokoan, berezi egiten gaituen zerbait gehitzen diogu: abegikortasunaren karisma. Karisma horrek osatzen du gure funtsa erakunde gisa, eta gure izaera solidario argia zehazten du».

Fundazioaren esanetan, sarien helburua da «elkartasunaren eta gizarteratzearen arloan etengabe lan nabarmena egin duten pertsonei edo kolektiboei aintzatespen publikoa egitea».

Aurreko urteetan saritutako erakundeen eta pertsonen artean, behartsuenei laguntzeko arloan erreferente nabarmenak daude: Caritas, Aita Angel, Open Arms, ETB Maratoia, Luis Lezama, Aspace, ONCE edo Jesús Pérez Arrospide “Periko”, besteak beste.

Mende erdiko bizitza

Antonio Menchaca Careaga idazle eta filantropo bilbotarrak sortu zuen 1974an, Antonio Menchaca de la Bodega aitaren omenez. Fundazioak 50. urteurrena ospatuko du aurten.

Antonio Menchacaren dirulaguntzen helburua ez da dagoeneko aitortuta dauden erakunde txiki gutxi batzuen biziraupena finantzatzea, baizik eta erakunde txiki askori laguntzea oinarrizko proiektu solidarioetan, askotarikoetan, zehatzetan, ukigarrietan eta neurgarrietan, patronatuak gertutik bisitatu eta jarraitzen baititu ekintza horiek.

Menchaca Fundazioak 156.000 euro inguru ematen dizkie urtero erakunde solidarioen 30 bat proiekturi; guztira, 3,5 milioi eurotik gorako laguntzak dituzten 550 gizarte-proiekturi baino gehiagori.

San Joan Jainkoarenak Bilboko Elizbarrutiko ospitaleetako arreta espiritual eta erlijiosoko taldeen topaketa hartuko dau

Bere mendeurrenean aurreikusitako ekitaldien egitarauaren barruan, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak Bilboko Elizbarrutiaren barruko ospitaleetako arreta espiritual eta erlijiosoko zerbitzuen (AEEZ) topaketa bat hartu dau.

Bertan izan ziran Bilboko elizbarrutiko ospitaleetako arreta espiritual eta erlijiosoko taldeetako 50 bat laguntzaile, horietako 17 zerbitzu honeen ordezkari lez, ospitaleko osasun-zentro publiko zein pribatuetan pertsonaren eremu espirituala artatzeaz arduratzen diranak. Horrela, SAERen arduradunek pazienteei eta senideei «laguntza integrala ematen laguntzen dute, alderdi biologikoak, psikologikoak eta sozialak nahiz espiritualak ulertuta», nabarmendu zuen Ines Becerra Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko SAEReko arduradunak, ekitaldiaren antolatzaile eta moderatzaileak.

“San Joan Jainkoarenean arreta espiritualaren gakoak” lelopean, Hno. José María Bermejo, San Joan Jainkoarena Ospitale Ordenako kontseilari probintziala, eta Lourdes Casas, erakunde honetako III. Lurralde Unitateko Espiritualtasun koordinatzailea. Irekiera ekitaldian, bi hizlariek Hno izan zuten lagun. Mariano Bernabé, Ospitaleko Anaien Erkidegoko goi-karguduna, eta Vicente Fernández Zurita, osasun-zentro honetako zuzendari-gerentea.

Hitzordura berrogeita hamar pertsona inguru joan ziren, besteak beste, apaizak, SAERen ordezkariak, profesional sanitarioak eta ez-sanitarioak, laguntzaileak, boluntarioak eta San Joan Jainkoarena Ospitale Ordenako anai-arrebak.

«Elizbarrutiko ospitaleetako AEEZ taldeen artean bizipenak eta ezagutza partekatzeko aukera paregabea izan da. Oraingoan, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalean bildu gara, bere mendeurrena dela eta», adierazi zuen Ines Becerrak.

AEEZeko arduradunarentzat, «topaketa sakon eta, aldi berean, lasaia» izan zen, eta «espiritualtasunari buruzko prestakuntza, otoitz eta elkarrizketarako» garaia izan zen. Bilera hori «motibazio-dosi handia izan zen ospitaleetan egunerokotasunarekin jarraitzeko, sufritzen ari direnekin eta ahulenekin batera».

Arreta espiritual eta erlijiosoko zerbitzuen erantzukizunen artean, honako hauek aipa daitezke: lagun egitea, hainbat kredotako aholkulari espiritual edo erlijiosoekin harremanetan jartzea, Elizako sakramentuak administratzea, eta ospitaleko gelako intimitatean otoitzean laguntzea. Era berean, SAERen arduradunek Ospitaleko hainbat zerbitzutako pertsonen lankidetza koordinatzen dute, beren denbora borondatez eskaintzen baitute.

«AEEZek pertsonaren askatasuna defendatzen eta errespetatzen dute, eskaintza hori libreki eta doan onartu behar baita», adierazi zuen Inés Becerrak.

Topaketako jardueren artean, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea bisitatu zen hainbat talde txikitan. Ondoren, ospitaleko kaperan otoitz bat partekatu zen, “Isiltasun espazio” labur bat sortuz.

Jarduera gehienak egin ziren ospitaleko ekitaldi-aretora itzuli ondoren, bertaratuei harrera egin zitzaien, eta, ondoren, San Joan Jainkoarenako arreta espiritualaren eta erlijiosoaren gakoei buruzko elkarrizketa ireki bat egin zen.

Azkenik, “Elkarrizketak kafe baten inguruan” saioa egin zen, eta ondoren, bilera amaitu zen.

 

Organo eta tronpeta kontzertu solidarioa izango da ostegunean Ospitalean

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko kaperak organoz eta tronpetaz osatutako kontzertu solidarioa hartuko du datorren ostegunean, maiatzak 23, 19:00etatik aurrera. Sarrera librea eta doakoa da, lekua bete arte. Bertaratzen diren eta nahi duten pertsonek obalo bat egin ahal izango dute, eta New Kru Towneko (Liberia, Afrika) San Joan Jainkoarena Klinikarekin ospitaleak egiten duen garapenerako nazioarteko lankidetza-proiekturako erabiliko da. Ekitaldi kultural eta solidario hau Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen mendeurreneko ekitaldien urteroko egitarauan sartzen da.

Norbert Itrich organistak eta Basilio Gomarin tronpetistak errepertorio hau interpretatuko dute: Franz Joseph Haydnen ‘Meza laburra San Joan Jainkoarenaren omenez si bemol maiorrean’, Jeremiah Clarkeren ‘Suitea re maiorrean’, Johann Sebastian Bachen ‘Tocata y fuga en re minorrean’, Georg Friedrich Händelen ‘Suite en re maiorrean’ eta Ennio Morriconeren ‘La Misión’ soinu-bandaren aukeraketa bat.

Interpreteei dagokienez, Norbert Itrich, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko kaperako tutu-organoan errepertorioa interpretatuko duena, organista ezaguna da Europan organo-musikari egindako ekarpenengatik. Hainbat proiektu eta jaialditan parte hartu du, eta bereziki aipagarria da organoak zaharberritzen eta eraikitzen egindako lana.

Santanderreko Katedralaren organoa da bere proiekturik nabarmenetako bat. Organo hori bakarra da kontsola mugikor batek kontrolatzeko duen gaitasunagatik, eta, horri esker, organo-jolea ikusgai izan daiteke emanaldietan zehar.

Itrichek nazioarteko organo-jaialdietan ere parte hartzen du, hala nola Torreciudadeko Nazioarteko Organo Zikloan. Bertan, beste musikari batzuekin batera aritu da, instrumentu historikoen eta garaikideen konbinazioa erabiliz. Gainera, obra klasikoen interpretazio ugari egin ditu Europa osoko kontzertuetan, eta interpretatzaile moldakor gisa finkatu da, organoaren arteari eskainia.

Bestalde, Basilio Gomarin kantabriar tronpeta-jotzailea da, Santanderrekoa. Udal Akademian eta Kantabriako hiriburuko Jesus de Monasterio Kontserbatorioan ikasi zuen. Ikasketak Madrilen jarraitu zituen José Chicanorekin eta hiri horretako Goi Mailako Errege Kontserbatorioan José Ortírekin, kontserbatorioan ikasketak amaituz. Tronpeta naturalaren erreferentea da Espainian, eta tronpeta barrokoaren interpretazioan nabarmendu da.

 

Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak (ACMB/BMZA) eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute bi erakundeek osasunaren sustapenaren arloan antolatzen dituzten prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak garatzeko. Agurtzane Ortiz ACMB/BMZAko lehendakariak eta Vicente Fernández Zurita ospitaleko zuzendari-gerenteak sinatu zuten dokumentua.

Sinaduraren ekitaldia Zainketa Aringarrien Jardunaldiaren inaugurazioan egin zen, San Juan de Dios asistentzia-eredua oinarri hartuta. Jarduera hori Santurtziko San Juan de Dios Ospitalearen mendeurreneko ekitaldien urteko programaren barruan dago, eta 300 lagunetik gora bildu zituen Deustuko Unibertsitateko Mendeurrena auditoriumean, Bilbon.

Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleak eta Bilboko Mediku Zientzien Akademiak Bilboko Mediku Zientzien Akademiak antolatzen dituen prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak garatzen laguntzea da akordioaren xedea. Jarduera horiek banaka zehaztuko dira lankidetza-hitzarmenaren eranskin espezifikoak ezarriz.

Bi erakundeek sinatutako hitzarmeneko prestakuntza-jardueren edukiak osasun-laguntzaren edo osasun publikoaren arlokoak dira nagusiki. Hala ere, osasun-laguntzarekin edo osasun publikoarekin zerikusia duen beste edozeinetara zabaldu ahal izango da.

Vicente Fernández Zurita pozik agertu zen hitzarmena sinatu ondoren, bere esanetan, «ehun urteko bi erakunde lotzen dituelako eta, bakoitzak bere esparruan, prestigio sozial eta profesional handia dutelako». Adierazi zuenez, «biek, Akademiak eta Ospitaleak, administrazio publikoen konfiantza izan dugu gure ibilbidean — eta gaur egun ere badugu —, Bizkaiko herritarren osasuna hobetzeko etengabeko lankidetzan. Horixe da, ez gehiago ez gutxiago, gure izateko arrazoia eta, era berean, hitzarmen honen azken helburua».

Bestalde, Agurtzane Ortizek ere parte hartu zuen zainketa aringarrien jardunaldian, hizlari gisa, Euskal Herriko Unibertsitateko Neurozientzietako irakasle gisa, eta honako hau nabarmendu zuen: «gure bi erakundeak duela ehun urte baino gehiago jaio ziren, Bizkaiko biztanleen osasuna eta bizi-baldintzak hobetzeko beharra argi zuten hainbat pertsona nabarmenen ahaleginari esker. Bultzada handi horren ondorioz, eta ahalegin horren oinordeko, bizirik mantentzen dugu osasun-profesionalen bikaintasunerako zerbitzu publikoaren eta prestakuntzaren espiritu hori».

Bilboko Medikuntza Zientzien Akademia 1895ean sortu zen. 125 urte baino gehiagoko historian zehar, osasun- eta gizarte-lan garrantzitsua egin du, bere atal akademikoen bitartez artikulatzen duena. Hasieratik, Medikuntza, Farmazia, Biologia, Odontologia eta Albaitaritzako profesionalek osatutako erakunde aske eta diziplina anitzekoa bezala definitu zen, bere adierazpen-organoa Bilboko Kazeta Medikoa sortuz. Argitalpen hau Akademiaren aldizkari zientifiko ofiziala da eta Espainiako aldizkari biosanitarioen dekanoa. 2012az geroztik, modu digitalean argitaratzen da, eta web-atari propioa du, aldizkaria libreki eta doan eskaintzen duena. Interneteko helbidea hau da: www.gacetamedicabilbao.eus.

Santurtziko San Juan de Dios ospitalea, 1924an Aguirre Ongintza Fundazioak sortua, irabazi asmorik gabeko ospitale mediko-kirurgikoa da, San Juan de Dios Ospitale Ordenak kudeatua eta bere printzipio eta balioen arabera sustatua. Kontsulta-, diagnostiko-, kirurgia- eta ospitaleratze-jarduera ugari egiten ditu, eta teknologia-, lanbide- eta egitura-bitarteko modernoenak ditu horretarako.

Arreta humanizatua, hurbila eta integrala eskaintzen du, diagnostiko, tratamendu, zainketa eta errehabilitaziotik hasita, bai akutua bai kronikoa, gaixotasunaren fase aurreratuetan eta bizitzaren amaieran, bai ospitaleratze-erregimenean, bai etxean. Hori guztia, sendatzeko, mina arintzeko eta ongizatea lortzeko, eta giza talde integratu eta arduratsu baten inplikazioari esker.

Osasun-zerbitzuak ematen dizkie, batez ere, eragin-eremuko biztanleei (Ezkerraldeari, Eskuinaldeari, Meatzaldeari eta Bilbo Handiari), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, aseguru-etxeekin, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen mutualitateekin eta, era berean, paziente pribatuarekin egindako akordioen bidez.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak zainketa aringarriak eman zizkien iaz 700 pertsona ingururi

300 lagun baino gehiago bilduko dira gaur Deustuko Unibertsitateko Mendeurrenaren auditoriumean Zainketa Aringarrien Jardunaldira, San Joan Jainkoarenaren asistentzia-eredutik abiatuta. Jarduera hori Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen mendeurreneko ekitaldien urteko programaren barruan dago. Hala, hainbat diziplinatako eta Espainiako hainbat lekutatik etorritako dozenaka profesionalek eremu soziosanitario horretako gai garrantzitsuenak eta San Joan Jainkoarenako Ospitale Ordenak duela hamarkada batzuetatik egiten duen ekarpena eta eginkizuna jorratzen dituzte foro honetan. Ekitaldiak IDOM konpainiaren laguntza du.

Inaugurazioan Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua izan zen. Bere hitzetan, “San Joan Jainkoarenaren historia zerbitzu publikorako bokazioarekin garatu da beti eta, horrela, arreta aringarriaren ibilbidea ia aldi berean hasi zen Santurtziko San Juan de Dios Ospitalean eta Osakidetzan”.

Sailburuak entzuleen aurrean adierazi zuenez, «Osasun Saila eta Osakidetza pozik daude Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaletik gure pazienteek jasotzen duten arreta aringarriarekin, duela urtebete aurkeztu zen Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoaren helburuei erantzuten baitiete».

Vicente Fernández Zuritak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko zuzendari-gerenteak, inaugurazioan esan zuenez, zentro honek, bere ehun urteetan zehar, «gizartearen beharrizan berriei erantzun die, horietara egokituz eta ahalik eta zerbitzurik onena eskainiz Bizkaiko pertsonei eta, bereziki, Ezkerraldeko eta Enkarterrietako eskualdeetakoei».

Ospitale horren mendeurrenaren ospakizunaren testuinguruan, Fernández Zuritak zainketa aringarrien prestazioari balioa emateko nahia plazaratu zuen. «1993an zainketa aringarrien zerbitzua abian jarri zenetik, azken 30 urteetan gure inguruko biztanleengan eragin handiena izan duen jardueretako bat izan da. Ordutik 10.000 gaixo baino gehiago eta haien familiak artatu dira».

Ospitale-aginduaren konpromisoa

Hno. José María Bermejo, San Joan Jainkoarena Ospitale Ordenako kontseilari probintziala, izan zen inaugurazio hitzaldiaren arduraduna, “Zainketa aringarrien eta San Juan de Dios erakundearen printzipio inspiratzaileak” izenburupean. Adierazi zuen bezala, «Espainiako San Juan de Dios Ospitale Agindua aitzindaria izan da arreta aringarrian, bere asistentzia-eredua gidatzen duten balioetan oinarrituta: erantzukizuna, errespetua, kalitatea, espiritualtasuna eta abegikortasuna. Horregatik, zainketa aringarrien eredu “juandedianoaz” hitz egin daiteke».

Hnoarentzat. Bermejo, «Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen mendeurrena ospatzeak aukera ematen du Ordenako hainbat zentrotan metatutako esperientzia partekatzeko eta zainketa aringarriak bultzatzen jarraitzeko, San Juan de Dios Ospitale Ordenaren konpromisoetako bat baita sufritzen duten pertsonekin».

Datu asistentzialak

Julio Gómez jaunak, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko zuzendariak, honako hau adierazi zuen ekitaldian: «2023an, 465 pertsonak jaso zituzten erosotasun-zainketa horiek ospitalean, eta 222 paziente artatu zituzten etxean. 687 lagunetatik, % 60 inguru paziente onkologikoenak izan ziren».

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Arreta Psikosozialeko Taldeak (EAPS) ematen du zerbitzua, bai Bizkaian, bai Araban, gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonei arreta integrala emateko programaren barruan. Programa hori “la Caixa” Fundazioak jarri zuen abian 2008an, eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bermatzen du. Hala, osasun-prestazioa osatzeko, esku-hartze psikosoziala eta espirituala eskaintzen duen talde profesional bat dago, pazienteek eta senideek arreta integrala jaso dezaten. «2023an, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko EAPSk 436 paziente, 697 senide, 123 pertsona doluan eta 21 dolu-talde artatu zituen», adierazi zuen Julio Gómez doktoreak.

Bizitzaren Amaiera eta Bakardadea programari dagokionez, gaixotasun aurreratua duten pertsonen bakardadeak eragindako sufrimendua arintzeko helburua duena, boluntarioei lagunduz, «2023an 709 boluntariok egoera horretan zeuden 1.446 pertsona baino gehiagori laguntzea ahalbidetu zuen, eta guztira 27.000 lagun baino gehiago egin ziren iaz».Gomez doktoreak nabarmendutako beste programa bat Santurtzikoa izan zen: Herri Zaintzailea-Komunitate Zaintzailea. Santurtziko herria ahultasun handiena duten pertsonen zaintzan erreferentziazko komunitate bihurtzea du helburu, humanismoa, elkartasuna, errukia eta parte-hartze soziala sustatuz eta partekatuz. Programa horren barruan hamar hitzaldi egin ziren iaz, eta 300 pertsona baino gehiago bertaratu ziren.

Hobeto Zaintzeko Institutua

Bestalde, Jacinto Batiz batzorde zientifikoko presidente eta jardunaldiaren antolatzaile eta Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Hoberako Institutuko zuzendariak adierazi zuenez, San Juan de Dios Ospitale Ordenako zentroetan ematen diren zainketa aringarriak «ez dira beren zentroetan lan egiten dugun profesional gutxi batzuen ideiak, baizik eta laguntza solidarioko, integraleko, profesionaltasun egokiko, humanizazio bikaineko filosofia da, etika kementsu baina zuhur baten barruan, eta, betiere, sufritzen ari den pertsonari eta haren familiari arreta emateko zentro gisa hartuta».

Batiz doktoreak Hobeto Zaintzeko Institutuaren zifrak ere argitaratu zituen. 2023an 39 dibulgazio-ekintza, 33 prestakuntza-jarduera eta 10 ikerketa-ekimen egin zituen, eta guztira 69 aldiz eman zuen aholkularitza.

Mendekotasuna duten Helduen Desgaitasun Fisikoko Unitatea (UDFAD)

Jardunaldian, Hno. Miguel Ángel Varonak, Mendekotasuna duten Helduen Desgaitasun Fisikoaren Unitateko (UDFAD) arduradunak, azaldu zuen 2023an 25 pertsona artatu zirela egoitza-dispositibo horretan, eta guztira 7.684 egonaldi izan zirela.

UDFADa desgaitasun fisiko larria edo oso larria duten eta mendekotasun larria edo handia duten helduentzako egoitza-gailua da. Ezaugarri espezifikoak direla-eta, zaila da Bizkaiko lurralde historikoan gizarte-sareko edo sare soziosanitarioko ohiko baliabide komunitarioetan zaintzea eta erabiltzea. Pertsona horiek Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmen bati esker artatzen dira.

Poema sinfonikoa Ebola

Ebola poema sinfonikoaren aurkezpenarekin itxi zen ekitaldia, Hno. Ramón Castejón, San Joan Jainkoarena Ospitale Ordenakoa. Aurkezpen hori ebolaren birusak Afrikan sortutako gaixotasunaren agerraldi hilgarrienaren hamargarren urteurrenarekin batera egin zen, eta milaka pertsona hil ziren, horien artean, San Joan Jainkoarena Ospitale Ordenako ahizpa misiolariak, osasun-profesionalak eta anaiak. Guztiei, Ebolaren biktima guztiei, eskaintzen zaie musika-konposizio hau.

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak “Viviendo en la Frontera” kaleratu du, zainketa aringarrien lehen podcasta, erizaintzako taldeak sustatua

Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalearen mendeurrena dela eta, Deustuko Unibertsitatean, San Joan Jainkoarena asistentzia-eredutik zainketa aringarriei buruzko jardunaldia egin da Bilbon, eta, bertan, Viviendo en la Frontera podcast-a aurkeztu da gaur. Internet bidezko audio-eduki bat da, zainketa aringarrien unitateko erizaintza-taldeak sustatua, «zainketa aringarriak ikusarazteko». Podcastaren entregak hilero egiten dira, eta eskuragarri daude jada Ivoox, Spotify, Amazon Music eta YouTube plataformetan.

Podcastean, medikuntzako, erizaintzako, psikologiako, fisioterapiako, gizarte-laneko, arreta espiritualeko eta erlijiosoko, erizaintzako zaintza osagarrietako, arteterapiako eta boluntariotzako profesionalez gain, gaixoen eta senideen bizipenen testigantzak jasotzen dira, gaixotasun aurreratuetako eta bizitzaren amaierako egoeretan.

Bultzatzaileek, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko erizainek, Estíbaliz Bañalesek eta Nerea Gorostiolak, azaldu dutenez, podcastaren ideia “bizitzaren mugan dauden pertsonen ondoan bizi garen guztiaz hitz egiteko sortu da, haiek zaintzen eta laguntzen ditugun bitartean”.

Viviendo en la Frontera podcasta Santurtziko ospitaleko zainketa aringarrien taldearen «ezinegonetik eta gogoetatik» sortutako proiektua da, «zainketa aringarriak benetan zer diren eta gaixotasunaren prozesuan eta amaiera iristen denean zer den besteei partekatzeko eta hurbiltzeko».

Beldurra kentzea

Estíbaliz Bañales eta Nerea Gorostiola erizainek adierazi dutenez, «ikusgarritasuna eman nahi diegu zaintza horiei, eta haiekin zerikusia duten gauza askori buruz hitz egiteko beldurra kentzen saiatu nahi dugu; heriotzari beldurra, terminal gisa ezagutzen ditugun gaixotasunei buruz hitz egiteko beldurra, eta abar. Emozioez eta emozioei eusteko moduaz hitz egiten ikasi nahi dugu; zaintza horietan zein eginkizun dugun eta eguneroko esperientziak zein diren jakinarazi nahi dugu; bizitzaren amaieran profesionalak nola sentitzen garen zaintzen, eta esperientzia horiek lehen pertsonan bizi dituztenak eta ingurukoak nola sentitzen diren».

Erizainek, beren lanbidean diharduten diziplina anitzeko taldearen izenean, honako nahia nabarmendu dute: «podcasta entzuten duenari laguntzea, lagunduago sentitzea eta gaixotasunari buruz dimentsio guztietan (biologikoa, psikologikoa, soziala eta espirituala), bizitzaren eta heriotzaren amaierari buruz eta doluari buruz hitz egiteko beldurra galtzea».

«Guretzat oso interesgarriak diren eta laguntzen diguten hamaika gai jorratu ahal izatea gustatuko litzaiguke, eta beste pertsona askori lagun diezaieketela uste dugu», adierazi dute azkenean erizainek.

Podcasta mugan bizitzen

Honako plataforma hauetan dago eskuragarri:

Ivoox
https://www.ivoox.com/podcast-viviendo-frontera_sq_f12414691_1.html

Spotify
https://open.spotify.com/show/5BMpT6rQy8myATDOVfVRxS

Amazon Music
https://music.amazon.de/podcasts/f6f343f4-e142-472c-953d-bee676155b14/viviendo-en-la-frontera

Youtube
https://www.youtube.com/playlist?list=PLo6-DdwrG8M4RHGlVrfivbZe1G58-iWyg

 

Erizain liderrek zainketen humanizazioari buruz hitz egin dute

Joan den martxoaren 15ean, Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitaleak, bere mendeurrena dela eta, “Zainketak Humanizatzen” I. Erizaintza Jardunaldia 2024 ospatu zuen. Bertan, ehun profesional inguru bildu ziren gero eta beharrezkoagoa den gai honetan sakontzeko.

Jardunaldia aprobetxatuz, Ospitaleak hainbat profesional elkarrizketatu nahi izan zituen, erizaintzako humanizazioari buruzko gogoetak egin zitzaten: lorpenak, erronkak eta garatzen jarraitzeko bideak.

Esteka honetan ikus daitekeen bideoan, Inmaculada Morok, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Erizaintzako zuzendariordeak, Sendoa Ballesterosek, Bilboko Santa Marina Ospitaleko Erizaintzako Zuzendaritzaren albokoak, eta Marian Lanzagortak, Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Erizaintzako zuzendari eta jardunaldiaren anfitrioiak, hartzen dute parte.